3ARRANO.com

azken eguneraketa: 2007/01/07

- harpidetu

Mediatekako narrazioak

(Iragarkia: Firefox 2 euskaraz)

Haur bat jolasean

Xabier Mendiguren - Berria egunkaria (03/07/13)

Kaleko haur bat, zortzi-bederatzi urtekoa, aitonaren baserri hustuaren inguruan jolasten, bera bakarrik, makila batekin, D'Artagnan dela, Kortsario Beltza dela, edo Capitán Trueno dela imajinatuz: etsaiak hiltzen ditu, haurrak eta damak salbatzen ditu, itsasontziak edo diligentziak asaltatzen ditu, kainoiak, puñalak, ezpatak, trabukoak... arma guztiak darabiltza esku artean, etsaiak ere gero eta ugariago baitira, inguratuta daukate eta nonbaitetik egin beharko du ihes. Hemendik! Ez, hortik ez, sua dago-eta; eta maldan behera alde egin behar, arrisku bizian, gobernadorearen tropa traidoreak atzetik tiroka ari direla.

Bere borroka-amets horietan leku arrotz batera iritsi da mutikoa; hor goian ikusten ditu baserria eta berak jolas-leku dituen bazterrak; arbel-mendiaren beheko aldean geratu da bera, eta jaistea baino zailago iruditzen zaio orain igotzea, atzetik xaxaka zituen arerioak desagertu eta gero; ezkerretik joz gero, soro bazterretik, aurki joko du kaminoa, eta hortik berriz baserria; eskuin alderantz, berriz, sasiak eta sastrakak erdi ezkutuan utzitako bidetxidor bat bereizten du, arratsaldeko argi apalean misterio kutsu batez jantzia. Hortik abiatzea pentsatu du, ezezaguna baitzaio bidea, zer atzemango, nora iritsiko. Makilaz ibili behar du sasiak baztertzen eta asunak zapaltzen, bidea libratzeko. Egin du harramazkaren bat edo beste, eta atzera egitea pentsatu du, baina laharrez itxiago ikusten du egindako bide-zatia aurrean daukana baino, eta aitzina jo du, abenturan gero eta murgilduago dagoen sentipenarekin.

Halako batean, gizon bat: «Nora hoa, mutikoa?» Haurrak ez daki meatze-zulo bat denik hura, orain urte batzuk itxi zutenez geroztik hutsik dagoena; are gutxiago daki gizon hori zaindari dagoela hor, mutikoa bezalako begiluzeak uxatzeko eta txakurrak azalduz gero aurre egiteko, horretarakoxe dauka gerrian sartuta pistola bat, jertse lodiaren pean. Gizonak ere ez daki nor den mutikoa, aurretik ikusi ote duen barruntatzen du baina inguruko baserrietakoa ez da behintzat; susmagarria egin zaio une batez baina, ze arraio!, ume bat besterik ez da-eta, auskalo nola iritsi den inguruotara.

— Segi ezak hortik —esan dio—, hemendik ez haiz inora joango-eta.

Bestela ere irudika dezakegu gertakizuna, kiligarriagoa egin nahi izanez gero. Meategi-sarreran zaindari dagoen gizona, kakagurak amorratzen zegoela-eta, bazter batera joan da egin beharrekoak egitera; ezin narrastuko du gero beraiek egon behar duten lekua; gainera, egun osoan ez da herritarrik ere agertu. Kakaa egiten ari den une horretan azaldu da ordea mutikoa, eta, meatze-zulo hori ikusita, liluratuta geratu da, hau bai deskubrimendua!

Egin du barrura. Mutikoak ez du linternarik, makila besterik ez, eta estropezu egin du sartu orduko. «Benantxio! Hi al haiz?», esan du norbaitek hor barrutik, eta mutikoa geldirik geratu da, izoztuta, abentura hori berak nahi baino egiazkoagoa ote den errezeloarekin. Aterantz egin baino lehen garondotik heldu dio atzapar sendo batek eta bere atzean entzun du boz sendo mehatxuzko bat:

— Zein haiz hi? Zer egiten duk hemen?

Negarrari eman dio mutikoak, ikaratuta, eta zotin artean esan du Larregiko Patxiren biloba dela, eta jolasean zebilela, eta berak ez duela ezer egin, berak ez... Negarrak eta estualdiak zentzumenak aztoratu badizkiote ere, denbora pasatu ahala, meatze-zuloko erdi-ilunpera jarri zaio begia, eta bere aurrean hasi da itzal batzuk bereizten, gero itzal horiei gizon-emakumeen taxua hartzen, eta haien eskuetan , azkenean, pistola antzeko batzuk antzematen. Pentsatzeko gauza ez dela, burutazio kontraesankorrak igarotzen zaizkio burutik, tximisten moduan: batetik, gezurretakoak ematen dutela burni puska horiek, berak egiazkorik inoiz ikusi ez badu ere, pelikuletakoak soilik; eta, bestetik, abenturak egiazki ez direla batere liluragarriak: bera hor hotzak dago, hezetasuna dago, eta aurrean dituen pistoladun horiek ere, lapur, kontrabandista edo zer diren ez dakien horiek ere ez dutela filmetako itxura interesgarria: jende korrientea ematen dute, jertse lodiz eta txamarraz jantzita, eta euskara normalez mintzo dira. Gaizkileak euskaraz hizketan?, harrigarria zaio hori ere.

Hizketan ari dira euren artean, ahapetik aurrena, haurrak ez entzuteko moduan; gero, berriz, meatze barrenetik ahots nekatu bat aditu da, erdaraz: «¿Qué pasa ahí? ¿Qué me vais a hacer?»*. Galdera bikoitzari bi lagunek erantzun diote, batera ia-ia: «Tú cállate, viejo»**. «Cállate, cabrón»***. Hortik aurrera, ozenki segitu dute, lehengo isil-gordeak zentzua galduta bezala.

Haurrarekin zer egin ari dira eztabaidatzen. Batek askatzeko esaten du, besteak ezinezkoa dela, ikusi dituenak ikusi eta gero.

— Hemen edukiko dugu, zaharrarekin, eta biak batera askatuko ditugu.

— Baina hori ezinezkoa da. Umearen bila hasiko dira berehala, eta mina-zulora ere sartuko dira, hemen erori ote den.

— Orduan zer egin behar dugu? Txintxoa izateko esanda alde egiten utzi?

— Edo beldurra sartuta.

Beldurra sartu beharrik ez dauka mutikoak, guztiz baitago ikaratuta. Ikusi eta entzundakoak prozesatu eta egoera aski ongi ulertzera iritsi da: gizon-emakume horiek zahar bat daukate hor barruan lotuta, sekuestratuta, eta orain berarekin zer egin ari dira eztabaidatzen, beren ezkutalekua deskubritu duenez gero. Pelikula batean balego jo eta ihes egin behar lukeela bururatzen zaio, baina ez da mugitzeko gauza, hau ez baita zinema: noiz ikusi da film batean jendea euskaraz?

Mutikoa bere gogoetan ari zen bitartean bahitzaileek pentsaka jarraitu dute, eta azkenean erabaki dute zulo hau ez dela segurua eta beste ezkutaleku batera joan behar dutela, gaur bertan, zaharra hartuta.

— Eta umea? Zer egingo dugu: gurekin eraman?

— Zertarako? Bazterrak gehiago nahasteko? Hobe dugu hemen uztea.

— Eta kontu kontari hasten bada?

— Zer kontatuko du? Eta zeinek sinistuko dio?

Orduan, sudur luze eta aurpegi zorrotzeko gizona, besteak baino txikixeagoa zena, makurtu egin zen mutikoaren parean geratu arte, bere eskuak haurraren sorbaldetan jarri, eta, tinko begiratuaz, halaxe esan zion:

— Hi euskalduna haiz, ezta?

Mutikoak baiezko mutua, buruaz.

— Eta euskaldunen alde hago?

Baietz berriz, goitik behera.

— Hortaz, ez duk ezertxo esan behar hemen ikusi duanaz. Ezta hitzerdi bat ere, e?

Eta mutikoak aurrena ezetz eta gero baietz, nahastuta, azkenean, eztarriko korapiloa askatuta, hitzez adierazi zuen arte:

— Ez dut ezer esango.

Horixe izan zen Txikia neure bizitzan ikusi nuen aldi bakarra, eta harekin egindako isiltasun-tratua, gaur arte zintzo asko gorde dudana.

*: Zer gertatzen da hor? Zer egin behar didazue?

**: Isil hadi, agurea!

***: Ixo, urde halakoa!