eskohitza.com

EskohitzaAipagarriak → Zaharren Egoitzaren inguruko kontsulta Eskoriatzan

RSS 2.0

Zaharren Egoitzaren inguruko kontsulta Eskoriatzan

Data: 2008-11-04

Pedro Lasagabaster alkateak esan du aipatzekoa dela udalbatzarrak aho batez onartu zuela herritarrei kontsulta egiteko ideia, hain zuzen ere guztiek sinesten dutelako demokrazia justua parte hartzailea dela. Eskoriatzan herritarren iritzia ezagutzeko kontsulta egitea nobedadea dela esan du eta guztiak ilusioz jardun direla nobedade hori ahalik eta modu egokienean aurrera eramateko. Kontsulta hau aurrera ateratzeko udalbatzarkideek eta udal langileek egindako lana eskertu du.

Esan duenez, Zaharren Egoitza egungo legediari egokitu beharra dago eta gaur egun dagoen eraikinak zerbitzua beharrezko berme guztiekin eskaintzea eragozten duenez, eraikinean egokitze lanak egitea behar-beharrezkoa da.

Egokitzapenerako, baina, irtenbide bat baino gehiago dago eta Udala nahiz Patronatua irtenbide baten edo bestearen alde agertu aurretik, herritarrek gai horri buruz duten iritzia ezagutu nahi izan dutela, hain zuzen ere Zaharren Egoitza herrian daukagun zerbitzu garrantzitsu bat delako eta Udalbatzak gai horrekiko hartu beharreko jarrerari buruzko zalantzak zituelako.

16 urtetik gorakoek

Iritzia ezagutzeko kontsulta azaroaren 19, 20, 21 eta 22an egingo da eta bertan parte hartu ahal izango dute 2008ko urriaren 31n Eskoriatzan erroldatuta zeuden 16 urtetik gorako herritarrek. Guztira 3.400 biztanle inguru dira bozketan parte hartu ahal izango dutenak.

Hitzaldi informatiboak

Lehen hitzaldia azaroaren 5ean, eguaztenean, izango da: Senideen ordezkariak + Zuzendaritza + Langileen ordezkariak.
Ordua: 19:00, Ibarraundi Museoan.

Bigarrena, azaroaren 6an, eguenean: GSR enpresa + LKS.
Ordua: 19:00, Ibarraundi Museoan.

Bestalde, herritarrek eta herriko elkarte eta taldeek bakoitzak bere iritzia emateko aukera izango du: horretarako azaroaren 12an eta 17an bi mahai-inguru egingo dira, nahi duten herritarrek eta elkarteek bere iritzia emateko. Mahai-inguru hau ondo koordinatzeko, iritzia azaldu nahi dutenek azaroaren 10a baino lehen udaleko gizarte zerbitzuetara deitu beharko dute: 943 71 31 36 (ordutegia 8:30 - 13:30 eta 14:00 - 16:30).

Azaroaren 12an, eguaztenean eta azaroaren 17an, astelehenean egongo dira bi mahai-inguruak, 19:00etann Ibarraundi Museoan.

Buzoneoa

Gaur, azaroaren 3a, informazioa zabaltzeko lehenengo buzoneoa egingo da herrian. Banatutako informazioa hemen ikus daiteke.

Zabaldu | Bildu