eskohitza.com

EskohitzaAipagarriak → Sexu-esplotazioa 2008ko Europan

RSS 2.0

Sexu-esplotazioa 2008ko Europan

Data: 2008-07-14

Iturria: Isabelle Ligner (GAUR8)

Moldavia da Europako herrialderik pobretuena. Europar Batasunaren atarian badago ere, bertan dago azken hamarkadetan loratzen ari diren sexu esplotazioaren, behartutako lanaren eta organo-trafikoaren egungo azokarik garrantzitsuena. Alina da negozio horiek utzitako biktimetako bat.

Alinak hogei urte besterik ez zituen bere «senargaiak» Portugalen aurkitu zion lanaren berri eman zionean. Saltzailea izango zen. Horrela esan zion, behintzat, mutilak. Moldaviako beste gazte askori bezala, nekazal giroko neskari ez zitzaion burutik pasa ere egin bere burua, bere gorputza, saldu beharko zuenik, ezta gutxiagorik ere. Hain inuzentea eta pobrea izanda, inoiz ez luke imajinatuko Dubaira (Arabiar Emirerri Batuak) eraman behar zutenik eta bertan prostituitzera behartuko zutenik.

«Nire amonarekin bizi nintzen Moldaviako iparraldean. Amona eta biok, ezer gabe», jakinarazi du Floresti eskualdeko herrixka bateko neska beltzaranak. «Nire lagunak esan zidan saltzaile lana aurkitu zuela niretzat, Portugalen, eta gero bera ere joango zela nirekin biltzera. Berehala eman nion baiezkoa», erantsi du. Egun horiek gogoratzeak urduri jarri du neska eta bere gorputz argala espasmoek astindu dute.

Laguna eta ezaguna

Bere «lagunak» Portugalera sartu ahal izateko bisa lortu zion Alinari. Moldaviako iparraldetik aireporturaino eraman zuen mutilak. Bertan beste gizon batekin utzi zuen. «Ezagun bat» omen zen. Moldaviako beste neska bat zen beraiekin.

Alinak bere «lagunarengan» eta beste «ezagunarengan» uste osoa zuen une horretan. Ez zuen inolako zalantzarik. Bere bizia aldatzera zihoan, eta bera itxaropenez gainezka zegoen. Lisboara iritsi zirenean, ordea, egoera aldatu egin zen, bat-batean. Bera eta beste neska pisu batean sartu zituzten. Pasaporteak kendu egin zizkieten. «Orduan konturatu nintzen pertsona-trafikarien atzaparretan geundela», esan du, malkoek ihes egiten diotela. Moldaviako gazteen ametsak, amesgaizto bihurtuta.

Astebete egin zuten egoera horretan, zaindariak Lisboako aireportura eraman zituen arte. Bertan, bi neskak beste gizonezko baten esku geratu ziren. «Terminalean ginenean, azken momentura arte ez zidan pasaporterik eman. Builaka hasteko ausardiarik ez nuen izan. Beldurraren eraginez, paralizatuta nengoen, ezin mugiturik», argitu du.

Hegazkinez eraman zuten Dubaira, petrolioak ikaragarri aberastu duen hiri arabiarrera. Bertan saldu zituzten Alina eta beste neska. Arabiar Emirerri Batuetako poliziakide batekin ezkontzekoa zen Uzbekistango emakume batek erosi zituen. Bikoteak hamaika pertsona zeuzkan gela batean sartuta, guztiak Moldavia eta Ukrainakoak.

10.000 euro

«Tabernetan, diskoteketan eta kalean prostituitu behar duzu. Esandakoa egiten ez baduzu, berak jipoitu egingo zaitu, eta, deskuidatuz gero, baita hil ere», esan zion Alinari neska «beterano» batek. Uzbekistango emakumea zen bertako nagusia. Berak ezarri zituen baldintza guztiak. Alina beti zuten giltzapean. Pasaportea berreskuratu nahi bazuen, 10.000 euro eman beharko zizkion nagusiari.

Askatasuna berreskuratu ondoren, hasiera batean, emakume gazteak ez zuen aipatu ere egin nahi gertatu zitzaiona. «Beste biktima askok egin duten moduan, bere barruan gorde zituen gertatutakoaren xehetasun guztiak, barru-barruan ondo estalita. Denbora asko egin zuen era horretan, zer egin zioten kontatzen hasi zen arte. Geroztik gertakizun izugarrien berri eman du, jipoiak, bortxaketak, etengabeko sufrimendua», Minodora Lisnic Egungo Emakumeen Eskubideen eta Ohorearen aldeko Elkarteko psikologoak.

Sexu-esklabutzan hiru hilabete eginak zituenean, Alinak ihes egitea lortu zuen. Poliziarengana jo zuen, komisariara, laguntza bertan aurkituko zuelakoan. Baina aurkakoa topatu zuen: berriz «nagusiarengana» eraman zuten poliziakideek. «Orduan ulertu nuen ez Polizian ez justizia administrazioan ez nuela behar nuen laguntzarik jasoko. Paperik gabe, prostituzioan jarraitzea beste irtenbiderik ez nuela pentsatu nuen, Moldaviara itzuli ahal izateko».

Arabiar Emirerri Batuetako bezero batek bere etxera eraman zuen. Sei hilabete egin zituen berarekin, haurdun geratu zen arte. Orduan berriz ere ihes egiten ahalegindu zen, alfer-alferrik ordea. Kalean atxilotu zuten, paperik gabe egoteagatik. Berriz kartzelara. Bertan jaio zen Alinaren semea. Umearen aitak ez zien inolako jaramonik egin Alinak bidalitako laguntza eskariei.

Azkenean, espetxean beste urtebete egin eta gero, Alina eta haurra aske geratu ziren. 2006ko azken asteak ziren. Errusiak Dubain duen enbaxadak egindako lanari esker, Moldaviara, etxera, itzultzea lortu zuen. Baina bertan ez zitzaizkion arazoak bukatu. Umearen aitarik gabe eta amarekin gaizki konpontzen zela-eta, berriz amonarengana jo zuen, Alina beti ulertu izan duen pertsona bakarrarengana.

«Polizia, trafikarien konplize»

Portugaleko lanpostua eskaini zion «senargaiaren» arrastorik ez zuen aurkitu neskak. «Desagertu» egin zen. Moldaviako beste biktima gehienek bezala, Alinak ez du salaketarik aurkeztu. «Polizia eta justizia bera trafikarien konplize dira», esan du. Bere esperientzia propioak argi eta garbi adierazten dio horixe.

Orain hogeita bost urte dituen emakumeak ez zuen ezer esan herrian, ez non ibili den ez zertan. Hala ere, ez diote lehen bezala begiratzen eta herritar askok berari buruz gaizki esaka jarduten dute. Bera gertatutakoaren arduraduna balitz bezala, «errudun moduan», tratatzen dute, «ez biktima moduan».

Moldaviako emakumezkoen salerosketaren biktima askok izaten dituzte Alinaren ezaugarri berberak. Hemeretzi eta hogeita lau urte bitartekoak izaten dira trafikarien atzaparretan erortzen direnean. Nekazal giroko herriren batekoak izaten dira, eta arazo ugariko familietan hazitakoak; kasu askotan, etxean bertan sekulako indarkeria jasan behar izan dutenak. Ezagunen batek egiten die lehenengo proposamena, sexu-esplotazioarekin inolako zerikusirik ez duena, jakina! Horixe da Iurie Ursan teniente-koronelak egindako deskribapena. Bera da pertsonen salerosketaren aurkako borroka zuzentzen duen Moldaviako bulegoko arduradunetako bat.

Moldaviako Barne Ministerioko sail horren kalkuluen arabera, salerosketa mota horren biktima gehienak, % 81, emakumeak izan ziren 2007an. Gizonak % 5 izan ziren (gero eta gehiago dira), eta, gainerakoak, adin txikikoak ziren.

Urte horretan, salerosketa horren biktima gehienak sexu-esplotaziorako erabili zituzten (% 87), beste % 10 behartutako lanerako eta % 2a edo eskale moduan erabiltzeko. Horietako askok, askatasuna lortzeko, beste hiru esklabo engainatu behar dituzte, milaka euro ordaintzeaz gain. Zalantzarik gabe, negozioa luzatzeko asma daitekeen erarik krudelena da.

Gazteei alde egitea beste aukerarik eskaintzen ez dien ekialdeko Europako herrialdea

«Egun Moldaviako gazteek badakite atzerrira joanez gero arazo ugari izan ditzaketela, baina nahiago dute arrisku hori hartu bertako egoera negargarrian jarraitzea baino; horregatik erortzen dira hain erraz trafikarien atzaparretan», adierazi du Anna Revenko Strada-Moldavie elkarteko zuzendariak. Aipatu taldea da emakumezkoen salerosketan eroritako neskei laguntza ematen saiatzen den elkarteetako bat.
Garai batean Sobietar Batasuneko zati izandako errepublika Errumania eta Ukraina artean dago. Sobietarren erregimenak porrot egin ostean 1991n independentzia lortu zuenean, 800.000 pertsona inguruk Moldaviatik ihes egitea erabaki zuten. Izan ere, herrialdean krisi ekonomiko izugarria zen nagusi. Horrenbestez, lanean aritzeko adina zuten hiru lagunetik batek Moldavia utzi zuen.
Trafikariak migrazio uholde horretan oso eroso ibiltzen dira. Batzuk paper eta baimen guztiak hartuta joan ziren, beste asko paperik gabe. Datu ofizialen arabera, 3,6 milioi biztanle dituen herrialdeko 60.000 emakume izan dira emakumezkoen salerosketaren biktima. «Kontuan hartu behar da salerosketa horiek egiten dituzten sareak ezkutukoak direla eta biktima gehienek beraien kasua ez salatzea erabakitzen dutela. Beraz, benetako egoera datu ofizial horiek esaten dutena baino askoz okerragoa da», ohartarazi du Sonia Panzani Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak Moldavian duen koordinatzaileak.
AEBetako Estatu Departamenduak urtero egiten duen emakumezkoen salerosketari buruzko txostenean, Moldavia lehenengo postuan kokatu zen aurtengo apirilean. Lan horrek gogor gaitzetsi zuenez, Estatuaren ardurapean lan egiten duten agenteak ez dituzte inoiz ikertzen, nahiz eta oso ugariak izan beraien aurkako susmoak. Horrez gain, teorian indarrean dagoen legedia, egokitzat jotzen dena, bete gabe utzi izana ere salatu zuen txostenak.
«Txosten hori ez dago ondo egina –esan du Galina Balmos Moldaviako Gizarte Babeserako ministroak–. Ez ditu herrialdean egindako aurrerapausoak aipatu ere egiten. Zehatz-mehatz, ez du jaso herrialde osoko biktimak hartuko dituen errolda abian jarri izana». Lanak aipatzen ez dituenak gogorarazten ditu ministroak, txostena gaizki egina dagoela adierazteko. Aipatzen dituenak ez daude gaizki, beraz, nahiz eta agintariak horiei buruz ezer esan nahi ez duen.
Victor Lutenco IOM Immigraziorako Nazioarteko Erakundeko prebentzio egitasmoaren arduraduna da. Bere iritziz, Moldaviak Europar Batasunean sartzeko aukerarik ia ez izateak, oraingoz behintzat, trafikarien lana erraztu egiten du. «Etsipena areagotzen du herrialdean etorkizunik ez ikusteak, eta horrela salerosketa horretan aritzen direnek etekin hobeak eskuratzen dituzte», azaldu du Lutencok.
Sobietar Batasunaren porrotaren eraginez, uste da 200.000tik gora emakume saldu zituztela Moldavian. Beste iturriek 400.000ra igotzen dute kopurua. Hau da, herrialdeko hamar emakumetik bat trafikarien atzaparretan harrapatuta. Ljuba Revenko IOMko langileak Moldaviako nesken «arrakasta» horren zergatiak azaldu zituen orain urte batzuk: «Moldaviarrak nahasketa baten fruitu dira, mestizoak. Errusiarrak, errumaniarrak, juduak, ukrainarrak eta bulgariarrak nahastuta sortzen dira moldaviarrak. Horregatik dira hain bereziak eta ederrak bertako emakumeak, eta horregatik dute horrenbesteko arrakasta. Trafikariek eskaini dezaketen ‘produkturik onena’ dira».

Zabaldu | Bildu