Etxe aldaketa
Oso denbora gutxi egin du blog honek, eta ez dut askotan idatzi, baina zer egingo diogu. Etxez aldatzea erabaki dut. Eskoriatzako blog komunitatea, Eskohitza, izango da nire etxe berria. Logikoa da, izan ere ni naiz garatzailea, eta orain weba guztiz berritzear gaudenean, erabaki dut bertan jartzea nire bloga eta horrela gertuagotik zaintzea Eskohitza, akatsak eta arazoak errazago aurkitu eta konpontzeko. Blog honetako sarrerak ere poliki-poliki hara pasatuko ditut, eta ez dakit oraindik zer egingo dudan oihanguren.com-ekin. Seguruenik nire lanen bilgune gisa utziko dut. Hemendik aurrera, ba, hor duzue nire blog berria.
Hotmail euskaraz erabiltzeko pausuak
Gauza asko esan daitezke euskaraketari buruz (nork ordaindu duen, Microsofti eman dizkioten sariak, etab.), baina une honetan ez naiz horrekin sartuko, Hotmail erabiltzen duzuenoi posta-bezero hau euskaraz erabili ahal izateko zein pausu jarraitu behar dituzuen azalduko dizuet. Izan ere, hala da, azkenean erabil dezakegu Hotmail euskaraz! (orain GMail falta da… eta hori euskaraketa eginda dagoela)
- Sartu Hotmailera eta egin klik “Opciones”en, orriaren eskumaldean, goian. Aukeraz betetako panel bat azalduko da. Bertan Idioma aukera dago, eta seguruenik, Español aukeratuta. Egin klik gainean.
- Hizkuntzaz betetako leiho bat azalduko zaizu, eta zerrendaren bukaeran, guztiz azpian, Euskara aukeratu ahalko duzu. Gero sakatu Guardar.
- Kitto! Orain itzuli hasierara, eta dena euskaraz ikusiko duzu, “Sarrerako ontzia”, “Bidalitakoak”, etab. (Lagun batzuek ez dute lortu guztiz euskaraz ikusi ahal izatean, baina ez dakit zergatik den, espero dut zuei hori ez gertatzea)
Zorionak Librezale!
Gaur, ostirala, banatu dira aurtengo Argia Sariak. Euskarazko aldizkari ezagunak 90 urte betetzen dituen honetan, Sareko Argia Saria Librezale taldeari eman diote; edo eman digute esan beharko nuke, ni ere talde horretako kide bainaiz, beste asko bezala.
Eskertzekoa da Argia Sariek euskararen alde lanean dihardutenei ematen dieten errekonozimendua, eta bide batez aukera daukagu Librezaleren lana eta filosofia zabaltzeko. Ez ahaztu gurea talde irekia dela, eta bertara batzeko gogoa dela behar duzun gauza bakarra.
Bide batez, aurtengo sari-banaketak beste poz bat ere eman dit: “ZaldiEroa”, Patxi Huarte, saritu dute. Ondo merezita!
Ortzia negarrez ari da
Goizean esnatu naiz, eta euria ari zuen. Ez dut ulertu mezua. Berandu jakin dut albistea, Laboa joan zaigu. Ortzia negarrez ari zen. Egun beltza gaurkoa.
Mikelen soinuak aditu aurretik niretzat musika musika zen, ez zuen ezer berezirik suposatzen, sentimenduekin zerikusi gutxi zuen. Berak erakutsi zidan musika ulertzen, sentimenduekin lotzen. Laboa hil zaigu, eta nire barruko zati garrantzitsu bat itzali da. Egun beltza gaurkoa.
Bere ahotsa entzunez negarrez has nintekeen, edo zorionez bete. Ez dakit azaltzen. Ortzia negarrez ari da, baita ni ere. Egun beltza gaurkoa.
Ezin dut abesti gogokoen bat aukeratu, denak maite nituen, hemen zoragarri bat:
Gure hitzak
esan berriz esan
ez daitezela ahaztu
ez daitezela gal,
elur gainean
txori hanka arinek
utzitako arrasto sail
ederra bezalaxeTxorittua norat hua
bi hegalez airianZer dio isiltzen denak
isiltzen denean?Gizon galduak, nork lagunduko?
miseria sufri ezin dutenakOi lur, oi lur, ene lur enea…
Maitea nun zira
nik ez zaitut ikusten
ez berririk jakiten
nurat galdu zira.
Agur eta ohore, Mikel.
Gnomeren panela: disko-muntatzailea
Artikulu hau eta jarraian etorriko diren beste batzuk Gnome mahaigainaren panelak ematen dizkigun aukera interesgarrienak aipatzeko erabiliko ditut. Panel honi esker oso ingurune pertsonalizatua lor dezakegu, eta lan batzuk egiteko askoz denbora gutxiago beharko dugu. Ondo antolatzea da gakoa.
Windowsetik GNU/Linuxera (zehazki Ubuntura) pasatu nintzenean faltan bota nuen aukera bat USB diskoak era errazean desmuntatzeko aukera zen. Jakingo duzue USB bat ezin dela zuzenean atera, bertako datuak galtzeko arriskua dagoelako. Horregatik, adibidez, Windowsek bere ataza-barran ikonotxo bat dauka, muntatuta dauden diskoak era seguruan ateratzeko.
Ubuntun, hasiera batean, ez dugu ikono hori aurkituko, eta diskoak desmuntatu nahi ditugunean mahaigaineko ikonoan saguaren eskumako botoiarekin klikatu eta “Desmuntatu bolumena” aukeratu beharko dugu, edo gauza bera egin Nautilus fitxategi-arakatzailearen ezkerreko albo-barrako ikonotxoan. Egia da ez dela denbora larregi galtzen hori egiterakoan, baina pausu horiek aurrezteko aukera badago, zergatik ez aprobetxatu?
Gnome paneleko tresna batek ematen digu diskoak berehala muntatu eta desmuntatzeko aukera: disko-muntatzaileak. Tresna hau martxan jartzeko urrats hauek eman behar dira:
- Egin klik saguaren eskumako botoiarekin panel baten gainean (goikoan edo behekoan), eta aukeratu “Panelari gehitu…”.
- Agertuko den zerrendan, aukeratu Disko-muntatzailea eta sakatu “Gehitu”.
- Diskoa panelari gehituko zaio.
Une honetatik aurrera, konputagailura konektatuta dauzkazun disko guztiak agertuko zaizkizu panelean, eta haue desmuntatzeko edo muntatzeko (desmuntatuta badaude) aukera izango duzu ikonoan klik eginez. Kontuan izan Windowsek muntatzeko aukerarik ez duela ematen ataza-barrako ikonotik. Gainera, diskoa irekitzeko aukera zuzena ematen dizu, beraz, nire ustez behintzat eroso lan egiteko beharrezko tresna da.
Nola konpondu Ubuntuk Hotmail berriarekin dituen arazoak
Ubuntu GNU/Linux banaketaren erabiltzaileok azkenaldian arazoak eduki ditugu Hotmail berria erabiltzeko. Alde batetik, Hotmail ireki orduko nabigatzailea eguneratzeko eskatzen digun mezu bat erakusten zaigu, eta, beste munduko arazoa ez izan arren, nahiko gogaikarria da aldiro orri hori ikusi beharra.
Bestetik, Hotmail webposta zerbitzu berriarekin ezinezkoa da mezu baten testua idaztea, eta hau benetan arazo larria da.
Kontua da Ubuntun lanean dabiltzanek Firefoxi aldaketa batzuk egin ohi dizkiotela sistemara egokitzeko, eta aldaketa horietariko baten ondorioak direla jasaten ditugun arazoak. Beste Linux banaketa batzuetan, adibidez, ez dute inongo arazorik Microsoften web bidezko posta zerbitzua erabiltzeko. Mozillaren webgunetik Firefoxen .tar.bz2 artxiboa jaitsi dutenek ere ez dute arazo hori izango, noski.
Nik bezala arazo honekin topo egin baduzue, hona hemen konponbide erraza:
- Ireki Firefox eta idatzi helbide-barran about:config. Konfigurazioa aldatzeko orrira sartu nahian zabiltzanez, ohar bat agertuko zaizu, kontuz ibiltzeko eskatuz. Klikatu “Kontuz ibiliko naiz, zin egiten dut!” botoian.
- Behin konfigurazio orrian, sartu vendor iragazkia eta ageriko diren emaitzetatik aukeratu general.useragent.vendor.
- Klikatu birritan testu-katearen gainean, eta “Ubuntu” testua agertuko da. Ezabatu testua eta klikatu “Ados“.
- Berrabiarazi Firefox, eta arazoa konponduta!
Espero dut niri bezala, zuei ere arazoa guztiz konponduko dizuela honek. Bestela, idatzi iruzkin bat eta saiatuko naiz beste irtenbideren bat bilatzen.




