eskohitza.com

EskohitzaAipagarriak → Reverse graffiti garbia

RSS 2.0

Reverse graffiti garbia

Data: 2008-10-29

Iturria: Testua (the balde) | Argazkia (Dennis Yang)

Lizentzia: Creative Commons BY-NC-ND

Kaleko paretak graffitiz "garbitzen" ditu Moose graffiteroak. Graffitiak, hiritar jator eta zintzoei sortzen dien kontrako iritziari hordagoa bota zien Moose ezizenez sinatzen duen graffiti artistak. Leeds hiriko gazte honek paretak margotu gabe margotzen ditu. Paretetako zikinkeria, hautsa eta lohia garbituaz sortzen ditu bere obrak. Moosek bere lanari "reverse graffiti" deitzen dio.

[0]reversegraffiti.jpg

Paretak garbituaz graffitiak egiteko ideia bere auzoan izan omen zuen. Etxerako bidean, tunel zikin batean, norbait ikusi zuen hatzarekin bere izena idazten. Orduz geroztik makina bat izan dira Moosek graffitiz "garbitu" dituen paretak, tunel eta bestelako kale eremu zikinak. Hasera batean Leedseko udaleko agintariek ez zekiten zer egin hiriko paretak garbituaz marrazten zuen artistarekin: "Monty Python moduko epaiketa bat irudikatzen nuen beti. Hemen A froga: xaboi pote bat, B froga: galtzerdi pare zaharra...". Errepikakorra da agintari, politiko eta funtzionariak ia beti, berandu, gaizki eta gizartearen urratsen atzetik ibiltzen direla esatea. Leedseko udaleko agintariek ez zuten artista honen lana begi onez ikusten, baina ez zekiten zein neurri hartu bere graffiti garbien aurka. Ez dira oraindik konturatu Mooseren "graffiti garbiei" esker Leeds bezalako hiri gris eta gogor batek bere tartea izan duela mundu osoko arte aldizkari eta bilgune espezializatuetan.

Zabaldu | Bildu