eskohitza.com

EskohitzaAipagarriak → Nazionalismo endekatuak

RSS 2.0

Nazionalismo endekatuak

Data: 2008-05-21

Iturria: Iñaki Soto (GAUR8)

Aurreko astean mezu bat heldu zitzaidan Internet bidez. Michel Collonen zerrenda zen mezuaren jatorria. Adolfo Pérez Esquivelek, Noam Chomskyk eta Rigoberta Menchúk sinatzen zuten mezua, baina berez dozenaka intelektualek babesten zuten manifestua zekarren. Boliviako Santa Cruzen egin berri den erreferendumaren aurkako agiria zen.

Sinatzaile gehienen alde eta Boliviaren banaketaren aurka nagoenez, interes handiz hasi nintzen testua irakurtzen. Izenburuak berak iragarri zidan, ordea, nire adostasuna hasiera batean uste izan nuena baino txikiagoa izango zela. Testua irakurtzean argudiaketarekin bat ez nentorrela ohartu nintzen. Amaitzeko, sinatzaileen zerrendari begiradatxo bat bota ondoren, manifestuarekin ados ez nengoela erabaki nuen. Adi, honekin ez baitut esan nahi manifestua gaizki iruditzen zaidanik. Ez dut esaten ere sinatzaileek gaizki egin dutenik testu horri babesa ematen. Ez dakit besterik ados zitekeen eta lehendabiziko unean emandako erantzun bat izateko baliagarria iruditzen zait. Nolanahi ere, hemendik aurrera auzi honetan manifestu horrek markatu duen ildoa ez jarraitzea proposatzen dut, argi eta garbi.

 

Hasiera-hasieratik: izenburua

«Bolivia zatitzeko konspirazioa salatu behar da». Horixe zen manifestuaren izenburua. Zer dago, bada, gaizki hor? Nire ustez, konspirazio hitza arriskutsua da. Lehenik eta behin, gu besteak baino azkarragoak garela iradokitzen duelako. Guk eliteen azpijokoak ikusi ditugu, baina bertakoak gu baino motzagoak dira, antza. Gainera, konspirazioaren teoriak zientzia sozialen azpigenero bat bihurtu dira. Jarraitzaile asko dituen ikuspuntua da, kausa-efektu logikari erraz erantzuten diolako. Erraz, baina oker. Gertakarien artean ezkutuko hariak botatzea erraza da; hauek behar bezala justifikatzea, ordea, ez da hain erraza.

Horren harira, azkenaldian entzun dudan kritikarik interesgarrienetakoaz oroitu nintzen. Walden Bello intelektual filipinarrak Naomi Kleinen «The Shock Doctrine» liburuaren balioa goraipatu ondoren, konspirazioaren generoan lerratua geratzeko duen arriskua aipatzen du. Txileko kasua ardatz hartua, Bellok argi erakusten du estatu kolpea ez zela Chicagoko eskola batean sortu, baizik eta Txileko klase ertainen eta militarren interes komunetan. Yankiek lagundu zezaketen -hala izan zen-, baina ezin zuten holakorik egin bertako gizartearen parte garrantzitsu baten babesik gabe.

 

Testuaren «oinarriak»

Manifestua motza da, apenas 200 hitz. Bi paragrafok kezkatu naute gehien. Lehendabizikoa hauxe: «Historiak esangura handiz erakusten du kanpoko interesek babestutako eta eragindako prozesu separatista eta zatikatzaileek gizateriarentzat izan dituzten ondorio izugarriak». Zein kasu? Lituania ala Noruega? Montenegro ala Kosovo? Zein gizateria? Jatorriz gaur egun existitzen den estatuen sistema osatzera deitua zen antzinako gizateria bat? Zein da hemen primordialista? Eta hona bigarren pasartea: «Santa Cruzeko Autonomia Estatutua deitutakoa gaitzesten dugu gure Amerikako nazio baten batasunaren aurkako saiakera ez-konstituzionala delako». Argudio ezaguna guretzat, ezta? Hori al da mundu osoko ezkerrak duen argudiorik sakonena, zorrotzena?

 

Sinatzaileen jatorria

Sinatzaile gehienak latinoamerikarrak edo «latinoamerikanistak» dira. Lehendabizikoen aurka ez daukat ezer ere. Guztiz kontrakoa. Latinoamerika borrokaren eta duintasunaren eredu iruditu izan zait beti, eta gure imajinario kolektiboaren parte izan da eta izango da. Bolivar, Martí, Zapata, Sandino, Che, Fidel... goi mailako iraultzaileak eta abertzaleak izan ziren.

«Latinoamerikanistek», ordea, beldur puntu bat ematen didate. Orokortzea gaizki dagoen arren, horietatik askok eta askok internazionalismoa eta abenturazaletasuna nahasten dutela uste dut. Beren etxeko miserietatik ihesi mundu honetan utopia topatu dutela uste dute. Eta gu guztiok, baita bertako herritarrak ere, egia horretaz konbentzitu nahi gaituzte.

Horretaz gain, Alfonso Sastre zegoen sinatzaileen artean eta «España» izenaren ondoan. Adi berriro, ez naiz-eta bera kritikatzen ari. Ez dut uste Sastrek honela sinatu duenik eta honela balitz ere, orain eztabaida ez da hori. Auzia zera da: aipatutako paragrafoek ez dutela tarterik uzten «Euskal Herria»ren gisako jatorririk onartzeko. Hemen ere, gure Europako nazio baten batasuna arriskuan jartzen ari omen garelako, modu ez-konstituzionalean, jakina.

 

Santa Cruzen sezesioaren aurka

Santa Cruzen, oligarkez haraindi, nortasun propioa duen populazioa dago. Honela aitortzen du, adibidez, Pérez Esquivelek. Nortasun hori da, hain zuzen ere, oligarkek baliatu dutena proiektu sasi-abertzalea bultzatzeko eta bertakoen zati garrantzitsu baten babesa lortzeko.

Santa Cruzeko edo Padaniako (Italiaren iparraldean) programa politikoa ez da nazionalista. Nazionalismo endekatuak dira, nolabait esateko. Bertako zenbait alderdi eta eragilek eraikuntza nazionalaren elementuak baliatu dituzte diskurtso abertzale bat osatzeko, baina horien atzean ez dago zapaldutako komunitate kulturalik, ezta gutxiago ere.

Izan ere, Evo Morales da Bolivia osoan aspaldian egon den agintari abertzale bakarra. Ez konstituzioak babesten duelako, herriaren alde ari delako baizik.

Zabaldu | Bildu