eskohitza.com

EskohitzaAipagarriak → Gezurrak agerian: bahitutako doktorearen kasua

RSS 2.0

Gezurrak agerian: bahitutako doktorearen kasua

Data: 2008-09-09

Iturria: Jose Angel Oria (GAUR8)

Karachin 2003an desagertu zen Aafia Siddiqui doktorea «terrorista arriskutsu" moduan aurkeztu digute estatubatuarrek. Etxekoek urteotan Afganistanen preso eduki dutela salatu dute.

Dozenaka lagun kalean elkartuta, guztiak emakumeak. Preso daukaten neska gazte baten erretratuak, oihuak, haserrea... Karachi Pakistango hiririk gatazkatsuenean gaur zortzi egindako manifestazio bateko irudiak dira, lehertzear dagoen Asiako herrialdekoak alegia, bonba nuklearra eta ezegonkortasun politiko kronikoa dituen Estatukoak. Aafia Siddiquiren askatasuna eskatzen dute manifestariek; estatubatuarrek txotxongilo gisa erabili duten emakumea aske uzteko eskatzen dute. Gerra zikinaren aurpegi iluna inoiz baino nabarmenago geratu da planetako bazter horretan eta Pakistango Parlamentuak berak Siddiqui askatzeko exijitu du, aho batez hartutako erabaki batean.

Planeta berean, baina milaka kilometrora, geografikoki zein ideologikoki, Mendebaldeko gizakioi beste bertsio bat eman digute hedabide nagusiek. AEBetako FBI Ikerketa Bulego Federalak abuztuaren 4an jakinarazi zuenez, 36 urteko Aafia Siddiqui ekintzailea Afganistanen atxilotu zuten, uztailaren 17an Ghazni probintziako gobernadorearen bulegoaren aurrean estatubatuarren aurkako eraso bat egiteko ahaleginean ari zenean.

Neurologia Zientziatan doktorea

AEBetako MIT Massachusetts-eko Teknologia Institutuan eta Bostongo Brandeis Unibertsitatean ikasketak egindako biologoa da Aafia Siddiqui, Neurologia Zientziatan doktorea. FBIk bere «informazioa» eman zuenetik, New Yorkeko kartzela batean daukate. Auzitegietako bidaia hasita dauka. Bere lagunek uste dute urte askotarako sartu dutela espetxean. Joan den asteazkenean berriz izan zen epailearen aurrean. Estatubatuarren bertsioan ez dira aipatzen ustezko erasoak eragindako kalteak. Ez hildakorik, ez zauriturik. Siddiqui, berriz, zaurituta dago. Norbaitek tiro eginda.

Tiro horiei buruz Afganistango Poliziak esan duena ez dator bat FBIkoek adierazi dutenarekin. Afganiarren arabera, beraiek atxilotu zuten eta gero estatubatuarrek beraien esku uzteko eskatu zieten. Poliziakideek ezetz esan zieten. Amerikarrei ez zien inongo graziarik egin erantzunak, eta armak kendu zizkieten poliziei. Une horretan Siddiqui estatubatuarrengana joan omen zen, afganiarrek emandako tratu txarra salatzeko. Amerikarrak oso urduri zeuden, ordea, eta «terroristak» soinean lehergailuak izango zituelakoan, tiro egin zioten. Badaezpada ere. Zaurituta eraman zuten. Iturri beraren arabera, Aafia Siddiquiren seme zaharrena ere, nerabea, atxilotu zuten afganiarrek.

FBIkoen pelikula

FBIk tiroen inguruan eskaini duen bertsioak telebistako pelikula txarrenen tankera dauka. Horren arabera, estatubatuar agenteak Siddiquiri galdeketa egiten ari zirela, emakumeak bere arma kendu zion ofizial bati eta tiroka hasi zen. Tiro guztiek, kale. Kasualitatea! Beste ofizial batek tiro egin zion orduan.

FBIkoen bertsioak zulo gehiegi dauzka ontzat eman ahal izateko. Hala ere, Mendebaldeko hedabide askok horrela egin dute. «Terrorista» hitzarekin bete dituzte kronikak eta irakurlea lasai egoteko moduan utzi dute: terrorista arriskutsu bat harrapatu dute Afganistanen, segurtasun zerbitzuek egindako lan ikaragarriari esker, eta orain justizia administrazioaren txanda da. Gora demokrazia!

Daniel Pipesek sinatutako testu bat hedabide askok argitaratu dute. Zuloz betetako bertsio hori ontzat emateaz gain, bertan nabarmentzen du Mendebaldeko herrialdeetan bizi diren islamistek eragin dezaketen kalte izugarria. «Al Qaedaren inguruko berrogei bat lagun saiatu izan dira AEBetako zerbitzu sekretuetan infiltratzen», idatzi du Pipesek.

Giza eskubideen aldeko nazioarteko elkarteek kontatu digutenak, ordea, nekez lasaituko ditu irakurleak. «Demokraziaren aldeko urrats erabakigarria» ikusi beharrean, aipatu elkarteek «gerra zikina» ikusi dute. Horien arabera, Aafia Siddiqui bost urtez eduki dute preso, edo bahituta, estatubatuarrek, ezkutuko kartzela batean, Afganistango Bagramen dagoen hegazkin-baseko instalazioetan. Bertan eduki dute urteotan, nahiz eta Pakistango Giza Eskubideen Batzordeak Siddiqui askatzeko eskatu izan duen.

Aafia Siddiquiren bahiketa-desagertzea Karachi hirian gertatu zen, gurasoak bisitatzeko egindako bidaian. Bere hiru seme-alabekin zegoen doktorea eraman zutenean, baina umeen berri garbirik ez da jakitera eman; inork ez du argitu nahi non dauden, zer dakiten... Aipatzekoa da hiru seme-alabak estatubatuarrak direla. Kasuak dituen alderdi ilun horien eraginez, giza eskubideen aldeko elkarteen lana ezinezkoa bilakatu da.

Pakistango Giza Eskubideen Batzordea izeneko gobernuz kanpoko erakundearen arabera, Aafia Siddiqui Pakistango zerbitzu sekretuetako kideek bahitu zuten, AEBek abian jarritako «terrorismoaren aurkako gerraren» operazio baten barruan. Ustez, pakistandar espioiek estatubatuarren esku utzi zuten Siddiqui, eta horregatik Pakistango politikari batzuk sutan jarri dira. Atzerritar indarrei emakumea entregatu izana, «ekintza bihozgabea izateaz gain, gure nazioaren independentzia eta burujabetasuna beste nazio bati saltzea da. Lotsagarria da, iraingarria pakistandar guztiontzat -Qazi Hussain Ahmed Jamaat-e-Islami alderdiko buruak esan duenez-. Nazio independente bati dagokion moduan jarduteko garaia iritsi zaio Gobernuari. Bere atzerri politika propioa diseinatzeko gauza izan behar du, inolako sinesgarritasunik izan ez duen diktadore militarraren ondarea alde batera utzita». Jamaat-e-Islami alderdiko eledunak kargua utzi beharra izan berri duen Pervez Musharraf presidente ohiak ezarritako bidea aldatzeko exijitu du.

Estatubatuar agintariek esandakoaren arabera, Aafia Siddiqui Ghaznin atxilotu zutenean, bonbak eta arma kimikoak zein biologikoak prestatzeko gidaliburuak zituen bere esku. Gainera, erabat itxita zeuden ontzi batzuetan «gai kimikoak» omen zituen, eta AEBetako makina bat monumentu eta izen handiko eraikinen zerrenda bat.

Doktorea Al Qaedarekin lotzen dute estatubatuar agintariek, Ali Abd Al Azizekin ezkonduta egon zelako, hau da, 2001eko irailaren 11ko eraso ikaragarrien egile baten ilobarekin ezkondu zelako.

«Aafia Siddiqui uztailaren 17an atxilotu dutela? Gezur galanta!», adierazi du Amina Janjua Giza Eskubideen Defentsarako elkarteko presidenteak. «2003. urteaz geroztik ezkutatuta egon dela esatea iraina da. Aafiaren argazkietan tortura markak ikusi ditudanean, nire senarrarekin antzeko zerbait egin dezaketela etorri zait burura», erantsi du. Janjuak orain hiru urte eratu zuen elkartea, bere senarra ezezagunek bahitu ondoren.

Etxekoak, lur jota

Fouzia Siddiqui medikua Aafiaren ahizpa da. «Zer gertatu den jakin nahi baduzue, joan zaitezte Ghaznira, Afganistanera, nik esan dezakedana baino gehiago jakingo dute-eta», esan zien kazetariei Karachiko manifestazioan, malkoak eutsi ezinik. Fouziak ez du aipatu ere egin nahi Aafiaren senarrarekin zer gertatu den. Inork ez daki non dagoen. Ezta bizirik jarraitzen ote duen ere. Hori bai, ahizparekin zer egingo duten ez dakiela eta oso kezkatuta dagoela onartu du: «Preso daukatenek ez dute nahi Aafia berriz argitara ateratzea. Askatuko balute, zer gertatu den jakingo genuke. Epaiketa egiten hasi baino lehen, Aafia zigortuta dago. Hil izan balitz, hobe. Hilda zegoelakoan nengoen. Ideia hori barneratu nuen, aurrera jarraitu ahal izateko. Orain, bat-batean, hildakoen artetik bizirik atera da. Horrek itxaropen izpi bat eman zigun hasiera batean, baina nola daukaten ikusita, lur jota geratu gara».

Gurpil-aulkian epailearengana

Aafia Siddiquiren anaia arkitektoa da eta AEBetan bizi da, Houston hirian. New Yorken arreba ikusteko aukera eman zioten kartzelariek. Doktorea asko sufritzen ari dela jakinarazi zion Fouziari, eta oso ahul dagoela. «Medikuek tratatu ez dituzten bala-zauri asko dauzka. Gurpil-aulki batean jarrita eraman zuten epaitegira. Tripako min larria zuen eta aspirina bat eman zioten, gauzarik kaltegarriena bere ultzeraren eraginez», adierazi zien kazetariei.

Doktorearentzat oso egoera gogorra izaten ari bada, familiak jasan behar izan duena ez da aipamenik gabe uzteko modukoa. Begirale batzuek etxekoei leporatu izan diete Aafia Siddiquiren bahiketa salatzeko garaian nahikoa ahalegindu ez izana. «Ez da harritzekoa familia isilik egotea -adierazi du Zaid Hamid Brasstacks taldeko abokatuak-. Egoera horretan daudenek, sekulako mehatxuak jasotzen dituzte».

Fouzia Siddiqui medikuaren hitzek abokatuarenak baieztatzen dituzte: «Aafia ondo zegoela esan izan digute Gobernuarentzat lan egiten duten funtzionarioek azken bost urteotan, baita guk gertatutakoa gehiegi ikertuz gero bera kaltetu besterik ez genuela egingo ere».

Zabaldu | Bildu