3ARRANO.com

azken eguneraketa: 2006/08/30

- harpidetu

Mediatekako iritzia

(Iragarkia: Firefox 2 euskaraz)

Euskara sinbolikoa baino ez denean

Ander Manterola - 2005/03/23

Euskal Herriko biztanleok, oro har, pepelerdo hutsak gara, euskaraz hobeto ala eskasago moldatuta ere, denok gara upeleko tuntunak edo hori da gure herri santu honetako hainbat politikari, esatari, dendari eta abarren ustea behintzat. Horien guztien iritziz, berton bizitzea eta euskararekin zuzeneko ala zeharkako harremana izatea ez da nahikoa medikua médico edo kafetegia cafetería dela jakiteko, eta zer esanik ez «egun on»ek buenos días edo «zorionak»ekfelicidades esan gura duela jakiteko. Horregatik, euskaraz esan edo idaztekotan, ondoan itzulpena behar du, osterantzean ia inork ez du ulertuko eta. Espainiarrak, aldiz, ez dira hain inozoak, gai direlako, adibidez, Balear Uharteetako gobernuak bertako turismoa suspertzeko asmoz sortu duen txirrindulari taldeari jarri dion izena ulertzeko (Illes Balears), harrigarria bezain tristea.

Derrigorrean erabili behar dute EITBko esatariek, besteak beste, darabilten egunon/buenos días esapidea? Hain funtsezkoa da anbulatorioa/ambulatorio idaztea jendeak uler dezan? Edo gauza bera berba berdinak ez direnean, izan ere harategia/carnicería jarri behar da txuletak saltzeko? Agian, jendeak arrandegitzat hartuko du ala gutxiago salduko?

Gezurra dirudi, baina oraindik gure agintariek, euskara biziberritzekotan ari diren horiek, Urkiolako Parke Naturala izenaren ondoan Parque Natural de Urkiola jartzen dute; beharbada, igandezale/dominguero guztiak gal ez daitezen. Baina ulertzen dute Urquiola jarri ezean ala?

Honakoa euskararen miseria da eta, ematen digutena, limosna hutsa. Eskerrik asko/muchas gracias por su atención.

Iritzi artikulu hau Berria egunkarian argitaratua izan zen.