oihanguren

Nire burua sarean.

Argazkia

Archive for Apirila, 2009

Etxe aldaketa

Oso denbora gutxi egin du blog honek, eta ez dut askotan idatzi, baina zer egingo diogu. Etxez aldatzea erabaki dut. Eskoriatzako blog komunitatea, Eskohitza, izango da nire etxe berria. Logikoa da, izan ere ni naiz garatzailea, eta orain weba guztiz berritzear gaudenean, erabaki dut bertan jartzea nire bloga eta horrela gertuagotik zaintzea Eskohitza, akatsak eta arazoak errazago aurkitu eta konpontzeko. Blog honetako sarrerak ere poliki-poliki hara pasatuko ditut, eta ez dakit oraindik zer egingo dudan oihanguren.com-ekin. Seguruenik nire lanen bilgune gisa utziko dut. Hemendik aurrera, ba, hor duzue nire blog berria.

Software librea, euskararen aukera bakarra

Gure hizkuntzak etorkizunik badu, teknologia berrietan barneratzen bada izango da. Beste edozein hizkuntza bezala, jendeak erabiltzen dituen tresnetan presente egoteko beharra dauka, eta gaur egun tresna horiek ordenagailuak eta Internet dira. Posible da euskarak mundu horretan presentzia nabarmenik izatea?

Erantzuna bat edo beste izan daiteke aukeratzen den bidearen arabera. Emaitza onak lortzeko zein bide aukeratu behar den? Software librearena.

Zer da software librea?

Baina zuetariko askok, gehienok, galdetuko duzue eta zer da software librea?. Software librea filosofia bat da, eta Richard Stallmani egindako elkarrizketa ikusita hobeto ulertuko duzuen arren, ondo azaltzen saiatuko naiz hemen.

Garatzaile batek software bat, aplikazio bat, argitaratzerako unean bi aukera dauzka:

  1. Software pribatibo bihurtu, aplikazioak funtzionatzeko behar duen kodea inork ikusi ez dezan, inork aldatzeko aukerarik izan ez dezan, ezta lagunekin partekatzeko ere.
  2. Software libre bihurtu, nahi duenak kodea ikusi, bertatik ikasi, moldatu, eta nahi duenarekin partekatzeko aukera emanez: ezagutza guztien eskura jarriz.

Software pribatiboa da adibidez Windows, eta Microsoft konpainiatik irteten den edozer. Software librea dira Linux, Firefox nabigatzailea, edo denok ezagutuko duzuen eMule. Aplikazio libre hauek, gainera, gehienetan debalde lortu daitezke (baina ez beti).

Beraz, software librea konputagailuen munduko ezkerreko mugimendutzat har daiteke, baina izatez askoz gauza sinpleagoa da: gauza normala da sukaldean aritzen direnentzat lagunekin errezetak trukatzea. Gero, errezeta horiei aldaketak egin eta etxeko gustura moldatzea. Eta ezin daiteke esan hau ezkerreko mugimendua denik! Ba berdina gertatzen da software librearen kontuarekin.

Software libreak garatu gabeko lurraldeei teknologia berrietan aurrera egiten laguntzen die lizentziak ordaindu beharrik gabe, programatzaileen artean ezagutza trukatuz teknologien hobekuntza sustatzen du, erabiltzaileari askatasuna ematen dio,… eta proiektu libre bakoitzak atzetik izaten duen komunitateari esker, software pribatiboak lortutako emaitzak baino hobeak lortzen ditu.

Software pribatiboa eta euskara: Eusko Jaurlaritzaren ekimenak… zertarako?

Eusko Jaurlaritzak eta Microsoftek dauzkaten hainbat akordiori esker Microsoften produktu erabilienak eta web zerbitzu gehienak euskaraz erabiltzeko aukera dago: Windows, Office, Hotmail,… eta hori ona da, noski. Baina kontua da Gates jaunaren makrokonpainia dela irabazten irteten dena:

  • Ezin izan dut egiaztatu benetan euskaraketak Microsoftek edo Eusko Jaurlaritzak ordaintzen dituen, baina edonola ere, euskaraketak egin daitezen sinatu duten akordioari esker, EAEko administrazioak bere eskura dauzka Microsoftek, beraz, kasurik okerrenean ere beretzat inbertsio bat da, erkidego osoa etorkizunean ere bere menpe edukiko duela ziurtatzeko. Kasurik onenean, berriz, opari bat.
  • Jaurlaritzaren pixkabatesmucho, egin klik euskarari, Ukan birusa eta beste promozio kanpainei esker, Microsoftek doako publizitatea lortu du, eta euskararen alde egiten duela zabaldu dute alde guztietan. Marketing kanpainak? Zertarako! Dena eginda eman diote baina!
  • Software libreak ia beti dauka euskaraz erabiltzeko aukera, eta estrategia honen bitartez desberdintasun hori ezabatzea lortu du, oraingoz alde daukan balantza beste aldera okertu baino lehen.

Gainera, euskaraketa akordioei esker egin da batez ere, beraz, akordio horiek hausten direnean (eta etorriko omen den gobernu berriarekin, argi) Microsoftek ez dio produktuen itzulpenari jarraipena emango ziurrenik, ez baitu gure hizkuntza interesgarri ikusten ez bada administrazioa bere esanetara jartzeko bide bat bezala.

Beraz, oso ondo dago gehien erabiltzen diren aplikazio horiek euskaraz erabili ahal izatea, baina software librearen munduan parekideak baditugu, guztiz euskaraz eta inongo loturarik gabe, merezi du guzti honek? Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.

(Eusko Jaurlaritzak software librearen inguruan bultzatu dituen ekimenez beste batean idatziko dut.)

Euskara eta software librea

Software librea talde boluntarioen itzulpenei esker erabil daiteke euskaraz (adibidez Librezale edo EuskalGNU), baina normalean itzulpenen kalitatea ona izaten da, eta zuzenketak egitea ere askoz errazagoa da.

Aplikazio ugari daude euskaraz, eta mezu honekin ireki berri dudan blog honetan poliki-poliki interesgarrienak erakutsiko dizkizuet, eta estilo honetako gaiei buruz idatziko dut. Espero dut zuen gustokoa izango dela, eta zalantzarik badaukazue, galdetu lasai!

You are currently browsing the oihanguren blog archives for Apirila, 2009.