3ARRANO.com

azken eguneraketa: 2006/12/23

- harpidetu

Mediatekako narrazioak

(Iragarkia: Thunderbird euskaraz)

Bi ahoak

Xiberoako ipuina - (Igela aldizkaria, 1962)

Urte hartan Bazko eguna Maiatzean gertatu zen. Santa Graziko mendiak lilitzen ari ziren eta anbula-loreen kirten luzeak haizean dantzan. Bazko bezperan bazterretxe hartako hirur alabak Santa Graziko kalera konfesatzera joateko, goizihintza urtu gabe bidean abiatu ziren.

Bi alaba zaharrenak bidean oso serio joaten ziren, Iruineko kalean izan balira bezala. Gaztea, lorean erlea bezala, salto hara eta hona, lorez lore kurritzen zitzaien. Bi ahizpa zaharrenak predikatuta ere, ez zen gazteena geldirik egoten.

Baina bide erdia eginik zutelarik ahizpa gazteena oihuz eta dantzan hasi zen:

— Jesu Maria! Hau gauza ederra. Eta lurrera apaldu zen zerbait borobilen biltzeko.

Bi ahizpak hurbiltzean gazteenak:

— Begira zer eraztun ederra, lurrean idoro dudan eta harri presios batekin —besteak bekaitzez leher eginda zeuden:— Ez dun hirea, guk lehen ikusi dinagu. Ez baldin badun gurekin partitzen edo galdu duanari itzultzen, jaun erretorari salatuko haigu.

Apaiza hasi zen, etxeko alabaren konfesetan eta etxeko primak bere pekatuak aitortu ondoren, ahizpa gazteena salatzen du. Erretorak dio:

— Ez da egiaz pekatu eraztun horren edukitzea, galtzailea agertu arte behintzat, zenbait tratalari faltsu edo kontrabandisten batek galdua izango da eta luzaro zuen eskuetan egongo. Halarik ere, zeinek lehen ikusi zuen eztabaida bat sortu baita bakoitzari galdera bat egingo dizuet eta hobekienik erantzungo eta ihardetsiko duenak eraztuna eramango du: Zenbat aho dituzu?

— Jaun erretora, biga.

— Zein da zaharrena?

— Jauna, behekoa.

— Zertako?

— Jaun erretora, behekoak bizarra baitu eta aldiz gainekoak ez oraindik.

Bigarren alaba konfesatzera hurbildu zenean apaizak ez zuen uste erantzun hobeagorik etzungo zuela eta neska konfesatu ondoren bigarrenari ber galdera zuzendu zion.

— Zenbat aho dituzu?

— Biga, jaun erretora.

— Zein da zaharrena?

— Gainekoa jauna.

— Zertako arren?

— Zeren eta gainekoak haginak aspaldian badauzka, behekoak aldiz oraino egiteko.

Biek zein hobeto erantzun zioten eta orain eraztundunaren aldi zen gazteenak pekatu arin batzu aitortu ondoren, erretorak eraztunaren kondua aipatu zion eta ber kondizionetan, ber galderak egin.

— Zenbat aho ditudan jauna, biga.

— Zein da zaharrena?

— Gainekoa, jauna.

— Zertako, nere haurra?

— Jauna, gainekoak aspaldian ez du mamatu eta edoski, behekoak aldiz bart oraino edoskitzen zuen.

Hala gelditu zen gazteena eraztunarekin eta burua etxera sartu.