3ARRANO.com

azken eguneraketa: 2007/01/06

- harpidetu

Mediatekako narrazioak

(Iragarkia: Glest 2.0.0 - Munstro berriak zure zain)

Orreaga

Kondaira herrikoia

Gauerdia da. Altabizkarreko inguruetan entzuten dira otsoen izugarrizko orroak, eta holatan euskaldunek zorrozten dituzte bere eztenak eta aizkorak Ibainetako harri eta haitzarteetan.

Kexu eta erreus, Karlomanek eztezake lorik har. Ohe saihetsean bereter batek irakurtzen du amoriozko kontu bat; hurrunxeago Arrolan handiak argitzen du bere Durandal ezpata famatua, eta Turpin ona ari da Jainkoaren Ama Sainduari otoitzen.

'Bereter maitea' dio Errege Karlomanek 'zer da gaueko isiltasuna hausten duen zurrumurru hori?'

'Jauna' ihardesten dio bereterrak 'itsasoa baino zabalago den Iratiko oihaneko hostoak dira haizeak erabiltzen.'

'Ah! haur maitea, heriotzaren deiadarra iduri dik, eta ene bihotza lazten duk.'

Gaua osoki ilun da. (...) Altabizkarreko inguruetan otsoak orroaz ari dira, eta euskaldunek zorrozten dituzte bere eztenak eta aizkorak Ibainetako harroketan.

'Zer da herots hori?' galdetzen du berriz Karlomanek, eta bereterrak, loaz egotzirik, ez dio ihardesten.

'Jauna' dio Arrolan azkarrak 'mendiko ur-turrusta da, Andresaroko artaldearen marrakak.'

'Intziri bat iduri du' ihardesten du Errege frantzesak.

'Egia da Jauna' dio Arrolanek 'herri honek negar egiten du gutaz oroitzen denean.'

Kexueriarekin Karlomanek ezin dezake loa bil; zeru lurrak argi gabe dira; otsoak orrokoz ari dira Altabizkarren; euskaldunen eztenek eta aizkorek dizdiratzen dituzte Ibainetako haritzarteetan.

'Ah! dio hasperenez Karlomanek 'ez dezaket loa bil; suharrak erratzen nau. Zer da herots hori? eta Arrolanek, loaz egotzirik, ez dio ihardesten.

'Jauna' dio Turpin onak 'otoi ezazu nirekin. Herots hori euskaldunen gerla-ahairia da, eta hau da gure omen handiaren azken eguna.'

Ekia dizdiratsu da mendian. Karlomanek, garaiturik, ihes egiten du bere longaina gorri eta luma belztun kapeluarekin. Haur eta emakumeak dantzari dira Ibainetan. Jada ez da atzerritarrik Euskal Herrian, eta ortziraino igotzen da baskoien irrintzia.