eskohitza.com

EskohitzaBlogakIlargipetik → Medusak

RSS 2.0

Medusak

Leire Urzelai (Ilargipetik)

2009-08-22

Etiketak:

Medusak uretatik kanpo

Nere lagun batek esan duzt aurten euskal hondartzetan medusa pilo bat dazela. Ura bero-bero dauela eta mediterraneoa dirudiela. Ta gogoratu dot, behin, medusa batek pikau zuztela. Zizzztttttttt!!! Ta mina.

Ta gero gogora etorri jat beste ziztada mota batzuk.

Azkenaldian, gure Rudolf maitea eta bere sekitoa euskal herrietan egiten dabitzenak ziztada mingarriak die.  Tasiok Garan ederto azaldu dau udara honetan:

tasio 20090723
(Tasio, 2009-07-23ko Garan)

tasop 20090817
(Tasio, 2009-08-17ko Garan)

Zer lortu nahi dauien argi dau, baina oso argi geratzen ari da, baitaere, barruan daukien gorroto eta amorru guztia. Mina eragin nahi daue eta min gehien egiten dauen lekura fan die. Hori al da gauzak konpontzeko bidea? Euskal Herriko segurtasun arazo nagusiena al da euskal preso politikoen argazkiak kalean erakustea eta ikustea?

Noiztik da delitua maite dozun pertsonetaz gogoratzia? Ze legek uka diezaioke ama, aita, alaba, seme, bikote, arreba, anai, lagun, senide bati, maite dauen hori gogoan izatia?

Nere injeniutatean pentsau nauen ez zirela "ausartuko". Baina berriro tronpatu naz. "Ausartu" die eta zelan gainera!!!  Prepotentzia eta amorruz beteta.

Mila medusa izurri bat baino askoz larrixaua da gainera etorri jakuna. Bueno, etorri-etorri... hau ez da zerutik jausi, baina hori beste baterako itxikot........

Zabaldu | Bildu

Erantzunak

ibai 2009-08-27

Eta ondion etorteke dauena... Baltz ikusteitxut gauzak, baine hau be pasauko da.

Espero dot PSOEi botua emutentzienak eta guzti konturatuko diela oso oker dabitzela...

Lore bi 2009-08-29

Ba bai, medusen izurri hau larria izaten ari da eta ondo diozun bezala ez da zerutik etorri baizik eta euskal gizartearen aurkako korrontean ongi planifikatutako estrategiaren parte baino ez da.  

 

Euskal gatazka politikoa onartzen ez dutenen estrategiaren parte dira aurrez komunikabideak itxi izana, dispertsioaren legea, alderdi politikoen ilegalizazioa, atxiloketak, inkomunikazioak, torturak… eta oraingo uda honetan presoen eskubideen aldeko agerraldi, argazki, etab. erakusten dituztenen aurka lotsagabeki eta sistematikoki egin diren erasoak.  

 

Ibai, PSOEkoak aipatzen dituzu. Nik ez nuke gogoeta esparru horretara soilik mugatuko. Iruditzen zait, Ajuria Eneako maizter hau, hori, maizterra baino ez dela, eta zartagina eskutik etxe horretan, beste batzuek daukatela. Ez al zaizu iruditzen aurrez ere, etxe horretan egon diren maizterrak, soka honi tiraka edo helduaz ibili direla? Beraz, guzti honetaz gogoeta denek egin beharko lukete eta, zergatik ez, baita ezker abertzaleak ere.  

 

Basagoitik aste honetan aurrekontuen harira egindako adierazpenak ere nahikoa esanguratsuak dira. Aurrezte aldera planteatzen duena honakoa: EAEko Gobernuak munduan zehar dituen delegazioak ixtea, bere hitzetan. Horra hor, jende honek erakusten duen asmoa, eta kasu honetan ez doa soilik ezker abertzalearen aurka. Soka horri tiratuz gero noraino iritsiko litzake? Pentsatze hutsak beldurra ematen dit.  

 

Tira baina medusen kontu honetara bueltatuz. Nik ez dut argi berez pasako denik, hauek korronte bat hartzen dutenean horri jarraitzen baitiote dena libre aurkitzen badute. Eta bien bitartean zer?  

 

Atzo hileko azken ostiraleko agerraldiak zer pentsatua eman zidan. Presoen senideak eta beste dozena erdi lagun elkartu ziren plazan. Zergatik halako erantzun makala abertzaleak gehiengo dituen herri batean? Jendea nekatu egin al da? Beldurra al dago? Egia da presioa nabaria dela.  

 

Herriko hainbat balkoietatik ere jendeak kendu ditu presoen banderolak.  

 

Uste dut momentu honetan, medusen aurkako antidotorik eraginkorrena elkartuta egotea dela, eta batez ere, presoen senitartekoei babesa adieraztea.  

 

Bukatzeko, nabardura bat; medusei kalte egiten dienak ez dira argazki eta zeinuak, horien esangura baizik. Beraz, ideiak argi izatea eta horiek defendatzea da momentu honetan garrantzitsuena. Besarkada bat herriko preso eta senideei.  

doro 2009-09-06

Abuztu honetan, TASIO itzel!!! kriton komikiak argitaratu ditu. Orain urte batzuk Durangoko azokarako atera zuten bere tirekin egindako urtekaria, eta oso argigarria zan urteari errepasoa emateko. Aurten be, mesedez, gura dot horrelako zerbait!!

Leire 2009-09-08

Gai honekin lotuta, testu on eta interesgarri bat Argian. Xabier Letonak idatzia.  

 

----------------------------------------------------------  

 

http://www.argia.com/argia-astekaria/2196/ez-da-giza-eskubideen-izenean  

 

Ez da giza eskubideen izenean  

 

Xabier Letona  

 

Presoen argazkien auziak arazoa eta liskarra ekarri du uda honetan euskal gizartera, berdin da Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuaren politikak arazorik konpondu ez izana eta haren aginduek liskar gehiago eragitea. Garrantzitsuena ez baita arazoak bideratu eta saihestea, funtsezkoena ETAren deslegitimazio sozialaren politika baita, eta horretan ari dela argi eta garbi erakustea. Argi dago ETAk baduela –gaur atzo baino gutxiago– legitimazio sozial maila bat eta, arrazoi askorengatik, badu logikarik PSE-PP gobernu batek legitimazio sozial horren aurka egitea. Edo lehenago EAJ-EA-EB gobernuak ere hala egitea. Beste kontua da deslegitimazio horretarako edozer onargarria izatea, orain presoen auzian egiten ari den bezala.  

 

Une honetan, aldiz, konpontzea ez da garrantzitsuena, gogortasun irudi zehatza argi gizarteratzea baizik. Hori ari da izaten Patxi Lopez gobernuaren helburu nagusietakoa bere agintaldiaren hasieratik, bai ETAren atentatuen erantzunen antolaketan edo bai presoekiko elkartasun adierazle izan daitekeen edozein agerpenetan.  

 

Auzi honetan euskal gizarteak bizi dituen arazo politiko ugari islatzen badira ere, errepresio gertaera zehatz hauetan brotxa sendoari heldu dio Aresek eta bere zertzeladekin beste arazo ugari ezkutatu, nagusiena euskal preso politikoen eta haien senideen giza eskubideen bortxaketa.  

 

Ez naiz sartuko sufrimenduaren konparaketa eta graduazioetan, baina ohikoan euskal presoek bizi dituzten baldintza oso gogorrez gain, aipatuko ditudan lau zutoinak giza eskubideen urraketa eragile sendoak dira eta presoak –pertsonak– helburu politikoetarako erabiltzen direla frogatzen dute: bat, sakabanaketa presoen eta haien senideen aurkako giza eskubideen bortxaketa da; bi, Parot Legea Espainiako Estatuak gauzatu duen tresna juridiko maltzur eta presoen eskubide urratzaile handiena da; hiru, preso gaixo larriekiko politikak ondorio larriak dauzka preso askorentzat; lau, “dena da ETA” politiken ondorioz, ETAkoak ez diren dozenaka preso ofizialki ETAko bihurtu ditu Estatuak.  

 

Aipatutako lau esparru horietan, azken 30 urteetan ehunka dira politika horien desagerpena aldarrikatu duten euskal instituzioen eskaerak, bai udaletxe, batzar nagusi zein Eusko Legebiltzarrean bertan. Madrilen agintean bat edo bestea izan, muzin egin zaie beti eskaera horiei. Gaur egun ere euskal gizartearen zati handi batek –handienak, alderdien ordezkarien esanei erreparatuz gero– presoen eskubideak aintzat hartzea eskatzen du eta aipatu lau zutoin horien desagerpena. Baina ETAren aurkako PSE-PP diskurtsoa gailentzen zaio beste edozelako diskurtsori, eta horren froga da Eudel ere Eusko Jaurlaritzaren presioetara makurtzearena. Eskubide batzuen izenean –ETAren biktimena adibidez– ezin dira beste batzuk zanpatu –presoekiko elkartasunarena eta haien eskubideen defentsarena esate baterako–. Akaso helburu politiko zehatzen izenean bai, baina ez behintzat giza eskubideen izenean.  

 

Presoen eskubideen defentsan aritzea ez da ETAren alde aritzea, hori bistan da. Preso ohi bati, ongi etorri bat egitea politikoki adierazgarria izan daiteke –batez ere horietan parte hartzen duen jende kopurua eta mezuaren arabera–, baina maitasun agerpen hori batez ere bere gertukoenen agerpen humanoa da, izan preso ohia dena delako kolorekoa. Komunikabide ofizial nagusienek hori esan arren, “Presoak Euskal Herrira” bandera edo beste hainbeste sinbolo ETAren sinbolo eta elkartasun gertaera ETArenak direla esatea errealitatearen distortsio sakon eta interesatua da.  

 

----------------------------------------------------------

Zeuk erantzun

(ez da publikatuko) (zenbakiz idatzi)