3ARRANO.com

azken eguneraketa: 2007/03/05

- harpidetu

Mediatekako iritzia

(Iragarkia: Zure jario irakurlea, sinplea eta erabilterraza)

Bilbon gertatua

Koldo Zuazo - 2007/03/05

Euskararen etsairik gaiztoenak «etxe barrukoak» dira, herri eta familia euskaldunetan hazi, eta diru eta aginte apur bat lortu duten zorripiztuak.

Bada Bilbon Oftalmologia gune bat Carlton eraikuntzaren atzealdean, eta bertara joan nintzen iragan otsailaren 27an. Taldeko oftalmologoetako bat azkoitiarra eta euskalduna zela jakinda, harekin eskatu nuen hitzordua. Erosoa izango zela uste nuen euskaldunen arteko hartu-emana, baina sekula inoizkorik mingotsena eta garratzena gertatu zitzaidan han egindako egonaldi laburra.

Agurrarekin batera etorri zitzaidan egurra: «Egun on», nik esan eta «Buenos días» erantzun zidan. Harritu egin ninduen euskarazko agur soila ere ukatzeak, baina, beharbada, erdalduna nintzela uste izango zuela pentsatuta, euskaraz jarraitu nuen neure solasa: «Euskeraz berba egingo deutsut», nik esan eta «erderaz ez dakizu, ala?» erantzun zidan, berak ere euskaraz oraingoan.

Azkoitiarraren bigarren erantzunak ere zur eta lur utzi ninduen. Ez nuen espero euskaraz egiteagatik beso-zabalik hartuko ninduenik, baina are gutxiago espero nuen euskarazko jarduna gutxiestea eta gaitzestea oftalmologo azkoitiarrak. Gainera, ez zen horretan amaitu haren erasoa. Euskaraz hitz egiteko erraztasun handiagoa neukala esanda, honela mintzatu zitzaidan: «Bilbotarra izan, eta errezago dezula euskeraz hitz egitea?»

Azkoitiarra, antza, euskara baserri giroko herri txikietan egiten delakoan zegoen, ez Bilbo bezalako hirigune modernoetan. Ez daki, nonbait, joan den aspaldi luzean hainbat bilbotarrek, ahalegin handia eginda, ederto ikasi dutela euskara eta ez daki, era berean, hainbat lagun etorri direla erbestetik Bilbora bizitzera; bera eta biok, beste askoren artean. Eta horixe ekarri nion gogora: «Ez, ni eibartarra naiz», esan nion.

Azkoitiar oftalmologoarendako, baina, Bilbon ez ezik, Eibarren erabiltzeko ere euskara ez izan nahikoa hizkuntza duina, nonbait, eta honela erakutsi zidan bere gaitzespena: «Ba, Eibarren ere ez da egiten euskerarik!».

Ez nuen eduki eztabaidan jarraitzeko indarrik, gehienbat haren «etxean» eta haren mendean nengoela jakinik. Handik alde egiterakoan, ostera, hainbat gogoeta etorri zitzaizkidan burura. Mediku jaunaren jarrerak herritar arruntarengan izan dezakeen eragina, denetan lehena. Medikuak eta euren antzeko «handi jendeak» izan dira, gure historia luzean, euskara hizkuntza ezgauza, traketsa eta baldarra delako uste ustela zabaldu dutenak, euskaldun jende xehea lotsarazi eta erdaraz egitera bultzatu dutenak. Eta medikuek, gainera, badute erantzukizun berezia, euren eskuetan ikusten dugulako geure «bizia» eta eurak hartzen ditugulako geure «salbatzaile» bezala.

Hona bigarren gogoeta: euskararen etsairik gaiztoenak «etxe barrukoak» direla, herri eta familia euskaldunetan hazi, eta diru eta aginte apur bat lortu duten zorripiztuak.

Hauxe hirugarren gogoeta: 1960tik hona euskara lantze, duintze eta normalizatze aldera egindako ahalegin guztiak gorabehera, 2007an bertan horrelako jarrerak eta jokabideak bizi-bizi egotea eta geure herrian bertan jasan eta eraman behar izatea.

Eta beste hauxe laugarrena. Ez dakit zer moduzko oftalmologoa izango ote den gure azkoitiarra, baina behinik behin, ez da batere profesional ona bezeroei begirunerik ez diena. Begirune hori izatea da eskatzen dudana.

Iritzi artikulu hau Gara egunkarian argitaratua izan zen.