Eskohitza → Aipagarriak → Microsoft poliziala?
Data: 2008-05-25
Iturria: Iratxe Esnaola, informatika ingeniaria (GAUR8)
Albistea beldurgarria izan den arren, ez da harritzekoa izan. Baina harritzekoa ez izanagatik ere, bada aho zabalik uzteko modukoa. Duela hilabete eskas, Microsoftek garatu duen tresna berezi baten berri izan genuen Internet bidez. Hain zuzen ere, gailu berri bat da, Microsoftek polizia eta ikertzaileen eskuetan jarri duena. Zertarako? Ustez delituak egiteko erabili diren ordenagailuetako informazio forensea eskuratzeko. Baina noski, Microsoftek garatua izaki, Windows sistema instalatuta duten ordenagailuetara mugatzen da gailu berri horren ahalmena.
Gailu berriak COFEE du izena, Computer Online Forensic Evidence Extractor edo, euskaraz, Ordenagailuetako Froga Forenseen Online Erauzgailua. USB gailu bat da eta, 2007. urteko ekainean, modu erabat diskretuan, hainbat erakunderen eskuetan jarri zuen Microsoftek. Ondoren, enpresa izaerako konferentzia batean, 350 adituri nola funtzionatzen duen azaldu zien Brad Smith Microsofteko aholkulari nagusiak.
Gailua 150 komando edo aginduz osatuta dago eta datu digitalak eskuratzeko behar den denbora modu esanguratsuan murriztea ahalbidetzen du. Eta denbora urrea da egun, bai mundu fisikoko delituetan, bai cyberdelituetan bai bizitzan oro har. Pasahitzak deszifratu edo argitzeko, ordenagailuak Interneten izandako aktibitatea ezagutzeko edota ordenagailuan bertan gordeta dagoen informazioa aztertzeko balio du COFEEk. Era berean, eskuratze eta aztertze hori online egiteko aukera ematen duenez, ordenagailuaren aurrean egoteko beharra errotik desagerrarazten du.
Aipagarria da ere, gailu hau oparitu egiten duela Microsoftek, eta egun, 15 herrialde ezberdinetako 2000tik gora ikertzailek erabiltzen dutela. Herrialde horien artean daude, besteak beste, Polonia, Filipinak, Alemania, Zeelanda Berria eta Ameriketako Estatu Batuak.
Opari bezala ematearena, halere, arrazoitu egin dute, eta, erabili dituzten argudioak ikusita, beste eremuetan ikusten ez dugun Gobernuz Kanpoko Erakundea dirudi Microsoftek. Brad Smithek gailua ez dutela «dirua lortzeko garatu» esan du; ez hori bakarrik, «Internet seguru mantentzeko» sortu omen dute. Web 2.0 fenomenoarekin eta honek erabiltzailea eduki ekoizle bihurtzearekin, «hiri digital berriak» sortu direla esan du, eta horrek «anonimotasuna» sustatzen duela. Eta anonimotasun horrek, «gaizkileak komunitate birtualetan sartzea ahalbidetzen du, eta elkarrizketetan parte hartuz, gaizkileek erabiltzaileek informazio pertsonala ematea lortzea».
Itxuraz, gainera, Microsoft elkarlanean ari da beste erakunde batzuekin, gailu hau oinarri hartuta laborategi batzuk sortzeko aukera emango luketen legeak idatzi nahian. Tartean dago, adibidez, Interpol nazioarteko polizia erakundea.
Halere, Smithek Microsoften jarrera ez dela guztiz altruista onartu du. Oparitu egiten dutela, baina ez dela bueltan ezer ez jasotzeko, alegia. Ordainetan, elkarlanerako programa edo softwareak saltzen ditu, bere betiko politikari jarraiki.
Ez da harritzekoa. Izan ere, Microsoftez ari gara, lizentziapean sistema eragile itxi bat garatzen eta saltzen duen enpresa erraldoi batetaz. Ordenagailu pertsonalen monopolio erabatekoa du Microsoftek. Eta gainera, berak bakarrik daki Windowsek zer egiten duen eta zer ez. Berak bakarrik daki 150 komando edo agindu horiek zer egiteko gai diren. Berak bakarrik daki, berak saltzen duen ezkutuko sisteman, zeintzuk diren paretik kendu behar diren trabak, segurtasun neurriak, pasahitzak eta dena delakoak. Berak kontrolatzen ditu Windows sistemadun ordenagailuak, ez erabiltzaileak.
Horrexegatik, behin eta berriz errepikatuko dugu, eta ez gara inoiz aspertuko: gutxiago edo gehiago ezagutu, software librea da, garapenetik erabileraraino, erabiltzailearen askatasuna bermatzen duen teknologia mota bakarra.
Kontuz, beraz, Microsoftekin eta ordenagailuan duzun Windowsarekin.