3ARRANO.com

azken eguneraketa: 2007/01/06

- harpidetu

Mediatekako narrazioak

(Iragarkia: Thunderbird euskaraz)

Ginebra erregina herbestean

Joseba Sarrionandia - Narrazioak (Elkar, 1983)

«Evak eskuan eutsi zuen fruitua hartu zueneko arrama eta iadanik ez du egundo, ez lehenago ez geroago, arrama hori soltatu» Queste del Saint Graal

Mugarrako harkaitzaren barrenean, iratze gorrituz estaliriko mendi magalean, arroka bat datza, eta arrokaren gain gainean Etxaburuko dorrea. Karratua, argal eta altua, heroeen garaiko arrasto baten gisan; harririk harri igotzen dira huntz hosto horituak bere horma zaharretan gora. Lau aldeetara ditu leihoak; baina guti eta tipiegiak sekretorik aldegiten uzteko. Atea, mendi alderantza du. Atzekalderantza, amildegia eta, han behean, errekasto garden bat, landare umel eta harritxo borobilduen artean irristatzen.

Dorretxetik hurbil, adats horaileko andere bat dabil, Ginebra, zeta urdinezko saiarekin eta bere zaldi zuriaren gainean, haruntz eta honunzko xenderatan. Erreka bazterreraino iritsi da bere noruegar zaldi zuria eta, egarriaz, ur ilun eta barera makurtu da. Ginebrak, zaldi gainetik, izpilu batetan bezala dakusa bere burua. Bere berrogeita hamar urtetan, ederra da oraindik, bere gorputz ondu eta begirada lasaian, baina hegaztitxo triste bat da bere bihotza. Orain, zaldiaren muturrak ura xurgatzean, ondatxotan asaldatzen da izpilua.

Ginebrak bere erregina denborak oroitzen ditu, ifarraldeko bere erresumako zalduneria eta menturak, joandako guzia. Menturen haroa iragan eta, beren erresuma guzia sakabanatu zenean, herbestera joan ziren heroeak. Arthur erregea eta Ginebra, Kamelokeko gaztelu almenatua hutsik utziaz, Etxaburuko dorre zahar eta hestura etorri behar izan ziren. Fool ere, bufoia, heurekin ekarri zuten, berak nahi zuelako, baina bakoitza bere aldetik hurrindu ziren gorteko gainerako zerbitzari, zaldun eta dontzeilak.

Edan du zaldiak eta, ugalik tiratu gabe, berez doa, bere apatx ferratuez horbela zapalduaz. Herbestera, Lanzelot izan zen heurekin etorritako zaldun bakarra, eta hauzoan geratu zen Arthur eta Ginebraren alboan egoteagatik, Hormaetxe baserrian, Galahad bere semearekin. Geldiro doa noruegar zaldi zuria, pagoen artean, eta Hormaetxerantza begiratzen du Ginebrak, bere aurpegi zurbilean begiak zabaldu eta luzatuaz. Gero, erreginaren eta Lanzeloten arteko erlazio lizunen esamesak zabaldu ziren herbesteko lehen urteetan eta, horregatik, mundua ibiltzera abiatu zen Lanzelot, baserrian Galahad gaztea bakarrik utziaz.

Batbatean, ugaletik tiratu eta Ginebrak Hormaetxerantza gidatzen du bere zaldia, zurezko zubitxoaren gainetik, estarta bigun bat segituaz. Andereak, baserriaren atarian aurkitu du mutila, Galahad, liburu gorri bat irakurtzen eta Lanzelotekiko antza hartzen dio.

— Zure aitaren berririk baduzu? —galdetu du Ginebrak.

— Azkeneko berria duela aste bete hartu nuen —erantzun du Galahadek—, telegrama bat Thesalonikako hiritik, bizirik dagoela eta Istanbulerantza doala esateko.

— Istanbul? —galdetu du andereak.

— Bai, lehengo Konstantinopla —dio mutilak.

Eta malko bat isuri du Ginebrak, kristaltxo baten antzera erori zaio masailean behera, zaldiaren ilain zurietan galtzera.

— Bere begi urdin berberak dituzu —esan dio andereak mutikoari.

Laster, Etxabururantza itzultzen da erregina, Lanzelot eta Galahad gogoan daramatzala. Bere amodioa ezina dela jakin arren, Lanzeloten itzulera espero du oraindik, edo hori da behintzat bere etsipenaren eta esperantzaren aitzakia. Galahad, berriz bere aitaren beste figura bat da, haragi berbera arima garbi bat edukitzen. Zurezko zubitxoa iraganda, etxera hurbiltzen ari da zaldi zuria. Ginebraren senarra eta morroia sagastian daude, sagar umatuak batzen, eta heurengana doa. Sagarrak makila batez jota edo arbolak eraginez botatzen dituzte, gero lurretik zestu lodietara sartzeko.

— Non egon zara? —galdetu dio Arthurek Ginebrari.

— Bidean —erantzun du andereak—, gaztae eta ezti saltzaileak iragaiten dira eta zerbait erosteko, baina gaur ez da inor pasatu.

Arthur eta Fool, bizkarrean sagar zestu bana kargatuaz, etxera doaz, Ginebrarekin. Sagar ugari geratu da arboletan zintzilik, umatu eta, ia, usteltzen. Igelak, aho zakuak buztuta, kroaka ari dira dorrearen azpian. Bere zestua atarian utzi eta, bufoiak, erregina bere zalditik jeisten lagundu du.

— Neuk sartuko dut gortara —esan du.

Barruan, sukaldera sartu dira erregea eta erregina. Arthur, bere urrezko koroa erantzi eta armairu apalean utzi ondoren, sutondoko aulkitxoan eseri da, bardako enborretan sugarrak berbizten entseiatzeko.

— Ezagutzen duzu Galahad? —esan dio, begiratu gabe, Ginebrari— Bera da, herbesteko heroeen artean, Graal saindua aurkitzeko eta mundura zoriona ekartzeko azkenengo esperantza.

Ginebra bere gelara igon da, hiru besoko kandelairu bat izeki du, eta izpiluaren aurrean eseri da. Bere adats hori luzeak orraztu ditu, eta gainera, bakardadeak gorriz tindatu dizkio ezpain eta hatzazalak. Gero, bere ohe zabalean etzan da, biluzik.

Egunsentiak larrosa hatzez eman dio neguko eguzkiari irteera, Santikurutzeko muino elurreztatuen gainera.

Lehen argiarekin jalgi da Fool, eta erreka barrenean dabil, kainabera eta asunen artean, elur eta izotz guneak zapaldu eta landareetako ihintzagarra astinduaz. Bera ez da morroi bat, horregatik ez da jan, lan eta lo bakarrik egitera mugatzen, bufoia da, nahiz eta herbestean eta koroa kobre doratuzkoa duen errege batentzat. Ustekabean, belar luze batzu ostikoz jotzean, sugegorri bat agertu zaio eta, bere begi dizdizari eta letagin zuriez beldurturik, Etxabururantza itzuli da Fool. Hemen, Arthur aurkitu du sukaldean, abarkak janzten.

— Bitoriako feriara nioak —esan du Arthur erregeak— idiak saltzera, garbitu eta atera itzak gortatik.

Eta gortara doa Fool, idiak txarrantxaz garbitu, eta atarira atera ditu biak, manta marratu banarekin.

— Zeurekin joango naiz? —galdetu du Foolek.

— Ez, geratu hadi hemen —esan du Arthurek— etxea zaintzen.

Eta Arthur, bere idi gorri eta astun biekin abiatu da Urkiolara bidean. Geroago eta hurrinago, erregea eta bere abere biak, astiro, hiru puntu dira aldatz elurreztatuan geroago eta tipiagoak.

Ginebra atarira irten denean, Fool aizkoraz ari da enbor sendo batzu ebakitzen.

— Noiz itzuliko dela esan dizu? —galdetu du erreginak.

— Arratsera arte ez —erantzun du morroiak.

Ginebrak, etxera sartu eta, oihal gorri bat eskegi du ifarralderako leiho batetan, Hormaetxetik doi doi ikusgarri den lekuan.

Eguerdian heldu da Galahad, gabardinaz. Ginebrari liburu batzu ekartzera datorrela esan du, Foolekin gurutzatu denean, masaila zurbilak gorritu zaizkion unean.

Orduan, pagadirantza doa morroia. Berak ere, bere gorputz traketsaren gatibuan, Ginebra maite du, inork baino lehenagotik. Marraztu ditu, inoiz, bien bihotzak gezi batez lotuak pagoren baten azalean; gainerako pagoak dira, mutu eta itsuak, bere sekretoaren lekuko bakarrak. Enbor eta arramak biltzen ari delarik, brisara hozkirria senditzen du arnasean eta, pagaditik ibar zuria eta ortze urdina soegitean, morroi bilakaturiko bufoiaren begiak grisak dira, antzara biren modukoak.

Ginebra, anartean, biluzik dago bere ohe zabalean eta biluzik dago Galahad ere, bere gainean. Marfila izaren gainean, marfil malgu, ikarati eta amoltsuzkoak dira beren menbroak. Zabaldu egin dira anderearen zangoak, ateak egunerako bezala, eta barrura sartzean ondatxo ezti batzu hedatzen dira sabeletik gaztearen gorputz guzira. Higiduran, anderearen hatzazal gorriek mutilaren ile beltzarana josten dute.

Etxaburuko dorrera itzultzean, Foolek ez du inor aurkitu, ez atarian, ez ezkaratzean, ez sukaldean, ez salan. Emeki emeki, Ginebraren gelaraino eraman ditu bere urratsak eta, belarria atearen kontra iminiaz entzuten du. Ez daki tristurazko zotinak ala plazerezko hasperenak diren, eta ezpainak hortzen artean sakatzen ditu.

Gero sukaldera doa, Fool, eta isiltasunean eseri da, su itzaliaren alboan. Gaua abailtzen ari da, leihoaren zirrikituetarik haize hotza sartzen, baina ez da dorreko biztanleengana fatuaren konfidentziarik sartzen. Irratia izetu du, berehala amatatzeko, eta ez daki zer egin, itxadoteaz gainera. Zoriona eguzkiaren modukoa dela pentsatzen du, epeltzen gaituela batzutan, erretzen gaituela aldizka, eta denboraren ia erdian abandonaturik gaduzkala, baina beti hurrin eta hatzeman ezinik dagoela. Edo, pentsatzen du baitaere, ilargiaren modukoa dela, ez bait du ez epeltzeko ez erabat erretzeko aski indarrik.

Sukaldeko mahai gainean Galahaden gabardina ikusi du Foolek. Errekistatu eta, liburu gorri bat atera du. Orrialde batzu irakurtzen ditu, iluntasunagatik begiak arras hurreratuaz. Gero, ez du liburutxoa gabardinaren boltsilora itzuli, armairu apalean uzten bait du.

Haizeak ikaratzen ditu dorreko zerrailak eta krisketak, zentzurik gabeko musika bat sortuaz.


Arthur erregeak ez du gau osoan lorik egin, Etxaburudorreko zurezko zolatan bere oinotsa, oinots beti berregin eta azkenik gabea, senditu da gauaren denbora guzian.

Goiz goizik, Fool ohetik jeiki denean, Arthur bere esperoan dago sukaldean.

— Atzo Galahad Hormaetxeakoa egon zuan hemen? —galdetu dio erregeak morroiari.

— Bai, jauna.

— Ginebrarekin? —galdetu du erregeak, malenkoniaz.

— Bai, jauna —erantzun du morroiak.

— Lehenago ez dituk elkartu?

— Sarritan, jauna.

— Non? —galdetu du erregeak.

— Ginebraren gelan, jauna —dio morroiak.

Eta epai une batetan bezala isiltzen dira biak, herabe, epaileak ala epaituak diren ez dakitela.


Leihotik soeginez gero, orain, dena elurrez estalirik ageri da, eta mantu zuriaren gainean ikaratzen dira errainuak, brisara hotz batek ikaratuak.

— Legeak beteko ditiagu —dio Arthur erregeak—, Galahadekin burrukatuko nauk lehenbizi, gero Ginebra erreko diagu.

Salako hormatik bere ezpata soltatu eta Hormaetxerantza abiatu da Arthur erregea, oinez, urratsak belaunetaraino murgiltzen zaizkiolarik.

Galahad lo dago oraindik, erregea bere ezpatarekin iritsi denean. Baina ez du odolak oheko izararik busti. Kolpeka, Arthurek gelatik eta etxetik lekora atera du Galahad, baratzeraino, eta elur gainean dardaraka daduka mutilaren gorputz larua. Oilo lumatu baten antzera. Galahadek ez du ihes egiteko abagadunerik ez ausardiarik, Arthurek bere ezpata hondoratu du mutilaren bular biluzian, bihotzaren alturan, eta erortzen begiratu du. Odola lodi isuri da soinean behera, zangoak flakatu, eta zerraldo geratu da, begiak hertsi gabe.

Hurrindik, Etxeburudorreko leiho batetatik, begira dago Ginebra. Hara han, elurtzan, Galahad garbia bere odoletan eta, iadanik, belez inguratua. Hiru kolore: zuria, gorria eta beltza, aspaldian estaliriko ferde ikustezin baten gainean. Begira eta negarrez dago Ginebra. Malkoak arren, begi urdin bi ikusi ditu bele banaren mokoetan, Etxaburudorre gainean ingururik inguru eta Mugarrako harkaitzaren aldera desagertzen.

Bere ezpata odoldua garbitu gabe itzuli da Arthur bere etxaguntzara.

— Fool —dio—, ekar ezak egurra basotik, eta gerta ezak sute bat erregina erretzeko.

Bufoia, asto tipi eta iletsu bat sokatik eramanez, pagadi alderantza doa. Bere amodio marrazkia pago azaletan bilatu arren, ez du aurkitzen. Elurraren pisuagatik abailduriko arramak ebakitzen ditu, eta enbor zahar umelduak desestaltzen, asto gainera kargatzeko.

Bitartean, atarian geratu da Arthur erregea, izozturik bezala. Bere aurpegi zurbilean bere bizar urdinduan larritasun sakon bat igartzen da. Hil egin da Graal sainduaren esperantza guzia, esperoa besterik ez uzteko, hautsi egin da kristalezko bihotza eta herbesteko lurretan barreiaturik geratu dira puskak, xederik gabe.

— Non egingo dugu sutea? —galdetu dio Foolek Arthuri, bere gogoetetarik esnatuaz.

— Inon ere ez —erantzun du erregeak—, ez diagu erregina erreko.

Etxe bazterrean deskargatu ditu morroiak bere enbor eta arramak, eta gortara sartzen du astotxo isila.

Eguzkia harkaitzaren bestekaldean ezkutatu da, bere sandalia epelekin gelditu gabe doalarik. Ondoren, iluntzeak zabalduko du bere mantua, gizasemeak lotara gonbidatuaz.

— Ez ditut nik bere malkoak erreko —dio Arthur erregeak, eta artega sartzen da dorrera.


Neguko ikatz eta gaztaina saltzaileen ondoren, udaberriko funanbulo eta kaldereroak iragan dira, eguzkia ere egunero iragaiten da epel eta hurrinegia. Hodei gris eta sendoek estaltzen dituzte, itzal bigun bat emanaz, donibane suetarako erregaien bila ari direnak.

Etxaburuko dorrearen alboan gauza ugari pilatu da. Aspaldidanik gordetako kazeta sortak, zurezko panpina batzu, familiaren elizarako kadira zaharra, zubi zurkaiztu baten oholak, eta enbor eta egurrak. Iluntzearekin batera, ematen diote sua guziari, Arthur erregea, Ginebra erregina eta Fool, bufoia, inguruan daudela.

Arratsean, muino eta hauzune guzietan izeki dira suak, bai Santikurutzeko tontorrean, bai Izurtzako magaletan, bai Urkiolarako aldapetan. Saguzahar bat, suteek beldurtua dirudiela, urduri ari da dorrearen inguruan eta zuhaitz gainak ukituaz hegatsez.

— Fool —esan du Arthurek—, hoa gortara eta ekar ezak gurdia, erretzeko. Idiak salduta, ez diagu gurdi beharrik.

Eta handia da sua, hirurentzat bakarrik. Surtara begira daude, jauzi eta benedikaziorik gabe, isilean; ezin da jakin heuren gogoa sugarretan gora doan ala errauts gisa pilatzen den lurretan. Isilean, su pindarren hotsa salbu.

Arthur erregearen bizar urdinduari urrearen laurtasuna ematen dio suak; ikatz gorien modukoak dira bere begiak, itsuak, surtara bakarrik begira. Ginebrak erdi hertsirik ditu begiak, arramatxo ferde bat daduka hatzamarretan, eta hegalik gabeko hegazti bat da bere bihotza.

Luzaroan dirau suteak, gauza erreen kexuaz beste solasik gabe. Ikatzak amatatzen hastean, Arthur erregea dorrerantza sartu da, ibilkera nekatua arrastatuaz. Ginebraren urrats geldoa doa, gero, harrizko eskaileretan gora.

Suak, finean, itzali egiten dira, gauerdiaren oinek zapalduriko ipurtargiak bailiren.

Foolek, errautsen epeltasunean, hurrineko suak ezabatzen soegin ditu, kantu eta irrintzi hurrinak entzunaz. Orain, ortzeko izarrei begira dago; izarrak, sekula aldatzen ez denaren hornidura. Begira, eta lurrean etzanik, bertan hartzen du loak bufoia, ametsen mundura eramateko.

Dorreko bere gelan, kanderailuaren argi mehetan erantzi ditu Ginebrak gerria estutzen dioten faxak, sabel zuri eta lodi bat libre utziaz. Leihora hurbildu da, erdi ilunetan, eta bere barruan hazten ari den haurra jolasetan ari dela senditzen du. Malko batzu isuri, eta ezpainak mogitzen ditu erreginak.

— Zertarako zatoz —imajina daiteke dioela—, zertara zatoz zorigaiztokoa, ez baduzu zoriona munduko lurraldeotara zurekin ekarriko.