oihanguren

Nire burua sarean.

Argazkia

Archive for the ‘Sailkatu gabe’ Category

Firefox ezagutzen I: zer da? nola instalatu?

Pertsona bat software librera hurbiltzeko biderik errazena, nire ustez, aldaketa txikiak ematea da. Eta lan horretarako aplikaziorik aproposena Mozilla Firefox da dudarik gabe.

Baina zer da Firefox? Firefox Mozilla fundazioak garatutako nabigatzaile askea da. Eta denok ondo ulertzeko, lehenengo azalduko dizuet zer den nabigatzaile bat, zein aukera dauden merkatuan, eta azkenik, Firefox nola instalatu pausoz pauso.

Zer da nabigatzaile bat?

Nabigatzaile bat aplikazio bat da. Aplikazio bat Internet sareko edukiak irakurri, ikusi eta entzun ahal izateko. Izatez, momentu honetan, nabigatzaile bat darabilzu artikulu hau irakurtzeko. Seguruenik, nabigatzaile bat zer den ez badakizu, Microsoft Windowsek defektuz ekartzen duena erabiliko duzu: Internet Explorer. Bai, e urdindun ikono bat duena.

Nabigatzaile desberdinak, gainbegiratua

Windows Internet Explorer

Microsoft konpainiarena nabigatzailerik ezagunena eta erabiliena da, argitaratutako bere bi bertsio kontutan hartzen baditugu. Eta, egia esan, txarrena ere bai. Alde batetik, sareko estandarrak ez ditu batere errespetatzen, eta hori erabiltzaileentzat horren txarra ez den arren, garatzaileentzat amesgaizto bat da. Gainera, dituen segurtasun zulo guztiekin, birusen oso lagun ona da.

Opera

Doako nabigatzaile alternatiboa (baina ez librea). Ezaugarri berriak eta nabigatzeko era berritzaileak sortu izan ditu, eta merkatuaren zati bat lortzera iritsi da.

Safari

Appleren nabigatzailea. Orain arte bizkortasuna izan da bere ezaugarririk nabarmenena, baina atzean gelditzen ari da. Estandarrak behar bezala errespetatzen ditu.

Google Chrome

Google makrokonpainiak sortutako nabigatzailea, oraindik oso berde dagoena, nahiz eta sona handia izan duen. Kode irekikoa da, bai, baina… Zure informazio guztia, dena, Googleren eskuetan utzi nahi duzu? Ni ez naiz fido.

Mozilla Firefox

Eta azkenik, interesatzen zaiguna: Mozilla Firefox. Nabigatzaile libre hau batez ere oso pertsonalizagarria da. Horrez gain, segurua, bizkorra, eta euskalduna. Nire gomendioa: erabili Firefox. Baditu hobetzeko gauza batzuk, adibidez estandarrak ehuneko ehunean errespetatzea, baina orokorrean onena da.

Mozilla Firefox instalatzea erraza da

Mozillaren nabigatzailea deskargatu eta instalatzea oso erraza da. Jarraitu ondorengo pauso hauek:

  1. Zabaldu nabigatzaile bat eta sartu Mozilla Europe webgunera. Bertan, Firefoxi buruzko informazio mordoa euskaraz izateaz gain, nabigatzailea deskargatzeko lotura daukazu. Egin klik, eta jaitsi fitxategia.
  2. Egin klik bikoitza deskargatutako fitxategian (instalatzailea), eta sakatu “Jarraitu” instalazioa bukatu arte.
  3. Kitto! Orain hasi zaitezke Firefox erabiltzen.

Ubuntun errazagoa da…

Gehienok ez duzue jakingo Ubuntu zer den ere… baina izen honetara ohitzen joan zaitezten… GNU/Linux sistema eragilearen banaketa bat dela esango dizuet. Zer? Lasai, azalduko dizuet aurrerago, oraingoz ikusi nola instalatzen diren aplikazioak/programak Windowsen baino errazago:

  1. Aplikazioak > Gehitu/Kendu…
  2. Aukeratu Firefox eta sakatu “Aldaketak aplikatu”
  3. Kitto! Interneten instalatzailearen bila aritu beharrik gabe!

You (still) rock my world

Pop musikaren erregea hil da.

Hamar mila gauza esango dira gaur, bihar, etzi,… telebistan, irratian, alde guztietan. Nola hil zen esango dute, morbo bila dabiltzanak asez, eta ez dituzte ahaztuko bizitzan zehar egin zituen zorakeriak, izan zituen akusazioak, asmatu diren gezurrak.

Michael Jackson hil da, poparen erregea joan zaigu, eta ez gaur egun ezagutzen dugun pop musika horrena. Ez dakit nola azaldu, baina ulertu nahi duenak ulertuko du.

Ez dut bere bizitza pertsonala ezagutzen, komunikabideei kontatzea bururatu zaienetik aparte. Oso segurutzat jotzen dute beltza izatetik zurira pasatzeko ebakuntza ugari egin zituela, nahiz eta berak bitiligoa zuela esan, eta pederastia salaketena ere hor dago. Hori ere nik ezin dut ziurtatu (eta komunikabideek ere ez, noski, hala egiten duten arren). Beste zorakeria batzuk bai, argi ikusi ditut, eta badakit jokaera bitxia, okerra ere bazeukala. Baina nola epaituko dut bera, 4 urtetatik ospearen presioa jasan duelarik… eta zer egingo nuke nik bere tokian? Eta zuek?

Beraz, bere bizitza pertsonala erabat alde batera utzita, interesatzen zaidanarekin, juzkatu dezakedan bakarrarekin, utziko zaituztet: bere lanarekin.

Eta bere lanean, musikan, pop musikan, zalantzarik gabe erregea izan da.

You Rock My World - Michael Jackson

Etxe aldaketa

Oso denbora gutxi egin du blog honek, eta ez dut askotan idatzi, baina zer egingo diogu. Etxez aldatzea erabaki dut. Eskoriatzako blog komunitatea, Eskohitza, izango da nire etxe berria. Logikoa da, izan ere ni naiz garatzailea, eta orain weba guztiz berritzear gaudenean, erabaki dut bertan jartzea nire bloga eta horrela gertuagotik zaintzea Eskohitza, akatsak eta arazoak errazago aurkitu eta konpontzeko. Blog honetako sarrerak ere poliki-poliki hara pasatuko ditut, eta ez dakit oraindik zer egingo dudan oihanguren.com-ekin. Seguruenik nire lanen bilgune gisa utziko dut. Hemendik aurrera, ba, hor duzue nire blog berria.

You are currently browsing the archives for the Sailkatu gabe category.