3ARRANO.com

azken eguneraketa: 2006/10/29

- harpidetu

Mediatekako artikuluak

(Iragarkia: Thunderbird euskaraz)

Trollak sarean

Timothy Campbell < trollwatch (abildua) rogers (puntu) com > - 2004/04/08

Zer dira trollak?

Interneteko «troll» bat sarean ikamikak sortuz gozatzen duen hura (normalean gizonezkoa) da. Eztabaidak pizten saiatzen da eta jendea iraintzen du.

Trollek Interneteko komunikazio zerbitzuak haien joku maltzurrerako toki egokitzat ikusten dituzte. Arrazoiren bategatik, ez zaie «buruan sartzen» egiazko pertsonak mintzen dituztela. Haientzako, Interneteko gainerantzeko erabiltzaileak ez dira guztiz gizatiarrak, nolabaiteko abstrakzio digital bat baizik. Ondorioz, ez dira inola ere damutzen sortzen duten minagatik. Izan ere, eragiten duten sufrimendua zenbat eta handiagoa izan, orduan eta gozagarriagoa da haien garaipena (trollen ikuspegitik). Momentuz, sarearen gutxi gora-beherako anonimotasunak trollen sorrera ahalbidetzen du.

Trollek ez diete kritikei jaramonik egiten (hauek eraikitzaileak izan ala ez). Ez dago haiekin negoziatzerik; ezin duzu lotsa edo errukia senti dezaten lortu; ezinezkoa da haiek hausnarketara bultzatzea. Ezin daitezke damutuarazi. Nork daki zegatik, trollek ez dute uste adeitasunaren eta erantzunkizun sozialaren arauak betetzeko derrigortasunik dutenik.

Agian hau sinestezina irudituko zaizu. Pentsatuko duzu, beharbada, «zalantzarik gabe egongo da idatzi dezakedan zerbait, aldaraziko dituena». Baina benetako troll bat ezin daiteke hitz hutsez aldatu.

Eta ze axola dio?

Pertsona batzuei —bereziki sarea aspaldidanik ezagutzen dutenei— trollak ez zaizkie axola, Interneta erabiltzeak dakarren arrisku ekidinezintzat daukate. Esaera zaharrak dioen bezala, «ez dago inurri gabeko picnic-ik».

Ez legoke arazorik mundu guztiak gai hau patxada horrekin hartuko balu, baina errealitate krudela trollek jendea gogaitzen dutela da. Partehartzaile onenek eztabaidagune bat bisitatzeari utz diezaiokete trollek sortzen dituzten eztabaidengatik, eta lurkerrek (irakurri bai baina idazten ez dutenek) abusu horiek pairatzeko arriskurik ez dutela izan nahi erabaki dezakete, honela inoiz parte ez hartuz.

Beste arazo bat trollek eragiten dituzten emozio ezkorrak beste eztabaidetara iragaten direla da. Normalki adeitsuak diren erabiltzaileak mikaztu egin daitezke troll baten eta bere biktimen harteko ika-mika bat irakurri ostean, eta honek ordura arte erabiltzaile zaharrekin izaniko harreman adiskidetsuak pozoitu ditzake.

Azkenik, trollek ingurune paranoiko bat sorrarazten dute, iritsi berri baten kritika lasai batek erantzun bortitz eta desegoki bat jasotzea eraginez.

Interneta hesiak eraisten eta aurreiritziekin amaitzen ari den baliabide zoragarria dugu. Eta trollek ideien foro eder honekin gozatzen jarraitzeko aukera mehatxatzen dute etengabe.

Zer egin daiteke trollekin?

Norbait trolla dela susmatzen duzunean, edukazioz mezu leun bat idazten saia zaitezke, umore txarrez dagoen norbait soilik den jakiteko. Interneteko erabiltzaileek batzuetan haien emozioak askatzen dituzte teklatu aurrean eserita seguru sentitzen direlako. Haien tonu jasoari ezikusia egiten badiozu eta era adeitsuan erantzun, lasaitu egiten dira.

Aldiz, pertsona horrek zakar izaten jarraitzen badu, eta horrelakoa izaten gozatu, jokabide eraginkor bakarra jarraian azaldutakoa da:

Trollekin jokatzeko era bakarra gainerantzekoei trollei ez erantzuteko gogoraraztea da.

Troll batekin arrazonatzen saiatzen bazara, berak irabazi du. Iraintzen baduzu, berak irabazi du. Oihukatzen badiozu, berak irabazi du. Trollek jasan ezin duten gauza bakarra haiei jaramonik ez egitea da.

Zer ez egin

Esan bezala, alperrikakoa da obsesionaturiko troll bat «sendatzen» saiatzea. Baina beharbada ezin duzu trollak sorturiko giro liskartsua jasan eta denboraldi batean bertatik ez agertzea erabaki duzu.

Hala bada, sistemako beste erabiltzaileen onerako, ez ezazu agurtzeko mezu dramatikorik bidali. Honela trollak borroka irabazten ari dela egiaztatuko du. Trollak sorturiko giro liskartsuagatik ez zarela tarte batean itzuliko iragatzea da, agian, eztabaidagunean idatzi dezakezun mezurik mingarriena (eztabaidagunearentzat, trollari mesede egingo baitio).

Zer-edo-zer esan beharra daukazula uste baduzu, sistemaren kudeatzaileari (eta beste zenbait erabiltzaileri, hauen helbide elektronikoak badituzu) mezu diskretu bat idaztea da egokiena. Bide batez, eskutitza haserrealdi batean idazten baduzu, ez da ideia txarra ordubete itxaron ostean gainbegiratzea benetan bialdu baino lehen. Honela egiatan pentsatzen ez dituzun gauzak atsegin dituzunei esatearen ondorioak saihestuko dituzu.

Nortasun lapurreta

Trollek kaosa sortzeko erabiltzen duten teknika bat izen ona daukan baten nortasuna lapurtzea da. Zenbait sistemetan ez dago norbaitek beste baten izena erabiliz mezu iraingarri bat idaztea eragozten duen ezer. Beste sistema batzuetan trollak burua gehixeago erabili beharra du, adibidez hizki bat beste batekin ordezkatuz. Azpiko hauek ziria sartzeko trikimailu batzuen zenbait adibide baizik ez dira, Brenda Q. O'Really izeneko erabiltzaile baten aurka erabil daitezkeenak:

  • Brenda Q. O"Really

  • Brenda Q. 0'Really

  • Brenda Q O'Really

  • Brenda Q. O'Rea11y

  • Bredna Q. O'Really

  • 8renda Q. O'Really

Oharra: «Brenda Q. O'Really» engainua azaltzeko asmatutako izen bat baino ez da eta ez dio inori erreferentzia egin nahi.

Gorrotoz erantzuten baduzu, trollak irabazi du. Beraz, eztabaidagune batetan zure ordez norbaitek mezu bat idatzi duela ikusten baduzu, erantzun izenburu hau duen mezu batekin: «Goikoa ez nintzen ni» eta mezuaren gorputzean hau soilik:

Nik ez dut goiko mezu hori idatzi; faltsifikazio bat da.

Jakina, batzuetan ondo ezagutzen zaituztenek mezua gezurrezkoa dela nabarituko dute berehala, eta hala markatuko dute, zuk ezer idatzi gabe. Azken batean, trollaren helburuetariko bat zure izena zikintzea da. Zuk izen ona baduzu, beste erabiltzaileek ikusi ahala jakingo dute benetako mezu bat den edo guztiz lekuz kanpo dagoen.

Jakina da trollak zeharo amorratzen dituela haien faltsifikazioak atzeman direla jakiteak, ondorioz, beste pertsona horrek bezala idazten ikasten dute. Haien mezua zure hitzetatik bereiztea oso zaila izan dadin lortu dezakete, esaldi burutsu eta logikoak erabiliz. Hau gertatzen bada, beti duzu mezu bikain hori zeuk idatzi duzula esateko aukera!

Trollek ere idatziko dute inoiz «Hori ez nintzen ni» erako mezurik, zure hausnarketa on baten ondoren, zuk haien mezua gezurtatzeko. Egia esan ez dago nahi duena emateko inongo arrazoirik, izan ere «Hori ez nintzen ni» mezuak jendeari ezer ez sinisteko gogorarazten dio, ez besterik. Hau da, ez da horren garrantzitsua norbaitek ziurtasunik ez edukitzea mezu arrunt bat zurea den edo ez denaren inguruan, izan ere, luzera, ideiak dira garrantzitsuenak.

Webmasterraren erronka

Trollei ezikusia egiten zaienean, haien erasoak biderkatzen dituzte, etsi-etsian beharrezkoa duten arretaren bila. Euren mezuak geroz eta lotsagabeago bilakatzen dira, eta inoiz baino gehiago bidaltzen dituzte. Beste alternatiba bat haien adierazpen askatasuna mugatzen ari garela leporatzea da (honetaz geroago mintzatuko naiz).

Baliteke eztabaidagune batetako moderatzailea troll baten mezuak berehala ezabatzeko gai ez izatea, baina bere lana asko zailtzen da trollei emaniko erantzun andana irakurri beharra badute. Gainera, asmo oneko erabiltzaileen mezuak ezabatu edo ez erabakitzera ere beharturik daude, mezu hauek nahi gabe trolla animatzen dutenean.

Zenbait webmasterrek kontzientziadun erabiltzaileak jasan beharra dute, «diktadore gisa jokatzen» ari ei direlako eta inoiz ez luketelako mezu bakar bat ere ezabatu beharko. Jende hau gaizki informaturik egon daiteke: trollaren gainean duten iritzia irakurri dituzten mezuetan oinarritu dezakete, webmasterrak troll horren mezurik krudelenak kenduak dituela ohartu gabe. Gogoratu troll batek izan ere baduela beste bide bat baliozko zerbait esan nahi duenean: sarean badira zerbitzu ugari mezu-sistemak dohainik eskaintzen dituztenak. Hau honela izanik troll batek bere foroa sor dezake, eta bertan onartuko dituen edukiak zeintzuk izango diren erabaki.

Zehazki zer espero dezakegu webmaster batengandik adierazpen askatasunaren printzipioak babesteari dagokionean? Troll batzuek hori hartzen dute kirol bezala, eztabaidagune jakin batetako kudeatzaileak zein mailataraino jasaten dituen erasoak adierazpen askatasuna murriztu gabe. Dozena bat mezu bidali ditzakete, bakoitza «J» hizkiaz beteriko 400 lerrorekin. Hau, zalantza barik, adierazteko bide bat da, baina zuk nahitaezkotzat hartuko al zenuke honelako pertsona bati ostatu ematea?

Seguraski webmaster batentzako erronka nagusia da erabiltzaile batzuk jostagarritzat duten troll baten aurkako neurriak hartu ala ez erabakitzea. Zenbait trollek duten gatza eta piparra gainontzekoak gogaitzen xahutzea erabakitzen dute. Nolabaiteko plazer makur bat dago horietariko batzuk behatzean. Amaieran, dena dela, webmasterrak erabaki beharra dauka trollak ohiko erabiltzaileentzat muntatzen duen ikuskizun bikain hura, edo soilik pertsona bakarrarentzat den antzezpena: beretzat.

Eta zer gertatzen da adierazpen askatasunarekin?

Trollek ikusten dutenean haien ahaleginen aurka era eraginkorrean egiten dutela, askotan adierazteko askatasuna izateko duten eskubidearen aurka ari direla-eta kexatzen dira. Azter dezagun alegazio hori.

Nahiz eta Interneten ari den jendearen ehuneko handi bat adierazpen askatasunaren alde egon, eskubide hau ez absolutua; muga praktiko batzuk daude. Adibidez, ezin da «Sua!» oihukatu jendez lepo dagoen antzoki batetan, eta ezin dira bonben gaineko txantxak egin hegazkin batean ontziratu zain zauden bitartean. Muga hauek onartzen ditugu, ongizate handiagoa lortzeko beharrezkoak baitira.

Beste adibide argigarri bat irrati-maiztasunaren espektruaren kontrola da. Beharbada zure ideiak zabaltzeko irrati emisore indartsu bat sortu nahiko duzu, baina ezin duzu hori egin lizentziarik gabe. Beste behin, honakoa muga praktiko bat da: mundu guztiak inongo muga gabe emitituko balu, ondorioak deserosoak izango lirateke kasu onenean, eta zenbait bizi arriskuan jarriko lituzketenak okerrenean.

Irratiaren adibidea beste arrazoi bategatik da erabilgarria: irrati bidezko komunikazioak erabiltzeko zilegizko beharra duten pertsona piloarekin, garrantzitsua da ziurtatzea inor ez dela katea monopolizatzen ari. Kate kopuru mugatu bat baizik ez dago maiztasun-banda bakoitzean, eta hauek banatu beharra dago.

Troll batek foro bat erasotzen duenean, normalean mezu andana bat bidaltzen du. Bere mezuak ez badira bereziki liskartsuak ere, elkarrizketa arruntak ito ditzakete asko badira (hau flooding izenarekin ezagutzen da, uholdea). Ez dago esan beharrik onartezina dela pertsona bakar baten iritziek katea monopolizatzea.

Adierazpen askatasunaren argudioarentzako badago erantzun definitibo bat: nahiz eta gutxi gora-behera nahi dugun edozer esateko aukera eduki, ez daukagu edonon esateko eskubiderik. Baliteke zure alboan bizi denak azken bi hiletan belarra moztu ez duelako amorratuta egotea, baina honek ez dizu inongo eskubiderik ematen bere egongelara kontu eske joateko. Era beretsuan, webmaster batek troll bati ez dela ongietorria esaten badio, trollak ez du bertan gelditzeko «eskubiderik». Hau bereziki hala da sarean eskaintzen diren komunikatzeko doako zerbitzu ugarietan. (Ordainpeko sistemetan, trollak dirua itzul diezaioten eska dezake).

Zergatik egiten dute?

Baieztapena.

Sarea sarritan erabiltzailen dutenek badakite zeinen pozgarria den norberak idatzi duen zerbaiti beste batek erantzutea. Gogoen, adimenen elkartze bat da, bategite intelektual bat, baina baita norbaiten balioaren aitortza ere, eta hau oso sari zirraragarri eta gozagarria izan daiteke.

Trollek arreta irrikatzen dute, eta berdin zaie hau positiboa ala negatiboa den. Interneta norbere buruari estasi narzisista baten pean begiratzeko ispilu gisa ikusten dute.

Azterketa sakonago bat nahi baduzu, agian psikologo batek argituko dizu zerbait gehiago honen gainean.

Ondorioa

Eztabaidagune batera sartzen zaren hurrengo aldian, mezu bat troll batena dela uste baduzu, eta erantzun beharra daukazula nabaritzen baduzu, idatzi erantzuna izenburu honekin: «Adi, trolla», eta idatzi hau soilik:

Trollak tratatzeko era bakarra trollei erantzun ez diezaieten gainerantzekoak ohartaraztea da.

Era honetako mezu bat bidaltzean, trollari jakinarazten diozu zuk badakizula bera zer den, eta ez zarela bere afizio maltzurraren jokuan sartuko.

Interneta materiale serioz nahiz ergelkeriaz beteriko bilduma kaotikoa da. Horren askea izatean, arazoak edukitzera beharturik dago. Uste dut gure esperientzia askoz gozagarriagoa izango zaigula ikusten dugun guztiaren aurrean, baldin irribarre ironiatsu bat eta sorbalda uzkurtze bat gertu baditugu.

Copyright © 2001 Timothy Campbell

Translated by 3ARRANO, with permission, via www.tc123.com

3ARRANOk itzuli du euskarara artikulu honen jatorrizko bertsioa (ingelesez), egilearen baimenarekin, www.tc123.com-en bidez.

Artikulu honetara loturak egin daitezke baimenik eskatu gabe, baina mesedez, ez egin ebaki-eta-itsatsi erako kopiarik.