Eskohitza → Aipagarriak → Xanti Iparragirre: «Oso pozik nenbilen, 100 ikasletik gora nituen, baina utzi behar izan nuen»
Data: 2008-11-18
Iturria: GAUR8
Bertso eskolei hasiera eman zenien Ipar Euskal Herrian. Bertsoa irakatsi zitekeela defendatu zenuen jendeak horretan sinesten ez zuen garaian. Nola oroitzen duzu etapa hori?
Ni sarasuatarrekin irakasten ibilia nintzen Hegoaldean, eta hemen dagoeneko hasiak ziren pixka bat bertsoa irakatsi zitekeela sinesten. Andereño batek nonbait bazekien horretan aritua nintzela eta lana eskaini zidan. Hemen, nahiz eta ezjakinak izan, taldean lan egin genuen beti eta bik edo hiruk batek baino gehiago dakite. Han, bakarrik egoteaz gain, zailtasun askoz ere gehiago nituen. Zerbait egin nuen, baina behar zen moduan ez zidaten utzi. Ni hasi nintzen garaietan oso hila zegoen bertsolaritza Ipar Euskal Herrian, Mattin eta Xalbador hil zirenetik jendeak ez zuen gehiegi sinesten edo bertsolariengan ez zuen halako gogorik. Bertsoak entzuteko zikiro besta edo horrelakoren bat izan behar zen, euskarak ere ez zuen indarrik eta bertsoek gutxiago. Jaialdiak egiten ziren, Saran urtero, Urruñan noizean behin. Gainera, ikusten zen entzule gutxi zirela bertsoa kulturalki ulertzen zutenak, Mattinen eta Xalbadorren bertsogintzan ere azkenean zer esango zuten bakarrik begiratzen zuten gehienek. Haiek joan zirelarik giroa guztiz hotz gelditu zen. Iparraldean antzerkiak indar handia izan du eta bide horretatik saiatzea pentsatu nuen. Bi ikastoletan nenbilen eta talde bat egin nahi nuen ikasle onentsuenekin. Segituan eman zidaten ezetza batzuk hartu eta besteak baztertuta uzten nituelakoan, ez zuten nahi ez gurasoek ezta irakasleek ere. Horretan utzi nuen eta betiko teknikekin segitu nuen, guk egindako paperekin, erabilitako betiko teoriekin.
GALen garaia bizitu zenuen.
Oso urte txarrak izan ziren. Ezin genuen lanik egin nahi bezala, eta GALen garairik gogorrenean belauneko istripu batengatik sei hilabetean ez nuen eskolarik eman. Gero langabezian egon nintzen eta irakaskuntza gehiago zabaltzen hasi nintzen ikastoletara, nahiko zabaldu ere bai, azken unean 100 ikasle baino gehiago nituen eta zazpi ikastoletan nenbilen. Oso pozik nenbilen, baina GAL isiltzearekin batera hasi zen polizien erasoa, sarekadak, egunero-egunero atzetik segika, gero eta txarrago, gero eta txarrago, eta 1987an denak bertan utzita gorde nintzen.
Zein adineko umeekin eta zein herritan lan egin zenuen?
Adin guztietakoak nituen, hasi 7-8 urtetik eta 13-14 ingururaino; Donibane Lohizunen, Azkainen, Senperen, Arrangoitzen, Angelun, Baionan eta Kanbon. Ama eskolakoekin ere ibiltzen nintzen; oso polita zen, kantuak erakusten nizkien.
Eskolei esker bertsolaritza suspertu egin da.
Bai, bertso eskolengatik eta Hendaiako mugimenduagatik ere bai. Amets Arzallus eta Sustrai Colina Oiartzunen ere ibili dira. Horrek asko eragin du. Gero bertakoak hasi dira. 2001ean eta 2002an Uztaritzen ibili nintzen zerbait, Karlos Aizpurua denera iritsi ezin zelako. 2003an utzi nuen, Eskoriatzara itzuli nintzenean, pasaporterik gabe.
Zein egoeratan zaude orain?
NANik eta pasaporterik ez dut, ez didate eskatzen ere. Etorri nintzeneko egoera berean nago. Nahi izanez gero, edozein unetan atxilotzen ahal naute, baina ez arrazoi horregatik bakarrik, ez da asko behar atxilotzeko. Erabaki nuen etortzen banintzen lasai bizitzeko izango zela eta hala nago. EHNA badaukat, hangoa eta hemengoa.
Ipar Euskal Herriko bertsolaritzara bueltatuta, aurten lehenbiziko xapelketa egiten ari dira. Pauso handia da, ezta?
Oso garrantzitsua da bertakoei indarra emateko bertakoekin bakarrik egitea. Talde polita osatzen dute, gainera. Txapelketak beharrezkoak dira ingurua berpiztu eta berotzeko, nahiz eta bertsolarientzat ez diren onak, asko eta asko desagertu egiten direlako ondoren, asko betirako. Batzuk gora eta besteak behera, erabaki zorrotza da hori.
Saioak ikusten izan zara?
Irratiz jarraitu ditut, ikustera ez naiz joan. Etxean norbait baneuka laguntzeko eta animuak emateko... Ez dut inor, ordea. Saioak entzun eta nahiko inpresio ona gelditu zait, uste ez nuen bakarren bat ere bada nahiko aurrean. Ikusten dut Maddalen ere, neska ttiki hori, bizkorra datorrela, ttiki-handia egin zaigula.
Ttikitatik izan duzu lotura bertsoarekin. Etxeko bertso liburu handia izan zen irakurtzeko eta idazteko zure ikasliburu bakarra.
Hala da. Bertsotan idatzi izan ditut eskutitzak ere. Garrantzi handiko hitz jokoa da niretzat. Nahiz eta plazan puntako ez izan, asko balio du ikasteak eta idaztera trebatzeak. Anaia zaharragoek kantatzen zuten eta nik liburutik erdi osatzen nituen bertsoak, hori zen nire eskola, Añarbeko eskola.
«Biziaren azala» zure liburua oilo-ipurdia jartzeko modukoa da.
Horixe da, biziaren azala. Sentimendu askoz ere mardulagoak daude idatzi gabe. Ez da erraza sakontzea, ezin baitut hartu nauten etxeetako bizia kontatu. Sartuta egon behar da ulertzeko, lasai bizi bazara eta ez baduzu sudurra beste batzuen egoeretan sartzen, ezingo duzu gauza asko ulertu. Liburuan urtetako hutsunea dago, bete ezinekoa, gaur ere ez oraindik.
Bertsolaritza euskararen ardatza dela idatzi duzu.
Ez dakit ardatza edo ezpala den. Bertsolariekin asko ibili naiz eta denek zieten inbidia; apaizek, fraideek... Duten erraztasunagatik, gauzak esateko eragatik, zieten inbidia. Nahiz eta ez esan, jakinarazi egiten dute hitz orde batekin eta asko gustatzen zaizkio horrelako gauzak jendeari. Mitinik ederrenean baino askoz ere gauza gehiago eta egokiago entzun daitezke bertso saio on batean eta ez dago hain intelektuala izan beharrik bertsotan gauzak ondo esateko. Iparraldera itzuliz, lagun taldetxo bat bildu ginen behin eta iritzi batzuk eman genituen. Bertsotan ona denak beste gauza askotarako ere balioko duela esan nuen eta ekonomilari ezagun batek esan zidan: «Buru argi horiek ezin daitezke baliatu ekonomiarako?». Ni isilik. Gero galdetu zidan: «Errentagarria da bertsolaritza erakustea?». «Sekula ez dut kobratu», erantzun nion. Azkeneko aldian ordaintzen zidaten, baina gainerakoan ez, nire borondatez ibili naiz beti.