eskohitza.com

EskohitzaAipagarriak → Yoani paradoxen munduan

RSS 2.0

Yoani paradoxen munduan

Data: 2010-01-20

Iturria: Pascual Serrano (Público)

Azken urte honetan kazetaritza sari gehien lortu duen pertsona, Ortega y Gasset espainiarra barne, ez da kazetaria. Fundación Panamericana del Desarrollo erakundeak Kubako gobernuari aurre egiteagatik "hemisferioko heroia" izendatu duen pertsona honek ez du sekula kartzela edo auzitegirik zapaldu. Internet, diotenez, debekatua omen dagoen herrialde batean bere lana burutzen duen bitartean, CNNk bere bloga munduko 25 onenen artean sartzen du eta Columbiako unibertsitateak María Moors Cabot kazetaritza sari historikoa eman zion blog honen bidez “Kuba –digitalki– gainontzeko munduarekin konektatzearren”.

Hainbestetan saritutako kazetariak elkarrizketa bat baizik ez du argitaratu, AEBetako presidente Barack Obamari eginikoa, baina Columbiako unibertsitatearen saria Latinamerika eta Karibearen kobertura eskaintzeagatik eman diote, nahiz eta bisitatu dituen herrialde bakarrak Alemania, Suitza eta Kuba izan. Yoani Sánchezi buruz gabiltza, eta bere bloga Generación Y da.

Famaren gailurrera igoera meteorikoa izan zen. Bloga 2007ko apirilean ireki zuen, urrian Reuterseko korrespontsalak agentziaren teletipo bat argitaratu zuen, munduko zenbait tokitan argitaratu zena. Bi hilabete geroago, The Wall Street Journalek orrialde osoa eskaini zion, azalean ere aipamena eginez. Egun batzuk beranduago El País egunkari espainiarrak elkarrizketa egin zion, eta kontrazalean jarri. Hilabete geroago bere etxeko atarian zeuzkan zain The New York Times, Die Zeit, The Washington Post, Reporteros Sin Fronteras, Alemaniako telebista, Espainiakoa, Al Jazzira…

Blogak argia ikusi eta urtebetera, Time aldizkariak munduan influentzia gehien zuten 100 pertsonen artean sartu zuen, eta Foreign Policy aldizkariak urteko hamar intelektual iberoamerikarrik garrantzitsuenetan. Alemaniako telebista eta irratiko sariak eta guzti jaso ditu, nahiz eta epaimahaiko 12 kazetarietatik bakarrak zekien espainolez.

Kubak pairatzen duen egoera tragikoari buruzko bere sentipenak estilo intimistarekin indibidualki partekatzen dituen emakume ausart gisa aurkezten duten arren, bere bloga hemezortzi hizkuntzatara itzultzen da, Europar Batasuneko dokumentazioak inoiz lortu ez duen erronka honakoa. Gurasotzat duen gunearen izenak –desdecuba.com– aditzera ematen du konexio esfortzu guzti hori uhartetik datorrela, baina zerbitzariak Alemanian hartzen du ostatu. Blogariak mobilizazioak antolatzeko Twitter, foro sozialak eta beste zenbait web 2.0 baliabide erabiltzen ditu, Kuban hauek apenas erabiltzen direnean. Laguntza teknikoak, ia esklusiboki bere blogari zerbitzu emateaz arduratzen denak, 14 milioi bisita jasotzen duelarik hilero, gaur egun milaka dolarreko kostua dauka. Ez dago uharte osoan Interneteko webgune bakar bat ere, ez pribatu ez publikorik, Yoani Sánchezen blogak duen diseinu eta teknologia potentziala daukanik.

Iragan azaroan, Yoanik salatu zuen Kubako gobernuko agenteek bortizki jipoitu zutela. Komunikabide guztiek eman zuten erasoaren berri eta AEBetako gobernuak bere “kezka sakona” agertu zuen, nahiz eta azken honek 48 ordu lehenago 34 urteko kubatar bat exekutatu zuen 2009ko exekuzio kopurua 42ra igoz. Bitxiena da hiru egun geroago BBCko berriemaileak lesioak erakusteko eskatu zionean ordurako desagertu zirela esan zuela; larrialdi zerbitzuan atenditu zuten medikuek ere ez zuten markarik ikusi, Espainiako komunikabide alternatibo bati jakinarazi ziotenez. Korrespontsal atzerritar bakarrak ere ezin izan zuen erasoen testigu bat ere aurkitu, nahiz eta, Yoani Sánchezen esanetan, kalean eta egun argiz gertatu.

Guzti hori Kuban baino ezin da gertatu, paradoxen herrialdea baita hura. Herrialde bakarra da, non BBCko berriemaile Fernando Ravsbergek baieztatzen duen gisan,  erbesteratuak uda oro oporrak pasatzera itzultzen diren jazartzen dituen herrialdera. Kuban, gobernuak herritar bakoitzari hornikuntza-kartilla bat eskaintzen dio lehentasunezko produktuekin ia ezer ordaindu gabe, baina atzerriko prentsak justu kontrako izena ematen dio: razionamendu-kartilla. Bertako gobernua da prentsa askatasuna erasotzearren salaketa gehien jaso dituena komunikabideetako enpresarien eskutik, baina irakurtzeko aukera duten herritar alfabetatu gehien dituen Latinamerikako herrialdea da. Eta Kuba da  munduko kasu bakarra non gobernuaren oposizioko kideak, diktadura batean bizi direla salatzen duten berak, iraultzaren aldeko kideak baino hobeto bizi diren. Bertan dugu Yoani Sánchezen adibidea: kultura saileko goi mailako funtzionariek zenbait egunez Internet gabe egon direla azaltzen didaten bitartean, arazo teknikoen erruz, Sánchezek beti lortzen du konektatzea, ez baitzazio hoteletan ordaintzeko dibisarik falta. Kubatarrei galdetzen badiegu, argi ikusiko dugu gobernua gehien kritikatzen dutenak hain zuzen ere ekonomikoki erosoen daudenak direla.

Yoani Sánchez eta nazioarteko prentsak behin eta berriro gogorarazten dute bera Fidel Castrok pertsonalki erasotua izan zela, baina eraso hau zera izan zen, Kubako presidenteordeak berari erreferentzia egin izana Boliviari buruzko liburu baten hitzaurrean, kritikatuz “horrela pentsatzen duten gazte kubatarrak egotea, sarituko dituen metropoli espainiar zaharraren bidali bereziak, azpijoko eta prentsa neokolonial lana burutzeko”. Dirudienez hau da diktadura kastristak boza altxatzen duen edonor zapaltzeko darabilen suhar gupidagabearen adibide argia.

Nazioarteko prentsak eta sariak banatzen dituzten erakundeek Yoani Sánchezi eginiko ongi etorria ikusita, galdera sortzen zaigu, ea ez dagoen kazetari eta blogari baliozko eta ausartik gainontzeko Latinamerikan, Ekialde Ertainean, Afrikan, edo baita Estatu Batuetan bertan ere. Agian haiek bai zapalduko dituzte espetxeak, benetako markak uzten dituzten poliziaren jipoiak jasango, eta liburu baten hitzaurreko aipu batez gaindi doazen erasoak jasango gobernuaren eskutik.

Zabaldu | Bildu