eskohitza.com

EskohitzaAipagarriak → Europako Jendarte Foroa ate joka!

RSS 2.0

Europako Jendarte Foroa ate joka!

Data: 2008-09-14

Iturria: Askapena.org

Irailaren 17-21 artean Malmon ( Suedia ) ospatuko den Europako Jendarte Foroaren inguruan informatu eta bertan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu:

 

Jendarte foroak, azken urte hauetan mundu osoan zehar barreiaturik lanean dabiltzan herri mugimenduen topaleku nagusia bilakatu dira. Bai mundu zein Europa mailan, herri aldarrikapen sozial eta politikoa egikaritzen duten mugimenduek espazio hauetan esperientziak elkartrukatu, egoeraren irakurketak kontrajarri eta kasu askotan komunean lan lerroak eraikitzeko topaleku ezin hobea bilakatu dira.

Euskal Herria, "beste mundu bat posible da" aldarrikatzen duen mugimenduen mugimenduaren parte ere izan da. Azken foroetan herri honetan aurkitzen den herri mugimenduen ordezkaritza zabalak parte hartu izan du. Eta eskutitz honek horixe du helburu: aurtengo Europako jendarte foroan ere, Euskal herriko herri mugimenduek duten ordezkaritza handitu eta bultzatzeak duen garrantzia zuekin konpartitzea.

Animatu eta etorri gurekin, international@askapena.org helbidera idatziz

international@askapena.org helbidean informazioa eskatu daiteke. Gauza teknikoei dagokionean, bertan doanik lo egiteko lekua izango dela ziurtatzen da. Gosaria egongo da eta beste otorduak bakoitzaren kontura baina sukaldatzeko aukera egongo da. Gastu nagusienak beraz autobusa izango da eta 100 euro inguruko kostua izango duela aurreikusten da. Irteera eguna irailaren 15erako eta buelta 23rako izango da.

Informazio gehiago, segi irakurtzen...

*Foroan izatearen inguruan apur bat sakontze aldera lan hau bidaltzen dizuegu. Nahiz eta globalizazioaren aurkako (edota beste globalizazio baten aldeko) mugimenduak foroetan irudikatzen den errealitatea gainditu, hauek izan dira azken urteetan mugimendu horren errealitatea irudikatu duten espazioak.

Globalizazioaren Aurkako Mugimendua

Jendarte Foroen inguruko azalpena egiteko Globalizazioaren Aurkako Mugimendua, GAM, delakoaren aurkezpena egingo dugu, honen jatorri historikoa kokatuko dugu, mugimenduaren oinarriak azalduko ditugu eta azkenik Foroetan sakonduko dugu.

Garapen historikoa

Globalizazioaren aurkako mugimenduaren jaiotza inon kokatzea oso zaila da, azken finean mugimendu batetaz ari gara, ez erakunde edo eragile batetaz, aparte gai honen inguruan hainbat iritzi daude, eta iritzi hauetako bakoitzak mugimendu honen abiapuntua gertaera baten inguruan kokatzen du.

Guk ez diogu abiapuntu konkretu bat finkatuko, izan ere mugimendu bat ez da goizetik gauera jaiotzen eta GAMekin gertatutako prozesua daten segida batekin irudikatuko dugu. Mugimenduaren osatzea prozesu baten ondorio bezala irudikatzeko. Mugimendu honen sorrerarako arrazoiak, hala ere, 1980ko hamarkadan kokatuko ditugu, alde batetik estatuek euren boterea nazioarteko eragileen/transnazionalen esku galtzen zioazen geroz eta abiadura handiagoan, mundu kapitalistan ongizatearen estatuaren desantolaketa hasi zen, ekialdeko sistema komunisten desagerpena...

Mundu egoera honen aurrean hainbat fronteetan antolatuz joango dira egoerak asaldatzen dituen mugimenduak. 1988An FMIren kontrako lehenengo protesta lokal bateratuak burutu ziren. 1991an hego amerikako jatorrizko herriek bilera burutu zuten "aurkikuntzaren" 5. mendeurrenaren aurrean burutuko zituzten protestaldiak antolatzeko.

1992.an jatorrizko herriek protestak burutu zituzten eta 1994ean urtarrilaren 1ean batzuk GAMen lehenengo adierazpen bezala ulertzen duten gertaera eman zen, Mexikoko Txiapaseko estatuan Lakandona oihanetik aterata jatorrizko herriak armetan altxatu ziren, mundu honek eta mexikoko estatuak jatorrizko herrientzat eskeintzen duena salatuz. EZLNk GAMen lehenengoetariko topaketak izango zirenak bultzatu zituen 1996. eta 1997 urteetan Encuentros intergalacticos por la humanidad y contra el neoliberalismo deiturikoetan.

Tartean 1995ean Munduko merkataritza elkartea sortuko da, luze barik GATG eta beranduago GATS akordioak sinaraziko dizkiena munduko estatuei neoliberalismoa areagotuz munduan.

1998an Ignacio Ramonet, Le Monde Diplomatique-eko zuzendariak ATTAC eragilearen sorrera bultzatu zuen, eragile honen helburua munduko fluxu finantzieroen gaineko tasa (Tobin Tasa) bat ezartzea zen, lortutako diru kopuruekin munduko biztanleon aldeko ekimenak burutzeko.

1999an mugimendu honen lehenengo adierazpen masiboa ikustarazi zen Seattle hirian, Estatu Batuen bihotzean, mota ezberdin askotako eragileek protestaldia burutu zuten munduko merkataritza elkarteko, WTO, bilera bertan behera uztera behartuz. Hemen hasiko da, GAMen proiekzio publikoa izango duten protestak, G-8, FMI, Banku Mundialaren eta WTO bileren kontra, hauetako asko oztopatuz eta beste batzuk bertan behera uztera behartuz.

Protestaldien mugimendu honek inflexio puntua Genovan izango du. 2001eko uztailean G-8aren kontrako protestaldien gainetik bilkura edozelan ere burutzea izan zuten helburu G-8ko partaideek aukera honetan. Horretarako Genovaren alde zaharra gaztelu bilkatzen saiatu ziren eta polizia italiarra gogor oldartu zen manifestarien aurka, izandako istiluetan Carlo Guiliani gaztea tiroz hil zutelarik.

Baina aurrerago azalduko dugun moduan badago beste arrazoi bat 2001 urtea inflexio puntu bezala kokatzeko, urte horretan Munduko lehenengo Jendarte Foroa ere burutu zelako. Momentu honetatik aurrera, GAMek protesten dinamikarekin jarraitu du nahiz eta ikaragarrizko segurtasun neurrien aurrean aritu behar izan den.

Mugimenduaren oinarriak

Mugimendu honen faktorerik adierazgarrienetariko bat bere heterogeneotasuna eta egituraketa falta da. Beste mundu baten aldeko apostua egiten duten mugimendu zein eragile guztiak batzen dituelako, jatorrizko herrietatik alderdi ezkertiar klasikoetara, autonomo, ekologista eta ONGak barnebilduz.

Hala ere partaide gehienek konpartitzen dituzten hainbat aldarri azpimarratu daitezke, multinazionaleei egiten zaizkien kritikak, erakunde supraestatalen kontrako jarrera, neoliberalismoaren kontrakoak...

Jendarte Foroak

Garapen historikoan azaldu dugun bezala 2001ean Porto Alegren Munduko Lehenengo Jendarte Foroa burutu zen ATTAC eta Brasileko PT (Langileen Alderdia) antolatuta, honek Jendarte Foroen dinamikari abiada eman zion, Beste mundu bat posible da lelopean.

Momentu honetatik aurrera 2 urteko maiztasunez burutzen joan dira foro ezberdinak eta aldi berean munduan osoan zehar joan dira zabaltzen eta herri eta kontinenteka antolatu dira, Europako Jendarte Foroa horren adibide delarik. Azaldu dugun bezala foroa globalizazioaren aurkako mugimenduaren topagune bilakatu da, hala ere, foroaren araudiak hainbat erakunde eta eragileen partehartzea galarazten du. Alderdi eta estatuek ezin dute parte hartu, mugimendu militar zein "terroristak" ere ez dira onartuak, nahiz eta hauetako batzuk GAMen parte diren, eta beste eragile batzuentzat erreferentzialak izan. EZLN, FARC edo prozesu Bolibariarrean murgilduta dauden estatuen kasuak dira adierazgarrienak.

Foroen antolakuntzari kritikak egiten zaizkie hainbat ikuspuntu ezberdinetatik, baina ukaezina da, Jendarte Foroak direla egun beste mundu baten alde lanean dihardutenen topagune. Eta nahiz eta foroen egituraketarekin eta planteamenduekin guztiz ados ez egon, egun lanean dabiltzan eragileek beraien ordezkaritza zihurtatzen dutela ere egia ukaezina da. Bai harremanak sortzeko edota mundu berri baten eraikuntzarako guztiz galdua ez dagoen espaziotzat hartu daitezke foroak.

Azkenik foroen dinamikak edozein eragile eta kolektiboren borrokari egiten dion ekarpena ukaezina da. Mundu zabaleko mugimendu ezberdinak topatzean eta hauekin informazioa eta ezagutza trukatzean, eztabaidak burutzean... momentu txiki batez burua gure egunerokotasunetik ateratzen dugulako, gure ideiak eta planteamenduak aberasten ditugulako, gure bidelagun direnak ezagutzeko aukera emanez. Aldi beran guk gure herrietan eta arloetan ikasitakoak munduari eskeintzeko aukera ematen digute elkargune hauek.

Europako jendarte foroa

Aurtengoa V. Europar Jendarte foroa da. Aurretik izanak dira, Londres, Atenas edo Parisekoak eta guztietan egona da euskal ordezkaritza bertan. Aurtengoan 20000 gizarte ekintzaileren bisita espero da foroak irauten duen lau egunetan zehar. 600 antolakunde, 400 aktibitate kultural edo aurreikusiak dauden 230 eztabaidetan egun Europan bizi diren arazo nagusienen inguruan, eta ezkerretik hauei aurre egiteko landu beharreko bideen inguruko eztabaidek osatuko dute mugimenduen mugimenduaren topaketa honen erdigunea.

Gure partetik garrantzitsua deritzogu bertan parte hartzeari, eta Herriak aske saretik gurekin Foroan parte hartzera gobidatu nahi dizuegu.

Herriak aske, Euskal Herria, Venezuela eta Palestinako mugimenduek osatzen duten sarea da. Orain 3 urte sortua ordutik honako foro eta topaketa guztiean parte hartzeaz gain egun munduko jendarte foroko nazioarteko kontseiluko kide da eta aktiboki parte hartu izan du Euskal Herrian Globalizazioaren aurkako mugimenduaren testuinguruan antolaturiko aktibitate orotan.

Aurten ere, hiru stand, hiru seminario eta workshop baten bidez programan gure herriaren ordezkaritza bermatzeko esfortzua egin dugu (http://www.esf2008.org/ gunean duzue programa ofiziala eskura ), baina foroa bilkuraz beteriko espazioa baino askoz gehiago ere bada. Europako jendarte foroa mugimendu sozial eta herritarren topaleku da, eta bertan gure herrian dagoen herri mugimenduen ordezkaritza ahalik eta zabalena egotea ere garrantzitsu deritzogu.

Norabide honetan, eta Herriak Aske sarearen eskutik hainbat aktibitate antolatu dira. Mintegiak, Euskal Herriaren gunea, Stand ezberdinak... guzti hauen helburu gure herrian bizirik eta lanean dauden mugimenduen isla forora eramatea da. Baina hori mugimenduen parte hartzerik gabe ezdeusa litzateke. Horregatik aurtengo saioan ordezkaritza baino brigada bat bidaltzeko helburua markatu diogu gure buruari.

Brigadaren balioa argia da. Foroa oso espazio handia da eta bertan herri txiki honek duen mugimenduen aberastasuna islatu nahi badugu gure ordezkaritza bai edukiz zein kopuruz handia izateak balio handia du. Ordezkaritza zabal eta koloretsuarekin erakutsi nahi dugu Malmon Euskal Herria bizirik dagoen herri proiektu bat dela, herri mugimenduen eguneroko lan isilak sortu eta birsortzen duen errealitate anitz eta sortzailea.

Zabaldu | Bildu