Eskohitza → Aipagarriak → Europari buruzko hainbat mito eta gezur
Data: 2008-06-16
Iturria: Josu Juaristi (GAUR8)
Bada, ez! Europar Batasuna ez da demokraziaren eredua. Eta irlandarrak ez dira esker txarreko mozkor batzuk. Eta, zalantzarik egon ez dadin, Europar Batasuna ez da Europaren sinonimoa, askok horrela erabiltzen baldin badute ere, nahita. Eta ez da garrantzirik gabeko kontu bat, Amerikako Estatu Batuetatik kanpo bizi daitekeen bezalaxe, Europar Batasunetik kanpo ere bizitza egon badago-eta. Paradisu gutxi geratzen dira munduan, eta aipaturiko bi «super ente» horiek perfekziotik urruti daude. Beste denak bezala.
Irlandako erreferenduma dela eta ez dela, esan eta idatzi diren kontuen harira dator sarrerako digresioa. Diskurtso ofiziala eskuinetik dator eta diskurtso horren haria apurtzeko errealitatea bezalakorik ez dago. Irlandarrei buruz sekulakoak eta bi entzun ditugu azken egunotan. Lisboako Itunari buruzko erreferendumak bazterrak harrotu ditu Bruselan eta estatu kide askoren artean eta, Itun Konstituzionala saldu nahi izan zuten garaian bezalaxe (Frantziako eta Herbehereetako erreferendumetan atzera bota zutena), mito eta gezur ugari zabaldu eta bota dituzte han eta hemen.
Esate baterako, zilegi al da Irlandak Batasuneko Itun bat berresteko herritarrei galdetzea? (eta galdera horri emandako erantzuna loteslea izatea, jakina). Bada, bai, jakina. Baina ez Irlandako Errepublikako Konstituzioak horrela diolako, oinarrizko jarduera demokratikoa delako baizik. Eta horren eskasia handia dago erkidegoa. Erakundeetatik hasita, sarritan aipatu izan den defizit demokratiko handia baitu, sorreratik, bere egituraketan. Izatez, Europako Parlamentua bakarrik izango litzateke erkidegoko erakunde guztietatik demokratikotzat jo genezakeen bakarra, hori bakarrik aukeratzen eta osatzen baita herritarren botoei esker. Hortik aurrera, gauza asko egongo lirateke kontatzeko eta hitz egiteko haren izaera demokratikoari buruz. Besteak, Europako Batzordea zein Ministroen Kontseilua edo Auzitegia, ez dira demokratikoak, ez sorreran, ez jardueran.
Irlandako kontsulta, beraz, irakaspen txiki bat da gabezia demokratikoen mundu honetan.
Zergatik, orduan, horrelako beldurra? Zergatik kritikak? Jakingo balute erreferendumean baietzak erraz irabaziko lukeela, denak poz-pozik izango genituzke, erreferendumaren balioa goraipatuz eta hiritarren europarzaletasun txalogarria nabarmenduz. Baina (azken emaitzaren zain), Irlandak, gainerakoen gabezia demokratikoa azaleratzeaz edo bistaratzeaz gain, dardarka jarri du, beste behin, erkidegoaren egitura. Guztiek berresten ez badute, Lisboako Ituna ez da indarrean sartuko. Eta Nizako mamua, eta sasi Konstituzioaren tragedia bizirik daude, oso, mandatarien oroitzapenean. Baina Irlandak gauza gehiago bistaratu ditu, esate baterako (Irlandan ostegunean, eta azkeneko Europako Parlamenturako hauteskundeetan izandako abstentzio ikaragarria ikusita), europarrak egungo eredutik oso urrun sentitzen direla.
Baina, europarrik gabe mantendu al daiteke Europar Batasuna? Seguru baietz, Amerikako Estatu Batuek herritarren parte-hartze minimo batekin irauten duten bezalaxe. Baina Europar Batasunak ikur bezala hartu ditu bere hiritarrak, eta europarren figura eta ustezko baloreak goraipatu dituzte etengabe... baina, hori guztia, europarrak kontuan hartu gabe egin dute. Eta orain, ondorioak; horrexegatik antolatu du Irlandak bakarrik erreferenduma; horrexegatik dira hurrengo Europako Parlamenturako hauteskundeen beldur. Datorren urtean berrituko da Parlamentua, eta, datu guztien arabera, abstentzioak errekor guztiak tapatuko ditu. Ba al du ustezko demokrazia honek mugarik? Martxa honetan, aurki estatu kideetako parlamentuek erabakiko eta hautatuko dituzte Bruselara bidaliko dituzten parlamentariak, bozketa propiorik gabe.
Esker txarrekoak al dira irlandarrak? Kohesio funtsetatik diru asko joan da Bruselatik Dublinera azken urteotan. Izatez, Kohesioko Laurak izenez ezagutzen zirenen artean zegoen Irlanda... besteak Grezia, Portugal eta Estatu espainola ziren (beste ezer gaineratu baino lehenago, jakin dezala irakurleak, Estatu espainolera joandako dirutza ikaragarri horretatik oso diru gutxi iritsi zela Euskal Herrira, Madrileko baheketa medio). Dirua eman dietenez, esklabo dituztela pentsatu dute, antza, batzuek. Eta ez; kohesio funtsek eta egitura funtsek burua altxatzen lagundu baldin badiete, hobe beraientzat eta hobe Batasunarentzat, diru hartzaile izatetik diru emaile izatera pasatu delako Irlanda, Batasunean sartu diren azken kideen mesederako.
Baietzak zein ezetzak irabazi, biba irlandarrak! Hauek, behinik behin, bozkatzeko aukera eta eskubidea dute. Guk hitzik eta botorik gabe jarraitzen dugu, bigarren maila demokratikoko europar biztanle gisa.