3ARRANO.com

azken eguneraketa: 2006/12/23

- harpidetu

Mediatekako artikuluak

(Iragarkia: Thunderbird euskaraz)

Web estandarrekin garatzen

Roger Johansson < 456 Berea Street > - 2006/03/12

Edukiak

1. Sarrera

Dokumentu honetan azaltzen dena da nola sor ditzakezun webguneak web estandarrak erabiliz, honela garatzailearen denbora eta dirua aurreztu eta erabiltzailearen esperientzia hobetzen delarik. Ahalik eta webgune kalitate-oneko eta irisgarrienak eratzen lagunduko dizuten beste zenbait metodo, jarraibide eta egiteko era onenak ere eztabaidatzen dira hemen.

2. Historia

Laurogeita hamargarren hamarkadaren bigarren erdian Interneta eta weba korronte nagusi bilakatu zirenean, web arakatzaileen saltzaileek oraindik ez zuten CSSa, Cascading Style Sheets delakoa, inplementatu. Ez behintzat web garatzaileak HTML dokumentu baten aurkezpena kontrolatzerakoan erabiltzeko gai izateko beste. Inplementazioaren gabezia ulergarria da hein batean, izan ere 1. Mailako CSSaren zehaztapena 1996an argitaratu zen, eta 2. Mailako CSSarena 1998an.

Nabigatzaileetan CSSaren inplementazio-ezak, inprimaturiko materialearekin lan egitean zuten kontrol mailara ohituriko diseinatzaile grafikoen eskaerekin batera, HTMLaren erabilera okerra bultzatu zuen, web orrien itxura kontrolatzeko edozer eginez. Honen adibide garbia diseinatzaileek taula baten ertzak ezkutatzeko border="0" atributua erabiliz, sareta ikustezin bat sor zitekeela aurkitu zutenekoa da. Sareta honekin webgunearen itxura kontrola zitekeen. Beste adibide bat hutsune gisa erabiltzeko GIF gardenak, hau da, ikustezinak dira.

HTMLa ez zegoenez dokumentu baten aurkezpena kontrolatzeko pentsatuta, hack, kode baliogabe, eta saltzaile batzuenak soilik ziren elementu (etiketak) eta atributuak azaldu ziren han-hemenka. Etiketa-zopa izenak oso ongi deskribatzen du era honetako kodea.

Web arakatzaileen bertsio berriak irten ahala, CSS jasangarritasuna hobetuz eta hedatuz joan zen, baina ez behar besteko abiadan. Nabigatzaile saltzaileak CSSa inplementatzerakoan oso motel aritu arren, gaur egun CSSa nahiko maila onean jasaten duten arakatzaileak oso erabiliak diren unera iritsi gara. Beraz, ez dago HTMLa sortu zen beharrerako ez erabiltzeko arrazoirik: dokumentu baten egitura deskribatzeko, eta ez honen aurkezpena. Ondorioz, azkenik erabil dezakegu CSSa, azken zeregin honetarako sortua izan zena.

3. Web Estandarrak

Zer dira web estandarrak?

Web estandarrak, W3Ck eta beste estandarren erakunde batzuek ezarritako teknologiak dira, zeinak sarean oinarrituriko edukiak sortu eta interpretatzeko erabiltzen diren. Teknologia hauek etorkizunerako baliagarri diren eta sarean argitaratzen diren dokumentuentzako daude diseinaturik, dokumentu horiek ahalik eta irisgarrien bihurtzeko.

Egiturarako hizkuntzak
Aurkezpenerako hizkuntzak
Objektu ereduak
Script hizkuntzak

Dokumentu hau honako hizkuntza hauetan zentratzen da: XHTML 1.0 Strict (zorrotza) egiturarako, 1. eta 2. mailako CSS aurkezpenerako, eta ECMAScript 262 scriptetarako (nahiz eta ez dauden scripten adibide asko).

Dokumentu batek web estandarrak erabiltzen dituela esaten denean, esan nahi dena da dokumentuak, goiko teknologiak erabiltzeaz gain:

  • balio duen XHTML kodea duela

  • CSSa darabilela itxura zehazteko, eta ez taulak

  • egitura egokia duela eta semantikoki ondo markatua dagoela

  • edozein web arakatzailetan funtzionatzen duela

Jakizu "edozein web arakatzailetan funtzionatzeak" ez duela esan nahi "edozein nabigatzailetan berdin ikusten da". Dokumentu batek nabigatzaile eta plataforma ezberdinetan itxura berbera edukitzea ia ezinezkoa da. Irudiak soilik erabiliz ere ez duzu lortuko webgune bat edonon berdin azaltzea. Sarean argitaratutako dokumentuak hainbat sistema eragilepean dabiltzan arakatzaile ezberdin ugari erabiliz eskuratuko dira, neurri eta kalitate ezberdindun monitoreekin (edo inongo monitorerik gabe), haien nabigatzaileko hizkien neurri lehenetsia eta beste zenbait hobespen aldatuta eduki ditzaketen erabiltzaileengandik. Hau onartuz zure bizitza askoz alaiagoa egingo duzu. Webguneak sortzen dituen edonork ulertu beharra dauka aurrebaldintza tekniko batzuk kontutan hartu behar direla, paperean argitaratzen dutenek edo telebistako programak edo filmak ekoizten dituztenek beste aurrebaldintza batzuk kontutan hartu beharko dituzten bezala.

Zergatik erabili web estandarrak?

Zenbait web garatzaile eta diseinatzailek web estandarrak erabiltzeari eragozpenak jartzen dizkiote. Aitzakia ezagunenak "Oso zaila da", "Bestela ere badabil" eta "Darabilzkidan tresnek kode baliogabea sortzen dute" dira.

Erraza da emozionalki erreakzionatu eta gauza berri bat ikasiz, eroso sentiarazten zaituzten eta ezagunak dituzun teknikak alde batera uztearen aurka trabak jartzea. Hala ere, egoera ikuspuntu logiko batetik begiratzen baduzu argi ikusiko duzu alde on ugari dituela web estandarrak ikasi eta erabiltzeak. Hona adibide gutxi batzuk:

  • Garapen eta mantenu sinpleagoa: HTML egituratuago eta semantikoagoa erabiltzeak errazago eta bizkorragoa bilakatzen du beste norbaitek sorturiko kodea ulertzea.

  • Etorkizuneko nabigatzaileekin bateragarritasuna: Zehazturiko estandarrak eta baliozko iturburua darabilzunean zure dokumentuak etorkizunerako babesten dituzu, etorriko diren web arakatzaileek dokumentuan erabilitako kodea ez ulertzeko arriskua gutxituz.

  • Web orrien jaitsiera eta rendertze bizkorragoa: HTML gutxiago idazteak fitxategi txikiagoak izatea esan nahi du, eta honek jaitsierak arinago egitea. Web arakatzaile modernoek orriak bizkorrago rendertzen dituzte estandarren eran eta atzerantzako bateragarritasun eran daudenean.

  • Irisgarritasun hobea: HTML semantikoak, zeinean egitura eta aurkezpena bereizten diren, errazagoa egiten du pantaila-irakurgailuendako eta arakatzeko gailu alternatiboentzako edukia interpretatzea.

  • Bilaketa motoreetan postu hobea: Edukia eta aurkezpena banatzeak edukia fitxategi osoaren zati handiena izatea dakar. Honek, markatze semantikoarekin batera, bilaketa motoreetako postua hobetzen lagunduko dizu.

  • Egokitzapen errazagoa: Semantikoki markaturiko dokumentu bat oso erraz egokitu daiteke inprimatzeko eta arakatzeko beste gailuetara, hala nola magaleko konputagailu eta telefono mugikorretara, beste CSS fitxategi batera lotura eginez. Gainera orri guztiaren itxura alda dezakezu fitxategi soil bat moldatuz.

Web estandarrek denbora eta dirua aurreztuko diete webguneen sortzaileei, eta esperientzia hobea eskainiko webguneen erabiltzaileei. Gainera, web estandarrak dira etorkizuna. Oraindik ez badituzu web estandarrak erabiltzen, orain duzu hasteko unea, bestela atzean geldituko zara.

Gehiago irakurri:
Balioztaketa

Balioztaketa dokumentu batek hura sortzeko erabilitako hizkuntzaren arauak betetzen dituela kontrolatzeko prozesua da. Testu bat ortografia edo gramatika akatsen bila aztertzearekin alderatu dezakezu.

Balioztaketa web garapenaren atal garrantzitsu bat da. Aurkitzeko oso zailak diren akats batzuk balioztaketa bidez ezagutzen dira. Errore bat akats tipografiko bat bezain tribiala, eta elementu edo atributu baten erabilera okerra bezain larria izan daiteke.

Zoritxarrez, jende ugarik ez ditu bere dokumentuak balioztatzen. Askok eta askok ez dute balioztaketa zer den ere jakingo, beste batzuek webgunea balioztatzea ahazten dute, eta beste batzuek nahita ekiditen dute balioztaketa. Honen errua hein handi batean nabigatzaile saltzaileena da. Nabigatzaile gehienek HTML baliogabea ahalik ondoen interpretatu nahi izaten dute, eta egilearen intentzioa zein den asmatzen saiatzen dira, akats mezu bat erakutsi ordez. Jokabide honen ondorioz gaur egun hain ohikoa den markatze traketsa hedatu da. Markatze mota horren arazoa da ustegabeko emaitzak ematen dituela, eta web arakatzaileen akatsen kudeaketaren mende dagoela.

Ez dago zure HTMLa eta CSSa ez balioztatzeko zergatirik. Alderantziz. Onura baizik ez dakar.

Why we won't help you balioztaketaren abantailak azaltzen dituen Mark Pilgrimen artikulu paregabea da. Artikuluak azaltzen du baita ere, zergatik izango den gaitzagoa eztabaidaguneetan eta posta-zerrendetan laguntza jasotzea galdetu aurretik zure dokumentuak balioztatu ez badituzu.

HTML sorgailu ugarik, hala nola BBEdit edo Homesite, balioztaketa tresnak dituzte barneraturik. Zure garapenerako tresnak ez badu balioztaketa barneraturik, W3Cren balioztatze zerbitzuak erabil ditzakezu, online eskuragai baitaude:

Balioztatzaileek sorturiko akats mezuak ulertzea nahiko zaila izan daiteke. Dokumentuaren hasierako akats batek beste zenbait akats sor ditzake. Aurreneko akatsa konpondu eta berriz balioztatuz akats kopurua dexente jaitsiko da gehienetan. Akats mezu arruntenak Black Widow Web Design guneko Common XHTML Validation Errors artikuluan azaltzen dira.

Beti da egokia zure kodea guztiz baliozkoa dela egiaztatzea, baina kasu gutxi batzutan balioztaketa akats batzuk ekiditeko oso zailak izaten dira. Adibiderik arruntena dokumentu baten kapsulatutako Flasha da, edo plugin bat behar duen beste edozein objektu. Irakurri gehiago Flasharekin ematen diren arazoen gainean Flash Satay: Embedding Flash While Supporting Standards eta Embedding flash without <embed> artikuluetan.