3ARRANO.com

azken eguneraketa: 2007/09/28

- harpidetu

Mediatekako artikuluak

(Iragarkia: Thunderbird euskaraz)

Microsoften akats historikoa

Francisco Serradilla < Libro de Notas > - 2007/09/25

MS-DOSen, UNIXen eta VMSn bezala, aplikazioak direktorio batean instalatzen ziren, eta bertan kokatzen ziren programak funtziona zezan behar zituen abiarazgarri, liburutegi, konfigurazio eta datu fitxategi guztiak, e.a. Metodologia hau nahiko txukuna zen, beharrezko guztia diskoaren toki bakar batean edukitzea ahalbidetzen baitzuen. MS-DOS erabiltzaile eta ataza bakarreko sistema zen, hau da, sistema osoan erabiltzaile bakarra zegoen (egia esan erabiltzaile kontzeptua ez zen esistitzen) eta une bakoitzean aplikazio bakarra abiaraz zezakeen. Ondorioz, konfigurazio posible bakarra zegoen, eta nahikoa zen programaren direktorio bereko fitxategi batean konfigurazio hura gordetzea. Aplikazioak, honez gain, dokumentuak sortzen bazituen, testu prozesagailu batekin gertatzen den gisara, hauek direktorio berean gordetzea zegoen edo, are hobeto, beste direktorio ezberdin batean, segurtasun kopiak burutzea erraztuz.

UNIX (Linuxen arbasoa, bizkor baina gaizki esanda) hasieratik erabiltzaile eta ataza anitzeko sistema izan zen, eta erabiltzaile bakoitzak programa bakoitzerako zeukan konfigurazioa nola gorde erabaki beharra zeukan. Arazo honi irtenbidea emateko fitxategi mota berezi bat sortu zen, aurreneko karaktere gisa puntu (.) bat zeukana eta direktorio bateko edukiak bistaratzean defektuz erakusten ez zena; gainera erabiltzaile bakoitzak bere fitxategiak gordetzeko, konfiguraziokoak barne, direktorio pertsonal bat zeukan (eta dauka gaur egun ere).

Horren sinplea den sistema honek hainbat alde on dauzka, hausnarketa sakon bat gabe ikusten ez direnak. Adibidez, baimenen kontua. Erabiltzaile batek inoiz ez luke eduki beharko programaren fitxategiak dauden direktorioan idazteko baimenik. Idazketa baimena soilik bereak diren fitxategietan eta konfigurazioetan eduki beharko luke, eta hauek bere erabiltzaile direktorioaren barruan daude (Linuxen /home/erabiltzaile-izena). Beste alde on bat da erabiltzaile batek ez duela inoiz gainontzeko erabiltzaileen direktorioetan irakurketa baimenik (eta are gutxiago aldaketarakorik) eduki behar.

Microsoftek Windows garatu zuenean arazo berriei egin behar izan zien aurre, baina seguraski hau egitean ez zuen askorik hausnartu. Eta Redmongo buruargiren bati otu zitzaion: "sor dezagun win.ini", Windowseko konfigurazioa gordeko duen fitxategia. Eta geroago, zergatik ez dugu sortzen zerbitzu bat Windowsen APIan garatzaileek beren programetako konfigurazioak win.ini fitxategira gehitu ditzaten, honela dena zentralizatuz? Gogoan izan behar dugu hasiera batean Windows erabiltzaile bakarrekoa zela eta bere fitxategi sistemak (FAT) ez zuela fitxategiei baimenak esleitzeko aukerarik ematen.

Haria gehiago korapilatu zen Windowsera erabiltzaile anitzen ideia iritsi zenean. Dagoeneko win.ini-k ez zuen balio, BAKARRA BAITZEGOEN, eta erabiltzaile ezberdinek konfigurazio ezberdinak behar zituzten. Gauzak gehiago zailtzeko, garatzaileak ohituta zeuden beren konfigurazioak win.ini-ra gehitzera. Hortaz, Redmongo buruargi berak (edo are adimentsuago batek) esan zuen: Egin bedi erregistroa! Erregistroa datu base gisako bat da, zeinean gordetzen baitira konfigurazio mota guztiak: hardwarearenak, Windowsenak, programenak eta erabiltzaileenak. Dena nahastuta, Discépoloren 'Cambalache'a bezala.

Beranduago (Windows NT eta gero XPren etorrerarekin) fitxategi sistema berri bat eratu zen (NTFS), fitxategiei baimenak ezartzea ahalbidetzen zuena, eta erabiltzaile bakoitzak bere toki propioa izan zezan egitura bat sortu zen, baina ordurako beranduegi zen. Erregistroa munstro izugarri bilakatu zen, MB ugari izatera iritsi arte Windows makinetan hazten den egitura bat, erabiltzen hasi eta hilabete gutxi batzutara Windows sistemak dordokak bezain motel abiaraztearen benetako erruduna.

Beste ondorio harrigarri bat: Linux edo Apple erabiltzaile batek (MacOS ere UNIXen gainean eraikia baita) sistema hauetan programa bat instala dezake, orokorrean, fitxategiak edozein lekutara (gomendatutako toki bat egon arren) kopiatuz eta programak FUNTZIONATZEN du. Windowsen, mundu guztiak dakien bezala, hau ez da posible (kasu berezi batzuetan ezik, normalean Linux mundutik datozen programekin). Programak INSTALATU egin behar dira. Zergatik? Fitxategiak kopiatzeaz gain erregistroan datuak sartu behar dituztelako.

Okerrena da beranduegi dela orain erabiltzaile eta garatzaileen ohiturak aldatzeko. Mundu guztia da erregistroan idazteko gai eta programa ugarik uste dute nahi duten lekuan idatz dezaketela: horregatik da hain erraza birus batentzat sisteman instalatzea. Windows Vistarekin hau defektuz debekatzeko saiakera uzkur bat egin dute, norbait erregistroan edo sistemako direktorioetan idazten saiatzen denean baimena eskatzen dutelarik, baina baimena eskatzeko galderak hainbestetan egiten dira, erabiltzaileek aukera hori ezgaitzen dutela. Eta berriro daude arriskuan.

Hondamendia da.

(cc) Francisco Serradilla