Eskohitza → Aipagarriak → Azkenean egia, baina berandu
Data: 2008-09-10
Iturria: Jexux Zubiaurre (Nabarra)
Egia ez da sekula jakingo… sekretupean dauden agiriek ez badute argitzen behintzat. Hainbat eta hainbat dira egunero estaltzen zaizkigun gertaerak, boteretsuenek herritarrengana iristerik nahi ez duten informazioa. Herri honetan ere badugu horren esperientziarik, baita esperantzarik ere egunen batean, berandu izanda ere, izango ditugula inguruko hainbat gertaera misteriotsurentzako esplikazioa. Momentuz, mundu zabalera begira jarriko gara. Historia hurbilean –eta ez horren hurbilean- izan ditugun hainbat istorio lazgarriren benetako protagonistak agertzen joaten zaizkigu tarteka, desklasifikatutako agirien erritmoan. Azken urteotan hainbat argitu dira, nahiz eta gertaera horien biktimentzat berandu izan. Hona hemen adibide esanguratsu batzuk.
Churchill, Hitler eta aulki elektrikoaBritainiarren barne agiri baten arabera, Winston Churchillek oso argi zuen zer egingo zukeen Hitler bizirik harrapatu izan balu. II. Mundu Gerran britainiar lehen ministro izan zenak neke galantak pasa zituen bere herria, batez ere London hiriburua, nazien bonbardaketez babesten.Baina ondoren odolkiak ordainetan etorri ziren eta Churchillen nahia Hitler aulki elektrikoan garbitzea zen, nahiz eta kanpora begira Aliatuek guda epaitegi baten aurrean jarriko zutela esan.Ordura arte Britainia Handian ez zen sekula metodo hori erabili, baina heriotz zigorra indarrean zegoen, 1965era arte hain zuzen. Churchillek Hitler aitzindari egin nahi zuen, nahiz eta horren patu gogorrerako aitzindaritza izan.Northwoods operazioaEstatu Batuak dira konspirazio sail honetako protagonista nagusi, baina Northwoods operazioa izan omen da herri horretako agintariek egin duten plan zitalen artean maltzurrenetakoa. 1997an argitara eman zen agiri ofizial batean argi geratzen denez, estatubatuar Armadak Northwoods operazioa 1962an jarri zuen martxan Kubaren aurkako balizko ekintza militar batean estatubatuar herriaren sostengua bilatzeko.Plana ez zen gauzatu, baina egitasmoa benetan beldurgarria zen: hiritarren aurkako tiroak kalean, hegazkinen bahiketak, kubatar disidenteen erailketak… guztia ondoren Kubari egozteko asmoz. Garai hartan John F. Kennedy zen presidentea, baina proposamena Defentsa Departamentuko buruetatik etorri zen.Gladio operazioaGladio talde terrorista sekretu bat izan zen, Mendebaldeko Europan sortua eta CIAren laguntza eta finantzazioa izan zuena. Estatubatuarren asmoa Europa osoan sobietarren balizko eraso baten aurka borroka egingo zuen talde armatua sortzea izan zen eta gainera hori guztia bertako gobernuen bizkarretik egitea. Batez ere Italian izan zuen eragin handiena. Herri horretan CIAk mila bat mertzenario antolatu nahi izan zituen inguru hartan zegoen giro komunista deusezteko asmoz. Peteana, Piazza di Fontana eta Bolognako sarraskiak bereak dira.Hainbat mediterranear herritako egoera politikoan eragin galanta izan zuen talde horrek, Greziako estatu kolpean parte hartzea barne. Euskal Herrian ere izan dugu euren basakeriaren berri. Jurramendin 1976an bi karlista hil zituztenean ere tartean Gladioko jendea zegoen.My Lai-ko sarraskiaHauxe da estatubatuarrei egotzi zaien gerra krimenik bortitzenetakoa, ezagutzen direnen artean behintzat. Vietnameko gerraren amaiera aldera, 1968an, My Lay-ko herrixkan, ustez Vietcongen arrastoaren bila zebiltzala, estatubatuar soldaduek ehunka zibilekin sarraskia egin zuten bertan, bortxaketak eta laidoak barne. Bertan izandako infernuaz gozatu zuten soldadu gehienek, baina ez guztiek eta azkenean gutunez eginiko salaketa batek dena airean jarri zuen.Ondoren egin ziren ikerketen arduradunen artean Collin Powell zegoen, duela gutxira arte EEBBetako Estatu idazkaria. Powellek ondorioztatu zuenez «amerikar soldaduen eta Vietnamgo herritarren arteko harremana oso ona da».Sarraski haren guztiaren arduradun William Calley egin zuten eta 1971ean epaitu. Epaiketa hark estatubatuarren artean sortu zuen eztabaidarik, asko kontran zeudelako baina beste askok normala ikusten zutelako bere jokabidea. Azkenean epaiketa batean gutxienez 22 zibil hiltzea leporatu zioten Calleyri eta bizi osorako zigorra ezarri. Gero zigorra 20 urtera jaitsi zen, ondoren 10 urtera eta azkenean etxe barruan arrastaturik hiru urte t’erdi egon eta gero aske utzi zuten. Plame eskandaluaEgun badaude teoriak New Yorkeko Dorre Bikien aurkako erasoa konspirazio batekin harremanetan jartzen dutenak –kasu horretan Afganistan eta Irak inbaditzeko tenorean- baina ez dago hori konfirmatuko duen agiririk. Irakeko kontuak berriak izanda ere, badaude jadanik Bushen administrazioaren zantarkeriak agerian uzten dituzten hainbat froga. Plame eskandalua da horren adibide.Joseph Wilson Irakeko enbaxadore ohiak artikulu bat idatzi zuen The New York Times egunkarian zalantzan jarriaz bere gobernuak suntsipen handiko armen aferan azaltzen ari zena. Beraz, zalantzan jartzen zituen Estatu Batuen argudioak Irak inbaditzeko. Ordainetan, Bushen administrazioak prentsan isuri zuen Valerie Plame, Wilsonen emaztea, CIAko agente sekretua zela. Hori delitu benetan larria da Estatu Batuetan.Epaiketa eta guzti izan zen eta azkenean Dick Cheney estatubatuar lehendakariordearen laguntzaileak ordaindu behar izan zuen eskandalu haren ondorio guztia, berari leporatu baitzioten Plamen nortasuna plazaratzearen ardura, nahiz eta hainbat frogak argi utzi duten Cheney bera izan zela horren sustatzailea. Cheneyri, jakina, ez diote konturik eskatu.Paperclip operazioaII. Mundu Gerra ondorengo ahaleginetarako amerikar zientzilarien laguntza beharrezkoa izango zutela eta Harry Truman orduko presidenteak 1946an Paperclip proiektua aurrera eramatea erabaki zuen. Egitasmoaren helburua sinplea zen: hainbat zientzilari alemaniar aukeratu eta «Gerra hotza»ren inguruan EEBBen aldeko lana egiteko bildu.Wernher von Braun da Paperclip proiektuaren paradigma. Ilargira egin omen zen bidaia horren burua izan zen, baita hainbat talde Naziren kidea, SSko goi-mailara iritsi arte. Berari buruz amerikarrek eginiko txostenean «segurtasun arriskua» zela onartzen zen, baina hori ez zen nahikoa izan. Guztira von Braun antzeko profila zuten 700 bat zientzilari hartu zituen EEBBak bere gain «pizti komunistari» aurre egiteko.Dunblaneko sarraskia2005ean azaleratu zen 1996an gertaturiko sarraski honi buruzko benetako istorioa. Urte hartan, Dunblane herri eskoziarrean hamasei ikasle eta irakasle bat hil zituen Thomas Hamiltonek. Poliziak zuhurtziaz jokatu izan balu gertaera horiek saihestu ahal zirela frogatzen zuen aipatu agiri horrek aurretik Hamiltonek umeekin agertutako jarrera arraroa eta mehatxugarria zela baitzioten hainbat agirik.Sarraskia gertatu zenean eta jendartean zegoen espantu eta amorru giroa aprobetxatuz, Polizia bere huts egitea estaltzen saiatu zen, agiri bereziak 100 urtez klasifikatzeko legea baliatu nahian. Hasiera batean lortu zuen, baina datu gehiagoren egarriz ekimen politikoak egon ziren dokumentu horiek guztiak argitara emateko eskatuaz eta bertan agerian geratu zen Polizia britaniarraren mugimenduak batez ere kasu horretan berak izandako ardura estaltzen jardutea izan zela.U.S.S Liberty1967ko uztailean israeldar Armadak USS Liberty inteligentzia ontziari eraso egin zion. Eraso hartan 34 marine hil ziren eta 173 zauritu, II. Mundu Gerra eta gero Estatu Batuen inteligentziari hildakorik gehien eragin dizkion ekintza. Sarraski hartatik bizirik irten ziren hainbat soldaduk aditzera eman dutenez, israeldarrek nahita egin zuten erasoa; ez ziren okertu gerrauntzi egiptoar batekin. Bertsio horiek diotenez, israeldarrak operazioak egiten ari ziren bitartean USS Liberty komenigarria ez zen informazioa jasotzen ari zen eta horregatik egin zioten eraso. Nazio Segurtasunerako Agentziak (NSA) bere baitan zituen agiri batzuetan indartu egiten da Estatu Batuak saiatu direla kontu honetan dagoen hainbat informazio ez azaleratzen, israeldarrekin dagoen harreman estrategikoa bertan behera geratu ez dadin, baina egun hartan gertaturikoa ez zela zorte txarraren ondorio izan salatzeko ahotsak ez dituzte guztiz mututu. Artikulu honetan aipatu ditugun pasarte guztien artean, hauxe da oraindik argi-ilun gehien dituenak.Hidrogenozko bonba galdua1968an estatubatuar B-52 batek istripua izan zuen Groenlandia aldean. Thuleko baseko –Estatu Batuek Groenlandian radarrez osatuta duten egoitza bat- langile ohi talde batek lortutako agiri klasifikatu batzuetan iradokitzen denez, bertan zeuden hidrogenozko lau bonbetako bat ez zen sekula aurkitu.Istripu hark Estatu Batuen eta Danimarkaren arteko krisi diplomatikoa eragin zuen, azken herri hori Groenlandiaren kanpo, segurtasun eta defentsa arloak bere gain baititu eta garai hartan debekatuta baitzuen bere lurraldean arma nuklearrak izaterik.Danimarkari ez zitzaion sekula bonba galduaren berri eman.1968ko abuztuan EEBBetako Estatu departamenduak eginiko txosten batean ageri zenez, B-52 hartan zihoazen bonba guztiak kontabilizatuak zituzten, baina bertan ez zen zehazten denak berreskuratu ziren ala ez. 1968ko udaberrian Estatu Batuek daniar Gobernuari ziurtatu zioten istripuaren ondoren garbiketa lanak amaituak zirela eta bonba bilatzeari abuztuan utzi zioten.Tenplarioak eta Vaticanoa2007ko urrian Vaticanoak hainbat agiri sekretu argitaratu zituen, herenegunaren herenegungo kontuekin, baina bazegoen datu interesgarririk, horren sasoian dauden Tenplarioen kontuei buruzkoak eta.Agiri horiek diotenez, Clemente V aita-sainduak hasiera batean tenplarioak herexia salaketatik absolbatu egin zituen. Vaticanoaren artxibo horietan aita-sainduak egin zituen galdaketa guztiak agertzen dira. Tenplarioen buruzagiak beragana bidali zituen Felipe IV frantziar erregeak herexia eta inmoralitateagatik atxilotu eta torturatu eta gero.Clementek inmoralitate kargua onartu zuen, baina ez herexiarena. Hala ere Felipe erregeak presio egin eta azkenean iritziz aldatu zuten Vaticanoan. Tenplarioen ordena 1312an desagertarazi zuten eta Jacques de Molay bertan maisu nagusia 1314an erre zuten, gainontzeko burkideekin batera.