Eskohitza → Aipagarriak → Adibidez
Data: 2008-05-26
Iturria: Amagoia Iban (Berria)
Sierra Leonakoa da Ismael Beah. Soldadu bihurtu zen 13 urterekin, esana dauka gerra hasi orduko alde guztiek umeak errekrutatzen hasi zirela. «Jendea etengabe akabatu eta mutilatu nuen ordutik», hori ere bai.
Maparen bat muturren aurrean jarriko baligute eta ume soldaduren baten testigantza entzunarazi, Afrikara joko genuke berehalakoan. Errealitatearen mapak, ordea, Erresuma Batua ere markatzen du, 16 urtetik aurrera gerrara bidalia izan zaitezkeelako han. Iazko apirilean, Amnesty Internationalen arabera, 16 urteko 1.000 soldadu zeuzkan hango armadak, 2003a eta 2005a bitartean 15 adingabe ingeles Iraken egon ziren gerra egiten.
ACLU Ameriketako Askatasun Zibilen Batasunaren arabera, berriz, Sam Osaba ikastetxez ikastetxe dabil -gune behartsuenetan batez ere-, gaztetxoei uniformea jantziarazi nahian. 11 urteko umeak errekrutatzeko aukera ere badauka, terrorismoaren aurkako gerraren aitzakiaz ikastetxe arruntak kadete harrobi bihurtu direlako, historia eta taktika militarrak, arma erabilera eta antzekoak irakasteko. 2005ean, ehunka mila ziren paramilitar adingabeak AEBetan, 17 urte bete orduko frontera bidaliak izateko prest. Mundu zibilizatua Ismael Beahrena bezalako adingabe armada basatiengandik askatzera, adibidez.