3ARRANO.com

azken eguneraketa: 2006/08/06

- harpidetu

Mediatekako iritzia

(Iragarkia: Firefox 2 euskaraz)

Z eredua

Koldo Izagirre - 2005/05/01

Denek zekitela.

Denek zekiten, adituek, pedagogoek, euskaltzaleek, kontseilukideek… denek, gure eskoletako gaztetxoek euskara maila kaskarra daukatelakoa.

Denek zekitela eta denek egiten dutela bat diagnostikoan: ereduak porrot egin du.

Lasai gelditu gara, atzemana dugu sistemaren arrakala…

Ereduak porrot?

Denok dakigu ikasle gehienek ateratzen dutela EGA titulua.

Denok dakigu kirol jarduera guztiak erdalduntze lanean ari direla atertu gabe.

Denok dakigu denok gaudela zoratzen gure seme-alabak kirolari ospetsuak izateko.

Denok dakigu ikasturte honetan bertan harrotasunez esan zitzaigula OCDEko herrialdeen batez bestekoetan zegoela EAEko ikasleria.

Denok dakigu Fisika, Kimika eta Geometria ordu kopurua handitzeko asmoa zeukala Jaurlaritzak iazko abenduan.

Denok dakigu gure gazteek ez dutela euskaraz irakurtzen.

Denok dakigu gure gazteek ez dutela euskaraz irakurri nahi, ez zaielako transmititu beraien interesekorik ezer euskarazko testuak ikasarazi zaizkienean.

Denok dakigu Euskara ez dela Hizkuntza, Euskara baizik.

Ereduak porrot?

Denok egin dugu barre.

Denok egin dugu negar gure politikoen hizkuntza maila entzun eta ikusitakoan.

Denok dakigu Arnaldo Otegi ez dela gauza «un nuevo escenario» euskaraz esateko.

Denok dakigu Begoña Errazti ez dela gauza «no mezclemos churras con merinas» euskaraz adierazteko.

Denok dakigu Ibarretxek ez zukeela euskaraz ikasiko lehendakarirako izendatu ez balute.

Denok dakigu Europak euskara hizkuntza ofizialtzat har zezala eskatu zuela Bruselako Europarlamentuan Josu Jon Imazek, denok dakigunean —ez dakienak sinetsiko ahal dit!— Eusko Legebiltzarrean ez dagoela itzulpenik euskaldunontzat.

Denok dakigu maila batetik goiti euskararena simulakro hutsa dela, gezurretan ari zaizkigula, hauetarik, horietarik, haietarik inork inork inork ez duela bere egitekoa euskaraz bizi.

Ereduak porrot?

Denok dakigu seme-alabak gurasoetarik sortzen direla.

Denok dakigu ez dakigula oso ongi zergatik matrikulatzen dituzten guraso askok beren seme-alabak euskal ereduetan.

Denok dakigu haurrek erdaraz egiten dutela patioan, zain dauzkatelarik gurasoek atarian egiten duten bezalaxe.

Denok dakigu eskolan euskaraz ezinean ari dena ez dela euskaldunduko gurasoek ahaleginik egiten ez badute.

Denok dakigu hagitz guraso gutik hartzen duela haurren eskolakoaren ardura.

Ereduak porrot?

Denok amorratu gara Euskadi Gaztea entzun behar izan dugunetan.

Denok daukagu gogoan Mikel Markezen artikulu eder hura, alabei Euskal Telebista ikustea debekatu zienekoa.

Denok dakigu.

Denok dakigu denok dakigula erdaraz.

Denok dakigu ertzain bati gure hizkuntzan eginez gero «�Tú de qué vas?» entzuteko arriskua daukagula.

Denok dakigu euskara ehuneko hainbeste dela abertzale erdaldunentzat.

Denok dakigu Gari gaztelaniaz kantatzen hasia dela Euskal Herrian.

Denok dakigu euskaldun gehiagok irakurri duela Atxaga gaztelaniaz, euskaraz baino.

Ereduak porrot?

Denok dakigu irakaskuntza ez dela besteak bezalako lanbidea, eta karrerako titulu batek ez duela irakasteko gaitasuna ematen.

Denok dakigu Erkidegoa ez den eta hala ere Euskal Herria dugun zati batean, Institut Universitaire de Formation des Maîtres eskola berezi eta zorrotzean ikasi behar dutela bi urtez irakaslegaiek, unibertsitatean hiru urteko Licence diploma eskuratu ostean.

Denok dakigu gure pedagogoek eskola-liburuetarako sortzen dituzten testuak editorialetan garbitu jantzi orraztu egin behar direla, kalera txukun aterako badira.

Denok dakigu IRALE Irakasleak Alfabetatzeko eta Euskalduntzeko Erakundea dela, nondik ateratzen dugun —denok dakigu— irakasleetan badaudela euskaraz ez dakitenak eta badaudela analfabetoak direnak.

Ereduak porrot?

Denok dakigu aste honetan bertan zortzi gaztetxoren lepora bota nahi dugula ikaskide baten suizidioa.

Denok dakigu gaztetxo horiek hondarribitarrak direla.

Denok dakigu Hondarribian gurasoek berek eraman dituztela haurrak ekitaldi publiko batean beren gisara irten nahi zutenei tu egitera.

Denok dakigu EAEko Hezkuntza Sailburuak esku hanka buru hartu zuela suizidatuaren gurasoek deituriko manifestaldi populista dolubakoan.

Denok dakigu guraso horiek irakasleak kulpabletu nahi izan zituztela aurrena, eta orain seme hilaren ikaskideak dituztela errudun egin, ez hedabide gehienen laguntza eta botere publiko guztien konplizitatea gabe.

Denok dakigu Jokin Z.ren gurasoek behin eta birritan esan zuten harako hura, denok omen genekiela zer gertatzen zitzaion beren haur dohakabeari.

Denok, Z.tarrek izan ezik.

Ez, ereduak ez du porrot egin.

Ereduak biziki ongi funtzionatu du, bortizkerian bezala hizkuntzan: emaitzak froga.

Baina inork ez dugu geure erantzukizuna aitortuko.

Z. ereduan gaude matrikulatuak… denok.

Iritzi artikulu hau Berria egunkarian argitaratua izan zen.