eskohitza.com

EskohitzaBlogakEskoitzan... libre! → EUROAGINDUA DELA ETA MARIXOL IPARRAGIRRERI ELKARREZKETA

RSS 2.0

EUROAGINDUA DELA ETA MARIXOL IPARRAGIRRERI ELKARREZKETA

Eskoitzan... libre! (Eskoitzan... libre!)

2011-09-14

Etiketak: (ez dago etiketarik)

MARIXOL IPARRAGIRREREN AURKAKO EUROAGINDU ESKAERA DELA ETA MARIXOLI EGINDAKO ELKARRIZKETA.

Zaila da zu Frantziako mapan kokatzea. Zer dela eta zaude orain Lyon-Corbaseko kartzelan?

Zergatik hemen? Ez behintzat legeak dioena jarraitzen dutelako. Sakabanaketaren beste urrats bat izan da. Udaberrian estreinatu genuen Lyon-Corbas euskal presook. Parisen espetxeratuta geunden 3 kide eta beste 3 atxilotu berri hartu eta Lyon-Corbasera! Mapan kokatzeko Alpeetatik gertu dagoela esan dezaket. Kartzela berri-berria da. Hona iritsi ginenetik ez dugu arnasa asko hartu, oinarrizkoak diren eskubideak ere borrokatu behar baititugu. Kolektibo izaera onartzeko ahaleginean ari gara ere. Zigor-ziegetan egon berri gara eta edozein unetan gaude berriro han!

Ia zazpi urte igaro dira atxilotu zintuztenetik, zein da zure egoera juridikoa?

Bai, 7 urte beteko ditut urrian. Abenduan epaitu ninduten azkenean, epaitzeko epe guztiak topera eraman-eta gero. 20 urtera kondenatu gintuzten bikotekidea eta biok baina helegitea jarri genuenez epaiketa berriro noiz egingo zain gaude. Frantzian dosier bakarra dut, baina espainolak ez dira geldirik egon 7 urte hauetan. Igorri dituzten Estradizio eta Euro-agindu guztiak onartu dituzte epaile frantsesek, 14 ditut onartuta. Udara honetan sorpresa eman didate, onartutako 4 euro-agindurengatik berehala espainiaratzea eskatu baitu Andreu Merelles epaileak, presa omen du ni epaitzeko.

Lehen estradizioak ziren, ondoren euro-aginduak iritsi ziren. Frantziak epaitu osteko behin-behineko maileguak ziren, eta orain aldiz Frantzian epaitu aurretik uzten dituzte euskal presoak Espainiako juztiziaren eskuetan. Azalduko zenuke zer den bakoitza?

93a baino lehenagoko aferengatik estradizio eskaerak egin behar zituen Espainiak. Estradizio epaiketa batean eskaeraren oinarria aztertu behar izaten zen eta defentsa egiteko aukera, txikia bazen ere, ematen zuen horrek Ondorengo aferentzat Euro-agindua erabili behar du – Europar Batasuneko legedia osatzen hasi eta formula hori asmatu baitzuten estradizioa ordezkatzeko-. Euro-agindua oso espeditiboa da, lagunen arteko formalismo batera mugatzen da. Eskaerari buruzko epaiketa egin behar da, bai, baina tramite hutsa da: zuri zuzendua dela baieztatu eta ezer gutxi gehiago egiten dute epaileek. Baina espainolek presa dute beti. Eta orain arte Frantziak bertan epaitu arte itxaroteko agintzen bazuen ere, bada urtebete edo epaiketaren zain egona ere espainiaratzen gaituztela. Azkenean lortu dute espainolek! Frantziak eskatu ahala bidaltzen gaituzte orain espainiara.

Eta zer ekartzen dio horrek presoari?

Ez egonkortasuna, kondena bikoitzak, bizi balditzak okertzea… Badakigu espainolek nola osatzen dituzten beraien dosierrak. Torturapean egindako deklarazioetako datuetan oinarritutako eskaerak igortzen dituzte dozenaka. Nik jaso ditudan guztiak horrela eginda daude. Bakoitzarengatik epaiketa egin behar dizute. Printzipioz epaiketaren zain zaudenean zure defentsa prestatzen ari zara, alde batetik bestera erabiltzen bazaituzte, beraien interes mediatikoa eta mendeku gogoa asetzeko, zure kalterako da, zu egoera ezegonkor batean baitzaude ezer prestatzeko. Espainiako kartzelan isolamenduan sartzen gaituzte gehienok. Behin espainian zaudela mailegu egonaldia luzatzeko eskatzen dute espainolek eta Frantziak onartzen. Gertatu izan da Espainian urtebete luze pasa ondoren berriro Frantziara itzultzea epaiketa bakar bat ere egin gabe. Beno, eta epaiketa guzti horiekin kondena urteak karameloak balira bezala pilatzea, noski. Nik, beste kideek bezala, Frantziako kondena osorik bete beharko nuke eta ondoren espainiak ezarritakoak. Alferrik da aritmetika egitea, ezinezkoa izango zait hainbeste urtez bizirik irautea!

Zein interes du Espainiak?

Eta Frantziak ere badu bere interesa. Zertan ari dira Frantzia eta Espainia euskal militanteekin? Espainiarren helburu lehena, nahiz eta frantzian atxilotu, gu beraien eskuetan ahalik eta azkarren edukitzea izan da beti eta Frantzia pozik gu paretik kentzeko aukera izanda, berauen diskurtsoa beti izan baita euskal arazoa espainiarren arazoa baino ez dela. Espainiarrentzat ehiza piezak gara, auskalo zenbateko indarra eta dirua jartzen duen Frantses estatuan bertan gu atxilotzeko. Baina… zer gertatzen zaie espainolei gurekin? Gu atxilotu eta ezin ehiza argazkia atera! Ezin gu erakutsi beraien eskuetan! Frantzian dosierra ireki eta urteetan gordetzen baikaituzte epaitu aurretik, kondenak ere gero eta luzeagoak dira eta presa dute espainolek! Berehala nahi gaituzte beraien ziegetan, baina batez ere beraien zirko mediatikoa elikatzeko nahi gaituzte, gu beraien eskuetan erakusteak garaipen itxura ematen baitie.

Urteetan atzera egin nahi nuke, halere, gaur mendeku eta propagandarako erabili nahi baikaituzte ere, ez delako hori izan beraien helburu lehena. Estatuen arteko tramiteak sinplifikatzeko ekimen hori aspalditik dator. Espainolen helburu aitor ezina euskal militanteak torturatzeko aukera izatea izan da beti eta nazioarteko legedia traba izan da horretarako. Nola egin beste estatu batean atxilotzen zituztenekin? Legeak dio epaile baten eskuetatik beste baten eskuetara egin behar dela tramitea, polizien eskuetatik pasatu gabe, eta hori ez da inoiz espainolen gustukoa izan. Gertaera larriena urgentziazko kanporaketak onartu zenekoa izan zen. 80ko hamarkadan, bide hori erabiliz Frantzia epainol torturatzaileen eskuetan euskal militanteen autobuskadak jartzera iritsi zen 87an. Urte gogorrak izan ziren haiek! Aspaldi ez da horrelakorik gertatu. Orain kasu gehienetan poliziaren eskuetatik pasatu gabe egiten baitira, zuzenean epailearen aurrera eramaten gaituztelako. Baina tortura aukera hor dago beti, batez ere frantzian kondena bukatu eta espainian dosierrik ez duen jendearentzat, horiek mugan uzten baititu Frantziak kondena bukatu ondoren. Poliziak erabakitzen du orduan aske utzi edo atxilotu. Eta ez dira gutxi basatiki torturatuak izan diren kideak.

Zein da Frantziaren jarrera tortura salaketen aurrean?

Nire ustez frantsesek ez dute inongo zalantzarik, badakite Espainiak tortura erabiltzen duela, baina begiak ixten dituzte. Ez da beraien afera. Raison d’Etat deitzen zaio horri. Frantziak, Giza Eskubideen jatorrian badago ere, tortura erabili du beharezkoa ikusi duenean, Espainiak ere erabil dezakeela eritziko dio. Epaitegi desberdinak ezagutu ditut sakabanaketa dela-eta, Tolosa (Okzitania) eta Aix-en-Provenceko epaileek interesa agertzen zuten tortura testigantza entzuteko. Kontrakoa gertatu izan zait Parisen. Tortura testigantza irakurtzen hasi eta bortitz erntzuten zuten, irainduak sentituko balira bezala. Abenduko epaiketan Pello Alkantarillak bere tortura testigantza egin zuenean epaileetako batzuen interes falta nabarmena zen, besteok zirrarak hartuta geundela epaileetako batek lo hartu zuen.

Euskal Herrian prozesu demokratiko bat eraikitzeko urratsak egiten ari dira hainbat eragile, zer eragin daukate euro-aginduen bidezko entrega hauek?

Euskal Herrian prozesu demokratiko bat irekitzeko ahaleginean ari garen bitartean Madriletik –eta Paristik bere neurrian- guzti hori zapuzteko ahalegina baino ez dator. Une garrantzitsura iritsi gara, ageri-agerian dago zein den arazoaren muina, independentziaren ordezko trikimailuek porrot egin dute eta garden ageri da Herri bezala etorkizuna erabakitzeko aukera berri bat ireki dela. Euro-aginduen kontuak (presoen aurkako neurriak bezala) urteetan eraikitako errepresio bideak direla jakin behar da, makina martxan jarri eta geldiezinak direnak bertan behera uzteko erabaki argi bat hartu arte. Guk gure hausnarketa egin eta militantzia egoera berrira egokitzea erabaki badugu ere estatuek oraindik beraien inertzia zaharkituan jarraitzen dute. Nik ring-ean nokeatuta bakarrik gelditu den boxeolariaren antza hartzen diet. Baina badakite: partida jada ez dago ring horretan. Alferrik ari dira.

Irailaren 13an Bordeleko epaitegian erabakiko dute behin-behineko mailegua onartu edo ez. Zein da zure jarrera? Zer adieraziko diezu?

Betidanik esan dut ez dudala onartzen espainiaratzea. 20 urte nituela torturatu ninduten eta 30 urte geroago oraindik ere tortura erabiltzen duen estatu batera eramatea errefusatu baino ezin dut egin. Ezin dut onartu. Bordeleko epaileari hori esango diot eta torturatzaileekin ez kolaboratzeko eskatuko. Borroka molde desberdinak azertzen ari naiz, eta oraingoz ez dut ezer erabakita. Epaiketa egunean jakingo duzue. Hori bai, espainiaratzen banaute, argi dut, ez dudala nire kabuz urrats bakar bat bera ere emango, eraman egin beharko naute.

Zer gaitasun ikusten diozu errepresioaren aurrean eraikitzen ari den herri harresiari?

Ez dut inoiz ahaztuko euro-agindu baten epaiketan epaileak serio-serio Frantses herritarrengandik jasotako agindua betez epaitzen ninduela esan zidanean. Ezer gutxi zekiten herritar frantsesek gela horretan gertatzen ari zenaz eta are gutxiago beraien izena tortura babesteko erabiltzen ari zirenik. Gaitasun handia ikusten diot herri harresiari, gaitasun osoa. Jendartearen parte handi bat terrorismoaren aurkako lege berezi eta bidegabeen bidez baztertu, zigortu eta ehizarako pieza bihurtzea onartu eta babestu duten ordezkari politikoek ardura handia dute gaur bizi dugun egoeran, berdin politika epaitegien bidez egitea ahalbideratu duten epaileek. Boterea herriari lapurtu eta beraien interes ekonomiko eta politikoak babesteko eta bermatzeko errepresio modu guztiak ahalbideratu dituzten politikari eta epaileak dira. Lotsarik gabe herriaren izenean ari direla esaten digute gainera! Bada garaia herriak ez duela errepresiorik onartuko esateko. Bada garaia aski da esateko.

Tortura salaketak daude euro-agindu horiek oinarritu diren adierazpen iturburuan, iazko abenduan Parisen epaitu zintuztenean ere tortura aipagai izan zen askotan, loturarik ikusten al duzu bien artean?

Bai, egon daitekeela uste dut. Ahal izan dudan bakoitzean torturaren erabilpena salatu izan dut. Atxilotu gintuzten garai beretsuan atxilotu zuten Amaia Urizar de Paz, lagun batek bere testigantza gogorra helarazia zidan kartzelara frantsesera itzulita, ez nuen besterik, baina nahikoa zen entzun nahi zuenaren konbikzioak dardarka jartzeko eta horrela izan zen Tolosan eta Aix-en-Provenceko epaigeletan. Eta Andreu Merellesen aldetik mendeku gogoa egon daitekeela uste dut. Abenduko epaiketan, Parisen bere izena askotan atera zelako torturari lotuta. Izan ere, Pello Alkantarillaren dosierra berak egin zuen, berari kontatu zion Pellok guardia zibilaren eskuetan jasandakoa, berak erabaki zuen guardia zibilari egindako adierazpenak legezko baldintzetan egin zirela eta horrela idatzi zuen Pello Frantzian epaitu zezaten onartu eta epaile frantsesari igorri zion txostenean. Abenduko epaiketan, Parisen, abokatuaren helburu nagusietako bat Pelloren deklarazioak zein baldintzetan egin ziren argitzea izan zen, horretarako Andreu Merellesek gutunez igorritako erantzuna irakurri zuen, bertan egun horietan lana zuela eta ezinezkoa izango zitzaiola etortzea zioen. Abokatuak ez zuen etsi, oinarrizko elementua argitzeko epailearen lekukotza ezinbestekoa zela argudiatu eta behin eta berriro errepikatu zuen eskaera epaiketak iraun zuen bitartean, hilabete batez alegia. Epaiketa moztu genuen ere egun batez, aurkezteko eskaera berri bat igor ziezaioten lortu genuen. Eskaera horri ere ezezkoa emateko beste arrazoi bat ere aurkitu zuen Andreu Merellesek. Bordeleko lau euro-agindu horiek berak egindako eskaerak dira. Kasualitatea ote mugitzen lehenak bereak izatea?

Aurore Martin, Segiko kideak, Daniel Derguy… badirudi euro-aginduaren aurrean kontzientzia pizten ari dela eta aurkako mugimendua indartzen ari dela. Orain arte euskal preosek ez dute euro-aginduen aurka borrokarik egin, zergatik orain?

Kontzientzia piztu da, lan asko egin delako piztu da. Hainbeste biegabekeri gertatzen ari den unean, ez naiz ari bakarrik euskal militanteoi egiten zaizkigunaz –hor dago kanporatze agindupean edozein baldintzetan giltzapetuta daukaten paperik gabeko jendea adibidez- bada zertan militatu eta batez ere isiltasun mediatikoa hausteko gaitasuna izatea. Euro-aginduaren kontuarekin mugimendu zabala lortu da, prentsa eta irrati zein telebista frantsesetako zentsura gainditu da ere eta hori gaur egun urratsa handia da. Euro-agindua zern den jendarteratzea lortu da, agerian gelditu da osatu gabeko lege bat dela, bidegabekeriei bidea irekitzen diela… Euskal presoek ez dute euro-aginduen aurka borroka egin? Beno, ez dut uste kanporatuak izan diren kideek horrela pentsatuko dutenik. Borroka modu askoz egin daiteke, eta presoak ondo daki hori, egunerokoa baitu presoak borroka. Nik nire aldetik Andreu Merellesek egindako eskaera hau erronka bat bezala hartzen dut, ez maila pertsonalean, torturatu guztien izenean baizik. Torturan oinarritutako euro-aginduak bertan behera uzteko borroka egingo dut, egingo dugu. Tortura desagertarazteko beste urrats bat emateko aukera dut/dugu eta erronka horri gogor eutsiko diot/diogu. 

 

Zabaldu | Bildu

Erantzunak

Ez dago erantzunik.

Zeuk erantzun

(ez da publikatuko) (zenbakiz idatzi)

Azken erantzunak

  • Ez dago erantzunik

Etiketak

2011 hauteskundeak abeltzaintza AEB AHT Aitzorrotz albisteak 2.0 Alejandria alkatea android android euskeraz AP-1 arazoa aretxabaleta argia sariak arrazakeria askatasuna atxabalta Atxorrotx autopista barkos iraulis Bazen behin... bertso afaixa bertsuek bidehuts bioerregaia bloga boterea bush Compartir Dóna Gustet copyleft Darwin degurixa demokrazia desafixua dragoibola dragonball Eboluzioa Eduardo EEBB egoitza egunkaria eguzkia EHZ eingeinke ekologia ekologikoa el corazon del sapo eliza emakumea emigrazioa erlijioa errepresioa eskohitza Eskoitza eskoriatza eskutitza estandarrak estricalla Eurocopa euskal herria euskal literatura musika euskal-selekzioa euskalgintza euskara euskera eztabaida facebook firefox futbola gabonak Galeano Galiza garapenerako lankidetza Gari garraio publikoa Gioconda Belli gmail gnu/linux gogoeta Haiti hauteskundeak Hautespen naturala herri indigenak hipokrisia hotmail IE ikastaroa inboluzioa informatika inkernu inkernu agurra 5 urte integrazioa internet internet explorer irak irteera jaiak jaixak jamendo janari bilketa jokoak jokuak Karlos osinaga kataia eten barik kloakao kontsulta kontsumitzaile kooperatiba kotxeak krisia Kultura laboa lehendakaria librezale Liburutegia lokalizazioa memoria Michael Jackson minecraft miss miusikal moments monarkia mozilla mugikorrak musika musika askea Nafarroa natura nazioak nekazaritza nortasuna nubi elkartea oñati obaba ondare historikoa oporrak palestina Pirritx Porrotx sarrerak psikosia poesia postarixa presoak sagardotegia sahara san pedroak san pedruak Sanpedruak sarea seiluak senidetzea SGAE google software librea sormena telegarraioa toponimia twitter ubuntu umorea undefined willis drummond windows wordpress xenofobia Zientzia zinia


Blog honetako edukiak Creative Commons BY-SA 3.0 lizentziaz babestuta daude.