Eskohitza → Aipagarriak → Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetarako Demokrazia 3 Milioi herri plataforma sortu da.
Data: 2009-01-15
Martxoaren 1ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrok Eusko
Legebiltzarrerako hauteskundeak ditugu, dudarik gabe, hauteskunde
garrantzitsuak izango dira.
Zentzu horretan, gaur hemen bildu
garenok, abertzaleak eta ezkertiarrak, ekarpen bat egin nahi dugu
aldaketaren norabidean eta haize berria eskaintzeko helburuarekin.
Euskal
Herriak urte ugari daramatza, gehiegi aukeran, herri bezala ukatua,
eskubidedun nazio gisa ukatua; urte askotxo gure errealitate nazionala
asimilatzeko helburuz diseinatutako marko konstituzionalen inposizioa
jasaten; urte dezente ukazio eta inposaketa politiko horrek eragiten
duen gatazkaren ondorioak pairatzen; eta urte andana milaka euskal
herritarrek modu askotako sufrimendua pairatzen. Sufrimendu horrek
koste humano handiak sorrarazi ditu dagoeneko, eta krispazio eta
tentsio politiko ugari.
Orain dela hilabete, 30 urte bete ziren
Espainiako Konstituzioa inposatu zigutenetik, eta oraindik ere herri
honek politikoki agortu duen trantsizio baten sinbolo eta euskarri
juridiko izaten jarraitzen du.
Baina, orain 30 urte gertatu
bezala, eragile politiko eta sozial guztiak kontziente dira, baita
Estatu espainiarra bera ere, herri honek aldaketa politikoa behar
duela. Gakoa hain beharrezko eta ezinbesteko den aldaketa politiko
horren edukietan eta oinarrietan dago, ordea.
Hauteskunde hauen
karietara baina, batzuk ‘aldaketa’ egungo instituzioen kudeatzaileak
aldatuz edota gobernu formula aldatuz emango dela sinestarazi nahi
digute, edota aldaketa horretara mugatu nahi dute. Hau da, aldaketa
irudikatu nahi dute, baina funtsean ezer ez aldatzeko, izan ere, egungo
oinarri politikoak bere horretan mantenduko lirateke, baita gatazka
politikoa ere, salbuespeneko legeak, indarkeria, eskubide urraketa…
Aldaketa estetikoa baino ez litzateke izango, euskal gizarteak duen
aldaketa nahia nolabait asetzeko.
Arazoa, beraz, ez da nork eskuratzen duen lehendakaritza eta nork
gobernatuko duen - nahiz eta hori garrantzitsua izan- baizik eta ze
eskenatokitan gauzatuko den. Berriro diogu: arazoa ez da nork agintzen
duen Gasteizen, baizik eta herri honek zer nolako indarra egiten eta
bideratzen duen benetako aldaketa politikoa gauza dadin.
Gaur
hemen bildu garenok ziur gaude gure herria ziklo politiko berri baten
atarian dagoela. Ziklo berri hori atzeraezina dela guztiontzat, eta
guztiok hartu behar dugula parte ziklo horren zehaztapenean eta
definizioan, batzuk azken 30 urteotako hondakinekin prestatutako
“plater” berri bat aurkez ez dezaten.
Horrela bada, erronka
elektorala ez da Ibarretxe-Lopez edo Lopez-Ibarretxe, edo PNV-PSE edo
PSE-PNV. Hemen erronka da, ea oinarri eta baldintza politiko indartsuak
eskuratzen ditugun Euskal Herrian eskenatoki demokratiko bat erdiesteko
eta modu horretara ziklo berri bat zabaltzeko, non euskal herritarrok
izango garen, eta ez beste inor, gure etorkizunaren jabe bakarrak.
Koiuntura
politiko honetan, herri honek bizi duen gatazkari eta herri honek duen
problematika estrukturalari benetako konponbideak topatzea dagokigu,
eta ez partxe politikoak jartzea.
Haatik, markoak agortuta
dauden honetan eta Estatuak soluziobideak blokeatzen dituen honetan,
salbuespenezko neurrien bidez edota gure burujabetza ukatuz (Ibarretxe
Planarekin edota kontsultarekin gertatu bezala), PNVk hauteskunde hauek
Estatuari kontzertu politikoak eskaintzeko baliatu nahi ditu. Kontzertu
politiko horrek euskal gizartearen borondate demokratikoa beste eremu
instituzional eta judizialen menpe uzten badu ere, PNVk gehiengo
iraunkorrak bilatu nahi ditu (PSErekin kasu honetan), bere hegemonia
eta kudeaketa instituzionala bermatu ahal izateko.
PNVren
zuzendaritzak beldur dio aldaketari. Ez Ibarretxe-Lopez aldaketari,
baizik eta benetako aldaketa politikoari, horrek behartuko lukeelako
orain arteko ‘kamaleoi politikoaren’ estrategiarekin amaitzea, hau da,
edozein olatu politikoren gainean surf egitea ahalbidetzen dion
estrategiarekin. Eta hain zuzen, horregatik lurperatu nahi dute
Lizarra-Garazi, horregatik baliatzen dira Alderdien Legeaz, eta
horregatik nahi dute paktu berri bat egin PSOErekin.
Ez zaie
axola herri honetan milaka herritarren eskubideak bortxatzea; ez zaie
inporta Estatuak Ibarretxe planak edota galdeketak ezerezean uztea. Eta
ez zaielako axola paktatzen dute inolako arazo eta disimulurik gabe
Eusko Legebiltzarraren legitimitatea ezerezean uzten dutenekin eta
milaka eta milaka euskal herritarrei ‘guantanamo politikoa’ eskaintzen
dietenekin. Dioguna argiki ikusi dugu azken hilabetetan, eta PNVko
buruzagien adierazpen eta posizioak horren ispilu dira.
Orain,
trasbertsalitateaz hitz egiten dute; baina ez herri honetan zerbait
aldatzeko edota gatazka politikoa konponduko duten akordioak lortzeko.
Trasbertsalitatearen beharra saltzen ari zaizkigu, egungo makinaria
instituzional-ekonomikoa gestionatzen jarraitzeko.
Diogun
bezala, sakonean, PNVk beldur dio benetako aldaketari, eta bloke
independentista bat artikulatzearen aukeraren aurrean, kezkatuta daude.
Tablero politikoan, bada, beste hirugarren hanka bat: independentismoa. Eta D3M hor kokatzen dugu.
Eta D3M bokazio horrekin jaio da:
Konponbide
demokratikoari beste aukera bat eman nahi diogulako gaude hemen, beraz.
Euskal Herriko hiru milioi biztanleri bere etorkizuna libre eta
demokratikoki erabakitzeko eskubidea aitortuko dion eskenatoki
demokratiko bat eraikitzeko, frankismo osteko trantsizioa behin betikoz
agorraraziko duen aldaketari eta beste ziklo politiko bati ateak
zabaltzeko, azken batean. ALDAKETA POSIBLE DA
Baina, horretarako
milaka eta milaka sinadura behar ditugu. Hautes elkarte gisa osatu ahal
izateko, euskal herritarren sinadurak behar ditugu.
Horregatik, gaurkoan euskal herritarrei notaritzetara eta udaletxeetara sinatzera joateko deia egin nahi diegu;
Agerraldian parte hartu duten kideak: