oihanguren

Nire burua sarean.

Argazkia

Posts Tagged ‘panela’

Gnomeren panela: disko-muntatzailea

Artikulu hau eta jarraian etorriko diren beste batzuk Gnome mahaigainaren panelak ematen dizkigun aukera interesgarrienak aipatzeko erabiliko ditut. Panel honi esker oso ingurune pertsonalizatua lor dezakegu, eta lan batzuk egiteko askoz denbora gutxiago beharko dugu. Ondo antolatzea da gakoa.

Windowsetik GNU/Linuxera (zehazki Ubuntura) pasatu nintzenean faltan bota nuen aukera bat USB diskoak era errazean desmuntatzeko aukera zen. Jakingo duzue USB bat ezin dela zuzenean atera, bertako datuak galtzeko arriskua dagoelako. Horregatik, adibidez, Windowsek bere ataza-barran ikonotxo bat dauka, muntatuta dauden diskoak era seguruan ateratzeko.

Disko-muntatzailea Gnomeren panelean

Disko-muntatzailea Gnomeren panelean

Ubuntun, hasiera batean, ez dugu ikono hori aurkituko, eta diskoak desmuntatu nahi ditugunean mahaigaineko ikonoan saguaren eskumako botoiarekin klikatu eta “Desmuntatu bolumena” aukeratu beharko dugu, edo gauza bera egin Nautilus fitxategi-arakatzailearen ezkerreko albo-barrako ikonotxoan. Egia da ez dela denbora larregi galtzen hori egiterakoan, baina pausu horiek aurrezteko aukera badago, zergatik ez aprobetxatu?

Gnome paneleko tresna batek ematen digu diskoak berehala muntatu eta desmuntatzeko aukera: disko-muntatzaileak. Tresna hau martxan jartzeko urrats hauek eman behar dira:

  1. Egin klik saguaren eskumako botoiarekin panel baten gainean (goikoan edo behekoan), eta aukeratu “Panelari gehitu…”.
  2. Agertuko den zerrendan, aukeratu Disko-muntatzailea eta sakatu “Gehitu”.
  3. Diskoa panelari gehituko zaio.

Une honetatik aurrera, konputagailura konektatuta dauzkazun disko guztiak agertuko zaizkizu panelean, eta haue desmuntatzeko edo muntatzeko (desmuntatuta badaude) aukera izango duzu ikonoan klik eginez. Kontuan izan Windowsek muntatzeko aukerarik ez duela ematen ataza-barrako ikonotik. Gainera, diskoa irekitzeko aukera zuzena ematen dizu, beraz, nire ustez behintzat eroso lan egiteko beharrezko tresna da.