3ARRANO.com

azken eguneraketa: 2006/09/02

- harpidetu

Mediatekako iritzia

(Iragarkia: Glest 2.0.0 - Munstro berriak zure zain)

Gure herrian arrotz

Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' - 2005/05/19

Gaur goizean Osakidetzara joan naiz , Donostian.

  • Kaixo! Egun on! nik.

  • ¿Cómo dice? takilaz bestaldeko emakumeak.

  • Le he saludado en euskera: Egun on, ya sabe. Buenos días!

  • Ya… No le había entendido. Aquí se oye mal. Dígame, dígame…¿qué quería?

  • Irribarrez berak.

Nork esan dezake gertakari xume hau harrigarria denik? Ehunka, milaka funtzionari erdaldun elebakar onartu dituzte Osakidetzan autonomia omen dugunez geroztik. Eta orain, lanpostu publiko horiek sakratu bihurtu dira. Eta ezker aldetik oztopa daitezke bai instituzioen euskalduntzea, bai euskaldunon eskubidea. Lanerako eskubidea baitago tartean.

Talantea ta guzti, frankismoaren garaian bezala, «aquí hablamos cristiano». Eta, ondorioz, euskaldunok geure herrian arrotz.

Horretan gaude. Ez du balio ez-ikusia egitea. Eta Bertendona-koek bazekiten egia hau dela, eta ez hortik zehar predikatzen dena.

Donostia honetan, ogia edo jakiak erostera nonbait sartu, mostradoreaz bestaldera hiruzpalau saltzaile topatu. Eta askotan: nirekin denak aisa euskaraz, baina beren artean denak erdaraz.

Herririk euskaldunenetan ere, bide beretik, taberna batera joan. Txiribogina nirekin euskaraz eroso mintzo. Baina tabernako irratia ozenki piztuta: «Los Cuarenta Principales!!!» Boikot osoa Euskadi Irratiari, Euskadi Gazteari, Segura Irratiari, Bizkaia Irratiari, Xiberuko Botzari, eta gainerakoei. Guk irratia erdaraz.

«Abertzale» omen diren ehunka edo milaka batzuk, bestalde, egunero gogor beren erabaki ezin tinkoagoan: «Yo soy separatista… Yo soy de izquierda radical… Yo soy comunista… Yo soy anti-español radical… Yo soy super-roj… Pero, me cago en todo: mientras yo viva no toleraré que se utilice en mi presencia otra lengua que la de Cervantes. ¿Entendido?»

Areago. Nik neuk «abertzale» elebidun bitxi mordo bat ezagutzen dut. Baina elebitasun mota hauetakoak dira: gaztelania-frantsesa, gaztelania-ingelesa, gaztelania-alemana, gaztelania-turkiera (batzuk), gaztelania-afganiera (pare bat)… Gaztelania-zernahi. Zuk ez, ala?

Eta azalpen bera elebidun hauek: «Ya me gustaría hablar euskera. Pero es tan difícil… Tengo siempre tantas cosas que hacer… Es más: si yo supiera euskera como tú, jamás hablaría en español…» Erantzuna ziplo dator: «Zer egingo dut zurekin, horretara?». Baina nik , «radical» omen naizen hau, jokabidea hitzez hitz hartu beharrean… beraren erdarara egokitzen naiz…

Gotzon Garatek, Jose Manuel Odriozolak, Koldo Izagirrek garrazki salatu duten egoeraz, irizkide naute erabat.

Hala ere, hau ez dago zalantzan jartzerik: azkeneko 25 urte honetan harrigarrizko urratsak egin ditu gure hizkuntzak corpus-aren eta irakasluntzaren alorretan. Eta bestetan.

Baina ETB1 arratseko zortzi t'erdietan piztu. Eta, honegatik edo hargatik, hamar minututan, kitto. ETB2 bederatzietan piztu, halere, eta programa osoa aurrera. Ehunka aldiz gertatu zait. Erdaldun ikusleak lehenengo mailakoak dira. Gu euskaldunok, aldiz, behin eta berriz bigarrenekoak (edo ene-garrenekoak, hobe).

Eta goazen azkenekora…

Miguel Buen-ek jatorra ematen du tratuan. Baina ez daki euskaraz.

Nola ausar daiteke euskaraz ez dakien pertsona bat Euskal Parlamentuko Lehendakarigaitzat aurkeztera? Nola gerta daiteke oraindik herri zafratu honetan horrelako ostikorik? Zer errespetu mota erakusten digute euskaldunoi Buenek eta Zapaterok horrela jokatuz?

Eta Aznar are okerrago omen denez, zer espero dezakegu euskaldunok Madriletik?

Baina giza-lotsarik ez dagoenez, zer dio legetasunak? zer dio «Estado de Derecho» delakoak?1982ko Abenduaren 24an, Garaikotxearen garaian, onartu zen «Euskararen Erabilpena»-ri buruzko legeak, eskubide batzuk onartu zizkigun euskaldunoi:

  • 5. Artikulua:

    • 5. a) Ardularitzarekin eta Autonomia-Elkartean kokatutako edozein Ihardukitze-Sail edo Erakunderekin harremanak hitzez eta/edo idatziz euskaraz edo gaztelaniaz izateko eskubidea…

    • 5. e) edozein bilkuratan euskaraz egiteko eskubidea.

    • 5.3- Eskubide hauek eraginkorrak eta benetakoak izan daitezen, herri-agintarisailek beroien erabilpena bermatuko dute.

Buen hautatuz, zertan da legetasuna?

Baina, bestela ere.

Soma ote daiteke Kataluniako Parlamentu-burua katalanez ez mintzatzea? Edo-ta, haratago, Bruselgo burgomestreak nederlanderaz ez jakitea?

Bego horretan. Eta orain goazen Galiziara.

Lei 3/1983 de 15 de Xuno de Normalización Lingüística «Artigo 1 - O galego é a lingua propia de Galicia. Tódolos galegos teñen o deber de coñecelo e o dereito de usalo» Santiago de Compostela , 15 / VI / 1983 - Gerardo Fernández Albor, Presidente.

Katalanek, bide beretik, orain Madrilera eramango duten Estatutu proposamenean, bide beretik jo dute: kataluniar guztiek dute katalanera ezagutu beharra. Eta erabiltzeko eskubidea.

Bidenabar: testu horietan ez da eperik aipatzen.

Zertan gara gu? Zertan da Ibarretxe Plana deritzona?

Noiz idatziko da, abertzaleon arterako gutxienez: euskaldun guztiek dute euskaraz jakin-beharra, eta erabiltzeko eskubidea?

Isil nadin…

Eta izan bedi aski honaino hitz gutxitan gogorazitakoa.

Iritzi artikulu hau Berria egunkarian argitaratua izan zen.