eskohitza.com

EskohitzaAipagarriak → "Jainkoaren begiaren ikuspuntua hartu dut nobela honetan"

RSS 2.0

"Jainkoaren begiaren ikuspuntua hartu dut nobela honetan"

Data: 2008-09-11

Iturria: idazleak.org

Joan Mari Irigoieni elkarrizketa

Bestea da mundua nobelarekin itzuli da letren plazara Joan Mari Irigoien, 'Orbetarrak' trilogiaren lehen liburua eskainiz. Bere proiektu handi honi buruz joan gatzaizkio galdezka, baina bide batez bere obra osoaz hitz egin dugu, bere bizitzaz, iritziez...

Axular-en Gero-ren irakurraldian, zeu izan zinen irakurtzen lehena. Pedro Agerre berraragitu bat ote zaitugu? Zer duzu zuk Sarako erretoreagandik?

Nik izugarri miresten dut Axular. Venezuelara egin nuen bidaiaren ondotik, 27 bat urte nituela, irakurri nuen Gero. Garai hartan, bazegoen euskararen aurkako kanpaina bat -noiz ez!-, euskararen balioa zalantzan jartzen zuena. Adolfo Suarezek esaten zuen, adibidez, euskara ez zela fisika adierazteko gai; handik gutxira, baina, ederki erakutsi zion Joxe Ramon Etxebarriak praktikan aurkakoa. Niri, baina, Axularrek eman zidan lehenagotik froga, lau hilabetez aritu nintzenean, goiz eta arratsalde, astegorri eta igande, Gero irakurtzen eta xeheki aztertzen. Ez naiz damu! Maisuaren prosa eredutik ikasi bainuen euskaraz ere bazegoela pentsamendurik konplexuena era jarraituan eta ulergarrian emateko modua: orri osoa betetzerainoko paragrafoetan, alegia. Ongi oroitzen naiz, nola irakurri nuen paragrafo luze haietako bat: irakurri nuen lehenengo lerroa, bigarrena, hirugarrena, baita enegarrena ere, esaldi bat hurrengoarekin ongi lotuta; juntagailuak, puntuak eta komak, bakoitza bere lekuan... orri osoa irakurri nuen, beraz, eta, hala ere, guztiz ulertu nuen maisuak eskaintzen zidan mezua! Zer miraria zen hura! Ni ohitua bainengoen prosa apalago batera (horrek ez nau prosa apalagoen aurka jartzen, liburu bakoitzak baitu bere planteamendua, eta ekintzazko nobela batek esaldi motzez osatutako egitura eska bailiezadake), eta hura baitzen halakorik gertatzen zitzaidan lehenengo aldia. Eta nola ikusi nuen orduan euskara zernahi esateko gai izan zitekeela: fisikaren mundua... baita munduan dauden beste mundu guztiak ere! Eta niri, prosa eredu ia agortezin hartan, posibilitate guztiak zabaldu zitzaizkidan...

Eta zer eskaintzen dio Axularrek gaurko irakurleari, eta zer gaurko idazleari?

Mezuaren ikuspuntutik ezer gutxi, halako distantzia batekin eta halako ironia batekin irakurtzen ez bada. Prosa ereduaren ikuspegitik, berriz, Axularrena ez da oraindik agortu, nik uste, hain dira ugariak -kontaezinak- eskaintzen dizkigun harribitxiak... Eta oinarri sendoa izaten jarraitzen du prosa jaso bat eraikitzeko orduan, horretan ere ez dut dudarik.

Zure gustu eta erreferentzietan, erabiltzen dituzun kontatze-moldeetan, halako klasizismo bat igartzen zaizu, iturrietara itzultze bat: heldutasunarekin ia sortzaile orori gertatzen zaion prozesua da hori, ala beste azalpenen bat du zure kasuan?

Egia da adinak halako esperientzia bat ematen dizula, gauza bakoitza bere tokian jartzeko aukera eskaintzen dizuna, istanteko balioen eta moda guztien gainetik. Baina, nire kasuan, zerbait sinpleagoa ere izan daiteke, eta hara: nobela batean filosofo batzuk jartzen badituzu dantzan, edo pentsamendua bere kasa lantzen duen jendea, edo introspekzio psikologikoetan murgildu nahi baduzu, edo protagonisten hizkuntza-hautuak adierazi nahi badituzu, ezin zara prosa mirrin batekin ibili. Eta nik Axularrengan aurkitu nuen eredua.

Beste ikuspuntu batetik, berriz, eta kontaerari dagokionez, linealtasuna mantentzen saiatu naiz, atzera-aurrerako eta aurrera-atzerako jauzi funtsik gabekoetan galdu gabe. Esan dezadan, halaber, 'Orbetarrak' nobela errealista bat dela batez ere, hirugarren pertsonan kontatua; batzuetan, hala ere, gertaerak izoztu bezala egiten ditut, pertsonaien psikologiaren nondik norakoak atzemateko ahaleginean, eta horrek halako berezitasun bat ere ematen dio kontaerari, nik uste. Baina oraintxe esan dudan bezala, "batzuetan" bakarrik egin dut hori, ezinbestean egin ere; izan ere, pertsonaien arteko gorabehera guztiak aztertzeari ekin izan banio, beste ehun edo beste mila urte beharko nituzke nobela osatzeko... eta ni ez naiz Matusalenen kastakoa.

Lehengo eta oraingo kezkak

Gatozen zure hasierako garaietara. Hutsetik esperantzara poesia-bilduma eta Oilarraren promesa nobela izan ziren zure lehen bi liburuak; bigarrena orain gutxi berrargitaratu zenuela kontuan hartuta, nola ikusten dituzu orain dela 35 urteko zure lehen sorkuntza-lan haiek?

Hutsetik esperantzara nire lehen ahalegina izan zen, Irun Hiria saria jaso zuena, eta niretzat (gazte hasberri ezezagun bat nintzen, azken batean) oso inportantea izan zena bere mementoan, saria jaso ondoren pentsatu bainuen lehen aldiz, idazle izatera irits nintekeela noizbait. Oilarraren promesa, berriz, euskara lantzeko egin nuen. Nik pentsatzen dut literatura "normal" batean Oilarraren promesa ez zela, bere hartan, argitaratzeko moduko nobela, baina euskal literaturaren mundua desertua zen garaitsu hartan, eta, zernahi egiten zelarik ere, argitaletxeek argitara bidean jartzen zuten berehala. Horregatik egin nuen beste bertsio bat, bigarren edizioa atera genuenean. Hortik aurrera, zer esango dizut nik, bada, neure ibilbideaz? Ez dagoela Oilarraren promesa Lur bat haratago-rekin konparatzerik... eta horrek zertxobait ongi egingo nuela adierazten du, ezta? Baina harrokeriarik gabe esaten dizut, esaera zaharra birmoldatuz, lasai aski esan baitiezazuket: "Hilda gero, malda bero": malda behera goazela, alegia.

Eta orduko giroa eta oraingoa alderatu beharko bazenitu, zer iruditzen zaizu deigarriena? (gizarte edo kultura arloan, edo politikan edo...)

Euskarak kezkatzen nau, Euskal Herriak kezkatzen nau, eta, ukaezina bada ere aspektu batzuetan aurrera egin dugula, ez dut uste bide onetik goazenik, oro har. Adibide bat jarriko dut.

Euskal Herria harri bat da -hori esan zuen behintzat Arestik-, abertzaleok Euskal Herrian nahiko genukeena. Harri horren inguruan, lau apustulari nagusi: espainolistak (ezker eta eskuin), alde batean, eta abertzaleak (ezker eta eskuin), bestean. Jo dezagun, problema sinplifikatzeko, bakoitzak 100 kiloko indarra duela, harriari norabide batean zein bestean ekiteko. Ezker eta eskuin espainolistak, sarri askotan istilu antzezpenetan dabiltzan arren, ados daude funtsean: Una, Grande y Libre (PSOEk Nafarroan berriki jokatu duen paperak argi eta garbi utzi ditu gauzak). Horrek zer esan nahi du? Harritik norabide berean tiratzen dutela, 100 + 100 = 200 kiloko indarrarekin. Zer egiten dute ezker eta eskuin abertzaleak? Beti muturka ibili. Horrek zer esan nahi du? Harritik aurkako norabidean tiratzen dutela, 100 - 100 = 0 kiloko indarrarekin. Ondorioa: harriak Madrilen bukatuko du, abertzaleok itzartzen eta espabilatzen ez bagara. Nik uste dut Lizarra-Garaziren beste berredizio bat behar dugula. Armen hotsak alde batera utzita.

Gainerakoan, Altzako ekologiak kezkatzen nau (zer dela-eta egin behar dituzte hiru mila etxebizitza gehiago, Francoren garaian zementuz hesitu gintuztenean?), eta AHTak kezkatzen nau, proiektu osoa astakeria handia iruditzen baitzait (zertarako onartu, bestalde, herri-kontsulta, baldin eta gero herriari AHTren edo Pasaiako superportuaren inguruan erabakitzea debekatzen bazaio?).

Politikaren judizializazioak kezkatzen nau: 18/98+ kasua, jestorena, larri dauden presoena, kondenaren hiru laurdenak bete dituztenena, Egunkaria-koen afera eta abar, politikaren judizializazioak ahalbidetzen baitio estatuari, ez dagozkion eskumenak bere gain hartzea... baita, ondorioz, ez diren delituak delitutzat jotzea ere, eta edonor bahitzea eta kartzelan sartzea, azken batean.

Haritik tiratzeko gogoa ematen dit (Espainiako selekzioaren inguruan egunotan gertatuak, izan ere, mereziko luke iruzkin pipertsuren bat, ezta?), baina ez dut gehiegi luzatu nahi eta utz ditzadan gauzak horrela.

Biografia bitxi bat

Zure biografiak beti izan ditu halako puntu bitxi batzuk: ezagutzen zintuztenek diotenez, futbolari-karrera egin omen zenezakeen, joko-antolatzaile bikaina omen ziren, baina... Baina zer?

Hain joko-antolatzaile bikaina nintzen, neure bizitzako une jakin batean neure burua antolatu behar nuela erabaki nuen. Horretan gabiltza oraindik ere. Alferrik, bistan da...

Goi mailako ingeniari titulua ere atera zenuen, ikasketa hori batere arrunta ez zen garaian. Eta aldiz, zure jarrera bitalak gehiago dirudi poeta batena, edo kontenplalari batena, zientifiko batena baino.

Bizitza erantzunik gabeko galderez beteta dago; baina badago erantzunik ez duten galderei erantzuteko modu bat: poesia. Eta nire bizitza ezer izan bada, hori izan da: erantzunik ez duten galdera horiei erantzun poetiko bat emateko ahalegina.

Bestelakoan, nire kasuan, zientzia eta kontenplazioa ez dira elkarren aurka dauden kontzeptuak, elkarren osagarri baizik, neure joera poetikorako bidea ireki eta zabaltzen didatenak. Baina pentsamendu honek nobela bat eskatuko lidake, eta kontu xumeago batera joko dut.

Ez dago dudarik, Lur bat haratago-n Axularren prosa imitatzen ahalegindu nintzela. Baina hara: Axularren prosak badu matematikarekin zerikusirik; mundu paraleloak dira, nik uste. Matematiketan, izan ere, teorema batek hipotesi bat du abiapuntu, pausoz pauso garatu beharrekoa -pauso ezin logiko eta zehatzagoetan garatu ere, gaizki emandako pausoak hankaz gora jar baitezake eraiki nahi den edifizioa-, teorema frogatua geratzen den arte. Eta Axularrek berdin egin zuen: logika eta zehaztasuna baititu hark ere abiapuntu, modu ezin estuagoan erabiltzen eta garatzen dituenak, esaldi bat, gero beste bat, beste bat eta beste bat, guztiak ere akatsgabeki lotuak; eta lotura edo juntagailu batek krak egiten badu, krak egiten du paragrafo osoak... ulergarri beharko lukeen testua ulertezin bihurtuz.

Horra zergatik, Lur bat haratago idatzi nuenean, matematikaren alorrean ere sartuta egon nintzen aldi berean, zientifiko baten moduan-edo... sasizientifiko baten moduan seguruago.

ONGak modan egon aurretik, gaztetan pare bat urte eman zenituen Venezuelan, hango auzo txiroetan laguntzen-eta. Zertan markatu zintuen horrek? Hego Amerikako aktualitatea jarraitzen duzu? Nola ikusten duzu?

Guztiz markatu ninduen. Gogorra baita miseriarekin harremanak edukitzea: latorrizko txabolak, urik gabe... edo urez gainezka: ur-beltz-zikinez gainezka, ordea, Caracasko arrantxo miserable haietan. Geroztik, askotan pentsatu izan dut munduak ez duela konponbiderik, zerbait dugunok gosez hiltzen diren haurren... edo haurren gurasoen tokian jartzen ez bagara. Nik ez dut dudan jartzen borroka armatua praktikatzen duten hainbat eta hainbat taldek beren gogoetak egin beharko lituzketela, praxiaren ikuspegitik batez ere, baina hara: munduan dagoen biolentziarik handiena ez da ETArena, ez da FARCena; mundu honetako biolentziarik handiena gosea egotea da, mundu honetako biolentziarik handiena arma-fabrikek inoiz baino etekin handiagoak izatea da, eta gu ez gaude bekatu horretatik libre, bai baitira arma-fabrika batzuk Euskal Herrian ere... Askotan hitz egiten da arrazismoaz: azalari, sexuari edo erlijioari lotutako arrazismoaz, baina orain eta hemen, munduan dagoen arrazismorik handiena poltsiko-arrazismoa da. Eta horrekin inor ez da sartzen: inoiz ez dut entzun behintzat, kopuru batetik aurrera irabaztea -hainbat enpresari, kirol izar eta "famoso" sartuko nituzke zaku honetan- inmorala izan daitekeenik...

Irakaslea izan zinen urte batzuetan, itzultzailea, nik ez dakidan lanbideren bat ere bai agian. Ogibide izateaz gainera, azpimarratzeko moduko ekarpenik bai, horien guztien artean?

Irakasle izan nintzen garaitik ikasle zein irakasleekin izan nituen harremanak azpimarratu nahi nituzke. Oso oroitzapen onak ditut. Muga bat ere banuen, ordea: bilerak. Izan ere, irakasleen arteko bilera haietan noiznahi joaten zitzaidan burua: irakaskideen eskeletoak ikusten nituen, edo burua Babiloniara joaten zitzaidan, Trinido eta Felizianoren ondora, irakasleren batek bere galdera egiten zidan arte: "Eta zuk zer pentsatzen duzu, Joan Mari?". "Barka, baina Babilonian egon berria naiz, eta...". Eta irakasleek barre egiten zuten, zorionez. Baina bai, akats hori badut: hortik, beharbada, nire bakardaderako joera, solitario, solidario... Baina hara: askotan pentsatzen dut, muga hori izan ez banu, ez nintzatekeela idazle izango, hain dut nik ere beharrezkoa besteen arnasa, idazketaren bidez lortzen dudana, beste erantzun poetiko baten egiturapean. Eta atsegin dut neure ofizioa...

Bestelakoan, Roald Dahlen liburu batzuk itzuli nituen, pelikula asko eta asko itzuli eta egokitu ere bai... Pelikulei buruz gauza bat: urteetan egin nuen lan bikoizketa-etxe batean, oso gustura; bertan, gogor aritu ginen itzultzaile, egokitzaile eta bikoizlez osatutako talde bat, lana gero eta txukunago egiteko saioan; azken aldian, gainera, oso lan duinak egin genituen, nik uste; baina hara zer diren gauzak: pelikulen kalitatea bermatzen zuen talde bat osatu genuenean... orduantxe hasi zen diru-iturrien emana murrizten, jarrera ia ulertezinean: eraikin eder bat jaso eta gero hura goitik behera bota...? Latza, zinez.

Galdera topiko eta alferrikakoa izan arren: berriz bizitzeko aukera bazenu, zer egingo zenuke egin ez zenuena, eta zer ez zenuke egingo egin zenuenetik?

Askotan pentsatu izan dut, beste dohain batzuk banitu, politikan sartuta egongo nintzatekeela, mugimendu gandhizale batean. Baina ez ditut politikaria izateko dohainak: ez naiz plaza-gizona eta ez ditut multzo handiak atsegin; habitagarriago egiten zait kornerreko txokoa zelai erdia baino; bileretarako neurotiko hutsa naiz; kopeta handia dut, bai, baina ez naiz kopetaduna... Idazten jarraitu beharko dut, beraz, baina idazle izatea ere atsegin dut, esan dut lehentxeago. Gainerakoan, egin ez ditudan bi gauza egingo nituzke, aukera izanez gero: parapentean ibili eta basamorturen bat zeharkatu. Baina aurten hirurogei urte egingo ditut, eta tren hori pasatu zitzaidan. Eta, hala ere, neure bizitzako aro interesgarri batean nagoela iruditzen zait: gauza batzuk egin ondoren, gero eta konbentzituago bainago egoten ere ikasi beharko nukeela. De facto, neure mementorik onenak urari begira pasatzen ditut -mendiko erreka bati begira egotea sekulako ikuskizuna da, guztioi dohainik eskaintzen zaiguna!-, edo zelaiei eta zuhaitzei begira, edo atsegin ditudan musikak entzuten... isiltasunaren musika tartean, jakina, bizi-indarraren iturriarekin bat eginda, eta misterioen misterioarekin, azken batean.

Orain arteko nobelen errapasoa

Itzul gaitezen literatura-kontuetara. Tarteka itzultzen zaren poesia alde batera utzita, nobela-sorta handi samar bat osatu duzu urteetan barrena: continuum baten moduan ikusten duzu?, aroak bereiziko zenituzke?, gaiaren edo intentzioaren aldetik egin liteke sailkapen modukoren bat...?

Alde batetik continuum bat bezala ikusten dut, baina argi dago continuum horren barruan ez dutela pisu bera Ipuin batean bezala-k eta Lur bat haratago-k. Horrekin ez dut esan nahi, hala ere, damu naizela Ipuin batean bezala idatzi izanaz. Izan ere, gure herrian dena egiteko dago; liburu mota guztiak behar ditugu: goi mailakoak, bai, baina baita maila apalagokoak ere; horrek ez du esan nahi zaborraren alde nagoenik, maila apalagoetan ere posible baita duintasuna. Irakurle batzuk hurbildu zaizkit esanez, Ipuin batean bezala irakurtzerakoan, hunkituta sentitu direla... negar ere egin dute batzuek, eta emozioak piztaraztea da gure ofizioaren zereginetako bat, ezta?

Esaidazu zeozer liburu hauei buruz:

Oilarraren promesa-k ezagutarazi zintuen...

Oilarrak bere promesa egin zuen, bai, baina euskaldunok berdin jarraitzen dugu, kukurrukuaren egunaren zain...

Poliedroaren hostoak zure prestigioaren zutabe moduko bat izan zen...

Badira zutabe zilindrikoak eta zutabe paralelepipedikoak; baina paralelepipedoa poliedro bat da, izenak izana... Bromak aparte, nobelaren bigarren edizioko lehen partearekin oso pozik gelditu nintzen bere garaian. Gustatuko litzaidake lehen parte hura liburuki bakarrean noizbait argitaratzea, susmoa baitut idatzi dudan onena -ez dakit onena baina bai ontsuena- edizio hartako lehen parte hartan ez ote dagoena.

Babilonia-k halako kontsagrazio antzeko bat eman zizun...

Bai, baina epistola eta ebanjelioa ongi irakurrita gero iristen da kontsagrazioa, oker ez banago...

Lur bat haratago-k lurtarron mundutik apur bat harago kokatu ote zintuen...

Baina lasai, berriro nator-eta, beste nobela batekin.

Beti ibili zara talde eta taldexketatik aparte. Orain, berriz, irudi luke egungo modetatik eta moldeetatik urrun samar sentitzen zarela.

Hala da. Eta ez uste batzuetan gogorik ez dudanik, ardi bihurtzekoa eta artaldearekin bat egitekoa, baina, nahita ere, ezingo nuke. Badirudi, beraz, badudala neure baitan gene berezi bat, ahuntzengandik hurbilago kokatzen nauena ardiengandik baino. Patua izango da, eta zer egingo diogu, bada!

Arnasa hartzeko lana

Lur bat haratago mardul hura argitara eman zenuenean, baten batek aipatu zuen zure biziko lana egin zenuela, eta zuk erantzun zenion igual handiagoren bat egingo zenuela oraindik; orduan irriz hartu zuten entzuleek ateraldia, baina bete egin duzu iragarpena edo mehatxua. Ordurako buruan zenuen 'Orbetarrak' erraldoi hau?

Ez naiz gogoratzen. Baina, esatekotan, erdi txantxan esango nuen, nahiz eta buruan banuen ordurako halako proiektu bat, arnasa luzekoa behar zuena nahi eta nahi ez, guztiaz hitz egin nahi bainuen -bizitzaz eta heriotzaz, sentimenduez eta pertsonak bizi gaituzten indar ezkutuez...-, barrutik kanpora eraikitako pertsonaia batzuen bidez. Baina argi utzi nahi dut gauza bat: ez nabilela marka bat hautsi nahian. Are gehiago: guinnesstar filosofietatik urrun sentitzen naiz, beste muturrean bizi naizela ere esango nuke, estetikoki bai bederen. Nobela bakoitzak bere planteamendua du, eta nobelaren planteamenduak ekarri nau orriak eta orriak idatzi behar izatera. Ni ez naiz James Joyce, baina Leopold Bloom-en egun bakarraren gorabeherak adierazteko, Ulises mardula egitera eraman zuen. 'Orbetarrak' egiterakoan, berriz, ongi baino hobeto ulertu dut mila orriko nobela baterako adina eman lezakeela pertsona baten minutuko bizitzak. Ikuspegi horretatik, beraz, motza ere bada nire nobela hau, luze-luzea den arren.

Saga bat burutu duzu, XIX. mendearen amaiera aldera hasi eta XX.ean aurrera doana, hainbat liburukitan. Zein izan da proiektu hau lantzera eraman zaituen ideia, edo bidea?

Nobelak hiru zati nagusi izango ditu, bukatzeko gai banaiz. Nik, hasieran, bigarren partea nuen buruan: familia bat hartuko nuen protagonista, probintziako hiriburuko (hiriburua Donostia da, Donostia-edo, nahiz eta nobela osoan ez den aipatzen) jauregi batean bizi dena. Bertan, beraz, guraso zein seme-alaben (zazpi guztira: lau mutil eta bi neska, urtebeteko aldearekin etorriak hurrenez hurren, gehi zazpigarren bat, seigarrena jaio eta handik zazpi-zortzi urtera datorrena) gorabehera guztiak sar nitzakeen. Bide horretan barrena, ordea, berehala ulertu nuen gurasoen sustraiak-eta ulertzeko, hobe nuela gurasoen bizimodua beste ale batean ematea, bestela korapilotsuegia gerta baitzitekeen, nahasegia ere bai, ausaz: nobelak bi zati izango zituen, beraz. Gero, baina, aurrera egiterakoan, nobelak hirugarren parte bat ere behar zuela ulertu nuen: bertan, familiako semeetako bik (bata ateo argia, eta bestea Arantzazun dagoen frantziskotar poeta, Oteizaren estetikarekin maitemindua) bizitzari buruzko errepasoa egingo zuten, nork bere ikuspegitik; egia da Xabier Mendigurenek, Edorta Jimenezen eta Joxe Arregiren laguntzaz, Jainkorik bai ala ez liburua argitaratu zuela ideia bertsuarekin, baina nik banuen ordurako ideia hura, eta halaxe egingo dut... beste era batean, jakina, beste bat baita testuingurua.

Pertsonaien xehetasun guzti-guztiak

Nobela-sorta honetako hizkera, berriz, xehea eta nabarduraz betea da; azaldu iezaguzu hautu estilistiko horren nondik norakoa.

Nobela bakoitzak bere hizkera eskatzen du. Honetan, baina, zehaztasunez islatu nahi nituen pertsonaiak, barrutik kanpora, eta aukeratutako ikuspuntuak guztiz markatu dit jarraitu beharreko bidea. Imajinatu Jainkoaren begia, pertsonaien mugimendu guztiak ikusteko gai dena. Bada, ni ikuspuntu hori neure egiten ahalegindu naiz: ikuspuntu horrekin, pertsonaia bakoitzaren informazioa jaso nezakeen, espazioari eta denborari buruzkoa, pertsonaia bakoitza mugimenduan dagoen materia puska bat baita, azken batean; baina ez naiz horrekin konformatu: espazioaren eta denboraren berri emateaz gain, pertsonaia bakoitzaren barne-denboraren berri ematen ere saiatu bainaiz: barne-denbora gure sentimenduen, gure kimikaren eta gure mekanismo psikologikoen beste denbora hori da; baina ni, protagonisten amets batzuk ere neureganatu arren, ezin jar naiteke Jainkoaren tokian mekanismo horiek esplikatzeko orduan, nik ez baitut Jainkoarekin harreman zuzenik eta gizakion jakituria ez baita, ezta munduko gizonik jakintsuenarena ere, gizakion barrua deszifratzeko adinakoa; eta azkenean, jakina, Jainkoaren paperean nahi zuenak gizaki bihurtu behar izan du ezinbestean... horregatik daude mekanismo psikologikoei buruzko esplikazioak zalantzaren eremuan emanda... eta horregatik erabiltzen ditut zalantza hori islatzen duten adierazpideak etengabe: beharbada, ausaz, apika, agian, menturaz... antza, itxuraz, agidanez...

Bukatzeko, gertaerak orain dela mendea gertatu arren, konplexurik gabe ibili naiz haien esplikazioa emateko orduan, bai XXI. mendeko hizkerara joz eta bai gaur egungo kontuetara ere. Adibide bat ipiniko dut: bada nobelaren zati honetan bertsolari bat, Bixente Orbe, xelebre xamarra. Bertsoen plazara egiten duen lehen aldian, Kaxkagorri izeneko bertsolari ezagun bezain miretsiarekin jarduten du. Mutila, jakina, oso urduri dago... eta hasieran ez dio bertsoari behar bezala ekiten, Kaxkagorrik ardoa seinalatzen dion arte. Eta Bixentek ardoa edaten du, eta bertso biribil bat botatzen du. Gertaera ezin xumeagoa da, bai, baina hara zer interpretazio ematen zaion nobelan... itxaron pixka batean, nobela karpetan dut eta berehala aurkituko dut testu puska hori... Hara: "(...) Ikuspegi horretatik ez baitzuen ardoak miraria egin, maisuarekiko fedeak baizik: are gehiago, balizko estudio zientifiko batek nekez aitortuko bailioke ardoari halako eraginkortasun zuzen bat inspirazioaren gauzatze-prozesuan -gaur egungo bertsolarien jarrerak ez du besterik berresten, beharbada, bertso-afarietako tabernak eta sagardotegiak Beteluko uren iturburu bihurtu ote dituzten...-, eta guztiz beste kontu baita ardoak zeharkako eragina izan dezakeen, lehen beldurra eta lehen lotsa gainditzeko ekinbidean. (...)". Komentarioa ironikoa da, bistan da, baina ez hutsetik aterea, orain dela gutxi egon bainintzen bertso afari batean, Altzako soziedadean; Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina ziren partaideak, ura besterik edan ez zutenak... baita guri sekulako saioa eskaini ere!

Beste batzuetan, gure tranpa psikologikoak erakusten ahalegindu naiz. Adibide bat erabiliko dut, nobelan orain artean erabili ez dudana, baina esan nahi dudana ulertzen lagundu diezagukeena. Imajina ditzagun aita bat eta bere seme bakarra. Aita hilzorian dago. Semeak izugarri maite du aita, eta zimiko pairaezin bat du bihotzean. Halako batean, baina, jakin ez nola, ezusteko pentsamendua bururatzen zaio: "Aita hilko zaidak, bai, baina etxea eta hogei mila euroko herentzia ere ez duk txarra...". Hara nola zikin daitezkeen gure sentimendurik ustez garbienak ere. Airezkoak izan nahi baikenuke, baina lurrezkoak baikara funtsean.

Sagaren lehen liburukia dugu esku artean: Bestea da mundua, bere baitan nobela oso eta bete bat dena. Horko pertsonaia batzuk aipatuko dizkizut, eta zuk azal iezaguzu haien zer-nolakoa.

Regina:

Ama. Duenarekin konformatzen ez den emakumea eta urrunera begira jartzen dena.

Nazario:

Izaera gogorreko gizona, autodidakta, ezerezetik sekulako inperio ekonomikoa eraikitzea lortzen duena.

Ernestina:

Klausurako komentura joandako emakumea, kapilau heterodoxo batekin aurkitzen dena eta bizitzari buruzko ikuspegia aldatuko diona. Reginak badu berezko horror vacui bat, ispiluak eta jantziak erostearekin gainditzen duena, gainditzen-edo; Ernestinak, aldiz, buru-barruak hustearekin batera bihurtu nahiko luke bere bizitza artelan.

Benardo:

Bertsolari xelebrea, maitagarria, airea eta airearen gaineko airea behar dituena arnasa hartzeko; inguruabarrak, zoritxarrez, oso bestelakoak dira, ordea, eta tragediara bultzatuko dute.

Badira beste pertsonaia ugari ere; baten bat, bereziki gogoko duzuna?

Ez nuke aipatu gabe utzi nahi markesa anderearen bi alaba bikien amodio-istorioa. Zergatik? Hargatik...

Erlijioa, industrializazioa, eta hurrengo liburuak

Erlijioak toki dexentekoa dauka nobelan. Garai hartako gizartean zeukan pisuaren isla da hori, ala zuretzat ere gaiak duen garrantziaren ondorio?

Biak dira: alde batetik, garai hura ez dago ulertzerik Elizak orduan zuen indarra aintzat hartzen ez bada; bestetik, egia da ni beti nabilela erlijioen edo zientziaren inguruan erantzun poetikoak bilatzen. Gehiago esatera ere ausartuko naiz: eskola eta zentro publikoetan diskusioan dago erlijioa eman ala ez. Nik pentsatzen dut eman egin behar dela: kristautasunaren, islamaren, budismoaren eta animismoaren nondik norako oinarrizkoenak, esate baterako: alde onak eta txarrak, Jainkoaren izenean egin diren bidegabekeria askok eta askok ez baitute izenik; horiekin batera, baina, beste opzio bat bezala eta berdinetik berdinera, ateismoa eman beharko litzateke, aukera-sorta osoa izateko. Nik asko ikasi dut ateismotik: izugarri lagundu dit, esate baterako, bai alferrikako apaingarriak kentzeko bidean eta bai erlijioek beraiekin ekarri ohi duten harrokeria inkontzientea bazterrean uzteko bidean ere; apaingarriak kentzen jarraitzen dut, gainera; egunen batean, agian, ezer gabe geldituko naiz, baina hori da, beharbada, helmuga.

Karlistaldien ondoko krisia eta industrializazioak ekarri zituen tentsioak jorratu izan dituzu lehen ere; zer berrikuntza dakar liburu honek aurrekoen aldean?

Bi berrikuntza aipatuko ditut: idazkera da bata, eta muturrerainoko introspekzio psikologikoa bestea, ez nobelaren orri guztietan, baina bai nobelaren une jakin batzuetan; kontu honi buruz, baina, zehaztasun bat egin nahi nuke; esan nahi dudana da ez dudala nobela hau espezialistentzako tratatu bihurtu nahi izan: ez dela, alegia, psikologian eta psikiatrian adituak direnentzat -horiek ere irakur lezakete, jakina-, baizik eta mundu guztiarentzat: jakin-mina duen eta kultura gutxieneko bat duen jende guztiarentzat bai bederen. Erantzunari amaiera emateko eta idazkerara itzuliz, zera: ez dut ukatuko idazkera exijentea dela, baina ulergarria ere bada, eta irakurleak ez du esaldi bakoitza bi aldiz irakurri behar izango, seguru ezetz.

Lehen liburuki hau irakurri eta gero, hurrengoak ezagutzeko irrikaz geratuko da agian irakurleren bat. Zer aurreratuko zenioke balizko irakurle horri?

Lehenengo zatia barreiatuagoa da... ezinbestean. Izan ere, Nazario herri bateko gizon handinahia da, baserritarra, baserrian bizi dena, aldameneko herri bateko fabrika batera joatea erabaki eta denborarekin bere fabrika propioa eraikitzen duen arte; baina Nazariok bere familia du, gurasoak eta bere anaiak, eta horien nondik norakoak ere eman behar nituen, bada, ikusteko nola errepikatzen diren hainbat eta hainbat jarrera hurrengo belaunaldikoen baitan, inguruabarrak guztiz bestelakoak izan arren. Regina, berriz, Madrilera doa neskame, eta nola egongo nintzen markes jaun-andereen jauregiko giroa azaldu gabe...! Azkenik, Ernestinaren komentualdiari buruz ere zerbait esan beharra nuen, hain da funtsezkoa izeba Ernestinaren papera orbetarrenean.

Bigarren zatiak, aldiz, kokagune bakarra izango du: orbetarren jauregia; espazioa bakarra da, beraz, eta espazio horrek batuko ditu bai pertsonaien eta bai narrazioaren gorabeherak ere; bukatzeko, seme-alaba bakoitzak bere berezko izaera du, bere nortasun markatua, eta horrek kontakizunaren arnasa zabaltzeko posibilitatea eman dit: nobelaren bigarren zati hau bi liburukitan eman beharko dut, beraz...

Bestalde, eta amaitzeko, Orbetarren munduan barrena zure eskutik abiatzen dena bidaldi luze batean sartuko da. Zer esango zenioke zure bidaide horri? Zer eskaintzen diozu? Zer eskatzen?

Bidaideari eskain diezaiokedan gauza bakarra nire lanaren fruitua da. Esan ere, esan dezaket kontzientziaz aritu naizela, egunez egun, jo eta ke. Esango diot, halaber, memento txarrak ere pasatu ditudala (batzuetan, beste nobela guztietan ez bezala, damutu ere damutu nintzen proiektua hasi izanaz), hala nola humeroa hautsi eta bi hilabetetan lo ezinean egon nintzenean, logabezia uste baino zama handiagoa da-eta, horrelako proiektu bati ekin behar zaionean... urte erdian ibili bainintzen nobela bukatzeko gai izango ez ote nintzen. Baina, zorionez, hobera egin nuen, eta neure onena emateko ahaleginean ari naiz berriro ere. Badakit, ordea, baldintza horiek guztiak ez dutela berez bermatzen lanaren fruitua: balizko irakurleak esan beharko du, beraz, fruitua zaporetsua edo ustela ote den.

Eskatu, berriz, nola eskatuko diot bidaideari ezer? Lotsa ere emango lidake, egia esan. Bidaideak liburua erosi du, eta eskubide osoarekin dago zernahi egiteko: nirekin gozatzeko, edo nire aurka madarikatzen ibiltzeko, edo biak batera, auskalo... Irakurtzeari ere utz diezaioke, zergatik ez? Bezeroak beti arrazoi...

Zabaldu | Bildu