Eskohitza → Aipagarriak → Pixka bat...
Data: 2008-06-18
Iturria: Amagoia Iban (Berria)
Abestitxoa irratian entzuten dudan guztietan, Gernikako Estatutua datorkit gogora. Horri buruz ari denean, auskalo zergatik, Jaurlaritzak ez duelako maite pixka bat es mucho leloa. Pixka bat gutxi da, izan ere, edo ez da nahikoa, eskatzen duzuna jasotzeko eskubide osoa daukazula baldin badakizu. Noski, baten batek esan dezake EAEko biztanleen beren borondate eskasak eragin duela estatutua ez bete izana, eta hiru hamarkadatan bete gabeko hitza betearazi beharrean, hitza bete ez dutenen arabera malgutu behar dela testua. Halakoak esandakoari, izugarrizko «kopeta» daukala erantzungo lioke azkar asko Miren Azkaratek, pixka bat... haserre.
Gernikako Estatutua ahaztu eta Euskararen Legera jauzi egiten dugunean, berriz, kopeten erresuman sartzen gara. Baita legea betetzeko eta betearazteko ardura daukatenen -eta betetzen eta betearazten ez dutenen- artean ere, baina ez omen dugu haserretu behar, pixka bat... itsusi emango lukeelako. Borondatea da hitz magiko berria, pixka bat beti gehiegi dela sinestarazten digun errealitatean. Espainiako erresuman ere oso maiteak dituzten argudioak erabiliz, esate baterako, borondate hutsaren mugetan euskaldunoi dagokigun tokia erakutsi du Frantsesaren Akademiak. Eta toki hori da, dotore esaten saiatuko naiz, pixka bat... estutxo.