Eskohitza → Aipagarriak → Ez dago eskubiderik!
Data: 2008-06-19
Iturria: Egin10.info
Aurtengo uztailaren 15ean hamar urte beteko dira Egin egunkaria eta
irratiak itxi zituztela. Hemen gaudenetako askok gogor salatu genuen
orduan gertatutakoa, hedabide bat ixtea adierazpen askatasunaren
aurkako eraso larria delako. 18/98ko epaiaren ostean, Orain S.A. Egin
argitaratzen zuen enpresako ordezkariak, eta Egin egunkariko zuzendari
eta zuzendariordeak atxilotu, eta dozenaka urteetako zigorra betetzeko
kartzelatu dituzte. Orain S.A. enpresa ETA erakundeak erabat
kontrolatzen eta zuzentzen zituela esan dute Auzitegi Nazionaleko
epaileek, baina ez dute probarik agertu inputatuak ETAko kideak zirela
erakusteko. Hala, duela hamar urte hasitako bidegabekeriarekin aurrera
jarraitzea deliberatu dute berriro ere.
Komunikazioaren munduko
eragile eta langileek ezin dugu isilik geratu oinarrizko eskubideen
zanpaketaren aurrean. Salatu nahi dugu, ozen salatu ere, Orain S.A.ko
kide guztiei ezarritako zigor luzea. Horrekin batera, gaitzetsi nahi
dugu, berriz ere, Egin Irratia eta Egin egunkaria itxi izana,
zuzenbideko estatu batean hedabide bat ixtea guztiz salbuespeneko
neurria izan beharko
lukeelako. Norbanakoen balizko ardura penalak
—kasu honetan, gainera, ez dira frogatu— ezin dira erabili hedabide oso
bat itxi, eta bertako informatzaileak eta informazioaren hartzaileak
—alegia, gizarte osoa— adierazpen askatasun eta eskubiderik gabe uzteko.
Gogoratu
nahi dugu Eginekin batera beste hainbat hedabide ere itxi egin
dituztela urte hauetan —Ardi Beltza aldizkaria eta Euskaldunon
Egunkaria kazeta, besteak beste— eta komunikazioaren munduko beste
hainbat lagun espetxera joan daitezkeela hurrengo hilabeteotan.
Egin-eko kideekin gertatutakoa ikusita, txarrena espero dezakegu.
Baliatu nahi dugu aukera hau kasu horietan inputatuta dauden guztiei
gure elkartasuna adierazteko.
Elkartasuna azaldu nahi diegu ere
espainiar estatuko espetxe ezberdinetan sakabanatuta dauden Orain S.A
eta Egineko kideei, eta berehala askatzeko eta egindako bidegabekeria
zuzentzen hasteko oinarriak jartzeko eskatzen dugu. Salatu nahi dugu
sakabanaketa politika ezarri zaiela dagoeneko, eta haien senide eta
lagunek ehunka kilometro egin beharko dituztela bisitan joan ahal
izateko, horrek ekar dezakeen arrisku larriarekin.