3ARRANO.com

azken eguneraketa: 2006/08/30

- harpidetu

Mediatekako iritzia

(Iragarkia: Firefox 2 euskaraz)

Hautesle-satanizazioa

Ibon Coteron - 2005/03/29

«Terrorismoa kondenatu». Ez naiz gogoratzen nori irakurri nion kondenatu terminoak kutsu erlijiosoa duela. Inkisitoriala, esan genezake. Dirudienez, gaitzetsi, bat ez etorri, aldendu… ez dira nahiko. Kondenatu egiten duena baino ez da jartzen onaren aldean: Kondenatu egiten duzu terrorismoa? Konstituzioaren graziagatik kondenatu egiten dut. Espainiar demokraziaren katekismoko jaun-hartzea era horretan egiten ez duenak ere betiko kondena eta eskumikua merezi du, hautesleriagandik kasu. Inork uste zuen legeak betearaztea baino ez zuela eskatzen? Dagoenik ez: morala sartu da bizitza politikoan eta barruko konbentzimendura behartzen du. Norberaren barnekoa ikusezina denez, kristau zahar zigilurik ez duenaren inguruan sasikonbertsioaren susmoa ibiliko da beti. Zalantzak uxatzeko errituala bete eta dogma hitzez-hitz errepikatzea ezinbestekoa da: teologia gotorlekua da eta gotorleku batean zirrikitu bat ere ez da txikia, hala dio sorgin ehiztari batek Arthur Miller-en El Crisol idazlanaren zinemako bertsioan. Fede aitorpen bat eskatzen da eta politikaren epaiketaratze gisa izendatu dena ez da fede-auto bat baizik. Mutatis mutandis: «Satani uko egiten diozu?». «Jainkoaren seme-alaba oro maite dut, baita askatasuna ere, eta batari zein besteari kalte egiten dionaren aurka nago». «Ikusi? Ez dio uko egin Satani. Honekin sekretupean hitzarmena duelako froga nahikoa». Kondena, eskumikua eta… Noizko sutara Aukera Guztiakekoak?

Iritzi artikulu hau Berria egunkarian argitaratua izan zen.