PPS ala ODP

Zer da PPS?

PPS, edo PowerPoint Show, Microsoft konpainiaren Ms Office bulegorako suitean datorren PowerPoint programarekin sorturiko fitxategia da. Beraz, diapositiba emanaldi edo aurkezpen hau ikusteko nahitaez Microsoften baliabideak erabili behar dira: batetik Windows sistema eragilea, eta bestetik Ms Office.

Beraz, adibidez, Linuxeko erabiltzaileek ez dute aurkezpen hauek ikusteko aukerarik.

Eta zer da ODP?

ODP, edo Open Document Presentation, Open Document estandarraren barneko aurkezpen fitxategia da. Open Document OASISek (Organization for the Advancement of Structured Information Standards) garaturiko estandar bat da, XML fitxategietan oinarriturik ofimatika dokumentuak sortzeko. Hau da OpenOffice.org-en azken bertsioetan erabiltzen dena, baita Koffice eta Abiword bezala aplikazio ezagunek darabiltena ere.

Beraz, ODPek ez dute PPS fitxategiek besteko mugarik.

Bietatik zein aukeratu?

Hori zuk erabaki beharko duzu. Lagunen artean Windows erabiltzen ez duen inor al duzu? Orduan zalantza gabe ODP fitxategia eskuratu beharko zenuke. Baina lagun guztiek Windows badarabilte ere, ez ahaztu ODP Open Document estandarraren zati bat dela, eta informatikaren mundua hobetzen laguntzen duela, Bill Gatesen makrokonpainiak jarritako mugak kenduz.