eskohitza.com

EskohitzaAipagarriak → Aitorren hizkuntza

RSS 2.0

Aitorren hizkuntza

Data: 2008-08-01

Iturria: Leire Goñi (ARGIA.com)

“Baldin gure zainetan, odolik badugu, euskaldunok euskeraz hitz egin behar degu”. Halaxe dio Urretxindorrak taldeak 1966an ezagun egin zuen Aitorren hizkuntza zaharra kantak, eta askoren ustez hori izan da arazoa, nahi ez izan arren, “behar” horrek derrigorrezko bihurtzen duelako euskararen erabilera. Batzuek, euskararen biziraupenerako behar-beharrezkoa dela ulertzen dute. Eta beste batzuek aldiz, gainontzeko hizkuntzak “arriskuan”(?) jartzen dituela uste dute, “inposatutako” hizkuntza omen. Horrelakoetan zaila egiten da euskarari buruz hitz egiten ari direla sinestea, baina horixe da errealitateak beste behin ere aurpegiratu diguna. Hara non iritzi horretako batzuen artean sortu duten gaztelania babesteko manifestua.

Errealitateari parez pare begiratuz gero ordea, bestelako datuak aurki ditzakegu nonahi. Hiztun kopuruaren arabera hizkuntzak sailkatzen dituen zerrendari erreparatuz gero, (jatorrizko hiztunak eta bigarren hizkuntza dutenak kontuan hartuz), mandarin-txinera da hizkuntzarik indartsuena, 1.052 milioi hiztunekin. Zerrendan bigarrena, ingelesa da noski, 508 milioi hiztunekin. Eta hirugarren postuan berriz, gaztelania dugu, 417 milioi hiztunekin. Euskara berriz... ez da zerrendetan ia agertu ere egiten! 700.000 mila hiztun inguru ditu. Aurretik aipatutakoen aldean eskas geratzen da, milioi bateko kopurura ere ez baita iristen!

 Pasa den astean Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitza orokorren balorazioa egin du, eta esaldi labur baina esanguratsu batekin laburbildu du ondoriorik nagusiena: “Euskararen normalizazioaren erritmoa onartezina da”. Baieztapen hori frogatzeko inkestaren bidez lortutako datuak kontuan hartuz etorkizunean zer nolako egoera izango dugun adierazi dute: “Iparraldean hizkuntza galbidean dago, Nafarroan erritmo honetan 834 urte beharko ditugu normalizaziorako eta EAEn 175 urte". Hala ere, euskara inposatutako hizkuntza mehatxagarri gisa ikusten jarraituko dute toki batzuetan. (Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak PDF formatuan)

 Bestalde, Eusko Jaurlaritzak enpresa handiak euskarazko zerbitzua ere eskaintzera behartzen dituen lege bat onartu du orain gutxi. Berriro ere legez kanpoko lege neurrigabea dela irizten diote batzuek. Eta gu gure lurraldean gure hizkuntzan hitz egiteko eskubidea genuelakoan geunden!

 Madrilera, Londresera edota beste edozein tokitara joanez gero ez gara hasiko euskaraz egin diezagutela eskatzen, baina Donostian bertan gure burua gaztelaniaz hitz egitera behartuta ikustea normaltzat hartzeko asmorik ere ez dugu. Ea noizbait iristen den gaztelaniaz hitz egiten duenari “ez dizut ulertzen” erantzuna eman eta euskaraz hitz egitera “behartzen” duen eguna!

Zabaldu | Bildu