eskohitza.com

EskohitzaAipagarriak → «Etsigarria da kafea hartzeko behar dugun diruarekin bizitzak salbatzea dagoela jakitea eta ikustea ez dugula egiten»

RSS 2.0

«Etsigarria da kafea hartzeko behar dugun diruarekin bizitzak salbatzea dagoela jakitea eta ikustea ez dugula egiten»

Data: 2009-02-08

Iturria: GAUR8

Palestina, Somalia, Afrika Erdiko Errepublika, Angola, Kolonbia... Herrialde askotan ibilitakoa da Javier Fernandez MSF Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko kide donostiarra. Bartzelonan zegoela erantzun ditu GAUR8-k egindako galderak.
«Ez naiz politologoa», esan du, NBE Nazio Batuen Erakundeak izan dituen akatsen inguruko galderak eginda, eta gauza bera egiten du EB Europar Batasunak duen politikari buruzko iritzia eskatuz gero. Edozein baldintzatan, baita txarrenetan ere, giza laguntza ematea, beharrezkoa izateaz gain, posible dela defendatu du, eta lekuko bertako MSFko kideen lana goraipatu du. Hemendik bizpahiru hilabetera Kolonbiara joango dira emaztea eta biak, gure hedabideetan beti gatazka armatuarekin lotuta ageri den herrialdera, bi ume txikiak hartuta. «Bertako herritar asko ezagutzen dut eta esaten didate pertsona eta elkarte asko dagoela gauzak era baketsuan egiteko asmoarekin, dituzten arazoei armarik gabe aurre egin nahian –adierazi digu–. Baina oso gatazka armatu luzea jasan du herrialdeak, gatazka enkistatuta dagoela dirudi. Beraz, zaila izango da egoera horri buelta ematea». Bere esku dagoena egiten saiatuko da.

Gazatik itzuli berria zara. Zenbat denbora egin duzu bertan?

Bi aste besterik ez. Oso denbora gutxi da hain gatazka konplexua, beste gatazka askorekin zerikusirik duen Palestinako gatazka, ondo ulertzeko.

Beraz, Israelgo armadak erasoaldi militarra bukatutzat eman zuenean sartu zineten bertara.

Hori da. Israelgo agintariek gobernuz kanpoko erakundeei bertara sartzeko baimena eman zigutenean sartu ginen gu.

Haserre itzuli zinen, Palestinan izaten diren gehienak bezala?

Horrela da, bai. Edonork imajina dezake zer sentitzen dugun. Eta haserrea ez da bakarrik oraingo erasoaldi horrek eragindakoa, egoera horretan hirurogei urte egin dituztelako baizik. Azken hilabete horretan gertatutakoak sekulako eragin humanitarioa izan du herritarrentzat: 1.300dik gora hildako, milaka zauritu, Gazako azpiegitura osoa suntsituta... Baina bertakoek esaten dizute hori beste ur tanta bat besterik ez dela, lehenagotik gainezka eginda zegoen egoera batean, beste ur tanta bat. `Hirurogei urteotan, gauza bat ez denean, bestea izaten da, baina beti badugu zerbait', esaten digute Gazakoek.

Palestinan egondakoa zinen?

Ez, hau izan da Palestinan egon naizen lehen aldia.

Gazan ere, Somalian gertatzen den moduan, oso garrantzitsua izango da segurtasun neurri egokiak hartzea, batzuetan atzerriko langileak bahitu izan dituztela-eta.

Bi egoera horiek alderatzerik ez dago. Arriskua askoz ere handiagoa da Somalian. Egia da Gazan ere izan dela bahitutakoren bat, baina Somaliakoa ikaragarria da. Mendebaldeko edozein herritar bahitzeko arrisku bizian dago. Gazan arriskua bestelakoa da; gatazka bat bizi duen lurraldea da eta edozein unetan, leku ezegokian egonez gero, gerta dakiguke segurtasun arazo larri bat izatea.

Palestinakoa ez da hedabideek eta agintariek «ahaztutako» gatazka horietako bat.

Oso gatazka mediatikoa dela esan daiteke. Betidanik horrela izan da. Ez da horrela gertatzen Somalian, Kongon, Txetxenian, Kolonbian...

Eta gatazka bat mediatikoa izateak ba al du nolabaiteko onurarik bonba baten biktima izan denarentzat, gatazka ahaztu horietako baten biktimarekin alderatuta?

Ziniko samarra litzateke biktima batek dituen abantailei buruz hitz egitea. Edozein lekutakoa izanda ere, bere etxea galdu duen biktimarentzat, familia galdu duenarentzat, zaurituta geratu den pertsona horrentzat, berdin dio gatazka mediatikoa den ala ez. Baina aldi berean, egia da, nazioarteko komunitateak kasu handiagoa egiten diela gatazka mediatiko horiei, eta gatazka horietan nahastuta dauden herrialdeek askoz ere laguntza handiagoa jasotzen dutela. Gizarteak presio handiagoa egiten du agintariek zerbait egin dezaten. Somalian ez dago inolako gobernurik 90eko hamarkadaren hasieratik, ez dago inolako ministeriorik lanean, nazioarteko lankidetasun guztia Nairobitik, Kenyako hiriburutik, bideratu behar da, segurtasun arazoak direla-eta. Ez dago nazioarteko langilerik, ez dago enbaxadarik, gobernuz kanpoko erakundeok ere ez daukagu segurtasunik, sartu eta irten ibili beharra izaten dugu... Egoera hori gertatzen da jendeak ez duelako gatazka hau ezagutzen eta, ondorioz, ez die agintariei presiorik egiten gauzak alda ditzaten. Populazioa kontuan hartuta alderaketa eginez gero, Somaliak askoz ere nazioarteko laguntza txikiagoa jasotzen du.

Esan izan duzunez, arazoak arazo, Somalian ere lan egin daiteke. Segurtasun neurri pribatuak, guardia armatuak alegia, hartuta dauzka MSF-k Somalian, beste inon ez bezala. Hala ere, pazientzia handiz, bertakoekin komunikazio egokia edukita eta esku ona izanda, antze handia izanda, lan egin daitekeela esan duzu. Estresa ikaragarria izango da horrelako baldintzatan, ezta?

Somalian sekulako estresarekin lan egin beharra dago, beste edonon baina handiagoarekin. Esaterako, MSF-ko bi kide bahitu egin zituzten, baina azkenean askatu zituzten. Askoz ere tragikoagoa izan zen orain urte bat gertatutakoa, beste hiru kide erail baitzituzten. Beraz, estresa saihestezina da. Edonola ere, segurtasuna bermatzeko, edo hobetzeko behintzat, garrantzitsuena da populazioak gu onartzea, eta hori badaukagu, somaliarren onarpena. Hala ere, herritarren %95 gure lanaren alde egoteak ez digu bermatzen bestelako norbaitekin topo egingo ez dugunik; hau da, Mendebaldekoa izateagatik onartzen ez gaituen norbaitekin, edo gu diru iturri moduan ikusten gaituen norbaitekin. Populazioaren zati txiki horren eraginez, segurtasun neurriak hartu beharra dugu, pasa behar ditugun errepideak aztertu behar ditugu aldez aurretik, bertako betiko buruzagiekin hitz egin behar dugu abiatu aurretik...

Segurtasun arloan horrenbeste lan egin behar izateak, zuen lanaren eraginkortasuna ere murriztu egingo du, ezta?

Jakina, Somalian mila pertsona txertatzeko, beste lekutan baino denbora gehiago behar dugu. Segurtasun neurriak hartu behar izateaz gain, kulturalki ere gehiago kostatzen zaigu zer egin behar dugun azaltzea, Somaliako gizarteak oso harreman txikia izan baitu Mendebaldekoekin. Beste leku batzuetan badakite gu zer garen, Mendebaldekoa izanda, zertan aritzen garen... Somalia askoz ere zailagoa da.

Edozein talde armatuk errepidean ezarritako kontrola pasatzeko, askotan eskupekoa eman beharko duzue.

Guk ez dugu inoiz ezer ordaintzen kontrol edo check point-ak pasatzeagatik. Eta ez naiz propaganda egiten ari. Alde batetik, ez delako batere etikoa. Baina badago beste arrazoi garrantzitsuago bat. Uneren batean, gestio edo negoziazio bat bizkortzeagatik, zerbait ordainduko bagenu, gure burua kaltetzen arituko ginateke. Lehen aipatutako populazioaren %95 horren konfiantza galduko genuke, gure gardentasuna eta gure neutraltasuna hankaz gora geratuko lirateke. Normalean, une horretan ordainduz gero, gerra jauntxoentzat izaten da; egoera hori eragin dutenengana joango da, alegia. Horiek ari dira gainerako herritarrak zapaltzen. Gauzak horrela eginez gero, arazoak eragin dituen indarra loditzeaz gain, gure segurtasunari sekulako kaltea egingo genioke. Hortik aurrera ez ginateke neutral izango gehiengoarentzat, eta gehiengo horrek ematen digu nolabaiteko segurtasuna. Askotan izaten dugu zerbait ordaindu eta aurrera segitzeko tentazioa, baina ez dugu inoiz horrelakorik egingo. Bestalde, arazo etikoa dago, MSF erakundeari laguntza ematen dionak ez baitio ematen gero gerra jauntxoei ordaintzeko.

Beraz, ordaintzea okerragoa da.

Gainera, ez dakigu gaur gure dirua hartu duen hori bihar askoz ere gehiago eskatzera etorriko ote zaigun. Gure erakundea medikuena da, zerbitzu bat ematen du, eta leku batera libre iristeko aukerarik ez badugu, ezin dugu gure lana egin. Herrialde guztietan irizpide horrekin funtzionatzen dugu. Leku batzuetan besteetan baino gehiago kostatzen zaie hori ulertzea.

MSF Mugarik Gabeko Medikuak erakundean lanean hamar urte egin dituzu.

Datorren astean hamaika beteko ditut.

Afrikara lanera joandako mediku batzuek kontatu izan dutenez, ikusita han pertsona asko hiltzen direla hemen oso errez sendatzen diren gaixotasunen eraginez eta gosearen eraginez, negarrari ezin eutsirik egoten ziren oheratzean. Zuri ere gertatu al zitzaizun? Zenbat denbora behar izan zenuen negargurari eutsi ahal izateko?

Bai, jakina. Erabat etsigarria da oso diru gutxirekin sendatzeko moduko gaixotasun batengatik pertsonak hiltzen direla ikustea. Ahaztutako krisiei buruzko txostenean aipatzen da Chagasen gaixotasuna, esaterako. Nik urtebete egin nuen Bolivian, gaixotasun horren aurkako lanean, eta orduan hemen ia inork ez zuen ezagutzen. Orain, gehiagotan aipatzen dela esango nuke. Gaixotasun horrek milioika pertsonarengan izaten du eragina, baina ia ez da ezer inbertitzen horri buruzko ikerketak egiteko. Ezin da sinetsi horretarako dirurik ez izatea. Garapen bidean dauden herrialdeetako gaixotasuna denez, guri ez digu eragiten. Farmazia industriak egoitzak dituen herrialdeetan ez du eraginik, eta ez da ikertzen. Gauza bera gertatzen da malariarekin. Botika berriak eta egokiagoak sortzen dituzte, baina konpainia farmazeutikoek oso garesti kobratzen dituzte, eta generikoak egiteko baimenik ez dute ematen. Oso etsigarria da guk egunkaria erosteko edo kafea hartzeko erabiltzen dugun diruarekin pertsona askoren bizitza salbatzea dagoela jakitea eta ikustea ez dugula egiten.

Etsipenaren erasoaldiei aurre egiteko, zein baliabide izaten duzue?

Lehenengo gauza printzipioei eustea da, eta niretzat garrantzitsuena da sentiberatasunari eustea. Horrelako gauzak ikusi eta ezer ez dudala sentitzen konturatzen naizen egunean, MSF utzi eta aparejadore lanera itzuliko naiz, horretarako ikasi nuen-eta. Jendearen sufrimendua ikustera ohitu egin naizela konturatzen banaiz, orduan utziko dut lan hau. Garrantzi handiko beste gauza bat: egoera negargarri bat ikusten dugunean, jendea hiltzen ari dela, esaterako, egoera horri buelta emateko zer egin dezakegun pentsatzea ezinbestekoa da. Gure lanaren alderdi positiboari begiratu behar diogu, horrelakoetan, aurrera egin ahal izateko.

Orain bi ume dituzu etxean. Ikuspegi hori aldatu al da?

Egia da umeak ditudanetik gai batzuekiko sentsibilitatea aldatu egin zaidala. Afrika Erdiko Errepublikan nengoen lanean seme zaharrena jaio zenean. Ordura arte inoiz ez nuen hain gaizki pasa bertako umeen egoera txarra ikusita. Izan ere, ume horien egoerak nire umeak ekartzen zizkidan gogora, nolabaiteko paralelismoa eginez.

Aurrera egiteko lagungarri izango da lekuan lekuko MSFko kideek beraien lanarekin jarraitzeko egiten duten ahalegina ere, ezta? Horiei nolabait traizio egitea litzateke bertatik alde egitea.

Ikaragarrizko garrantzia dauka MSF-ko lekuan lekuko langileen zereginak. Lehen aipatu dugu nazioarteko langileen segurtasuna, baina guk lan egiten dugun herrialde guztietan garrantzitsuena, gure ahaleginaren bizkarrezurra, bertakoen lana da. Gazan egon naizenean, esaterako, hogei atzerritar eta ehunen bat palestinar arituko ginen lanean. Somalian, gauza bera: segurtasun baldintzek ahalbidetzen zutenean, hogei atzerritar eta hirurehun somaliar lanean. Pertsona horiek egiten duten lanak balio bikoitza edo hirukoitza du. Alde batetik, beraiek herrialde horretatik alde egiteko aukerarik ez dutelako. Bertan dute familia, bertakoak dira. Nik, ezin dudala horrela jarraitu erabakitzen dudanean, etxera itzultzeko aukera daukat. Beraiek ez. Bestalde, gu hemendik hara lanera joaten garenean, lana egiten dugu erabat kontzentratuta, gure etxekoen egoerarengatik kezkatu gabe, badakigu beraiek ondo daudela, inongo arriskurik gabe; ni arriskuan nago, baina nire etxekoak ez. Somaliarren kasuan, aldiz, egon daitezke gure erietxean lanean, kilometro batera bonbardaketa bat gertatzen denean, beraien auzoa suntsitzen ari direnean; beraiek zama bikoitza dute, profesionala eta pertsonala. Han, hamasei urteko gerraren eta gatazken eraginez, oso baldintza txarrak dituzte eta oso zaila da lanerako beharrezkoa den lasaitasunari eustea.

Islamistak nagusitu ziren Somaliako hegoaldean 2006an. Zu ere bertan zinen garai hartan. Orduan esan zenuen islamistek nolabaiteko lasaitasuna eta segurtasuna eraman zituztela, eta gobernuz kanpoko erakundeekin (GKE) lan egin nahi zutela.

2006an Somalian nintzen eta gero beste bi urte egin nituen bertan, iazko iraila arte. Testuingurua erabat aldatu da. Etiopiako armada sartu zen, islamistak kanporatzeko, eta behin behineko gobernu bat eratu zuten, baina porrot egin du horrek ere. Epaitegi Islamikoen lana goraipatzea ez zen nire asmoa, baina egia da hamabost urteko kaosaren ondoren herritarrek oso ondo hartu zituztela islamistak. Positiboa izan zen GKEekiko zuten jarrera ere. Baina gauzak erabat aldatu dira. Hori bai, nonbait GKEak beharrezkoak badira, leku hori Somalia da; hori ez da aldatu.

Brigadistak ez dira Somaliara joaten. Ez al dira hor beharrezkoagoak?

Palestinan bezain beharrezkoak dira Somalian. Kooperazio arloan eragile guztientzat dago lekua. Somalian, ordea, segurtasun arazoak hain larriak direnez, sekulako babesa behar dugu aldez aurretik. Kontaktu sare zabala behar dugu han lan egin edo mugitu ahal izateko, eta gure mezua bazter guztietara ondo irits dadin. Eta hori lortzea oso zaila da brigadistentzat. Ni Nikaraguan hasi nintzen kooperazio lanetan 1993an, eta han erraza zen hegazkina hartu eta bertaratzea, bertako elkarteren batekin harremanetan jarri eta lanean hastea. Hori ezinezkoa da Somalian. Babes handia behar dugu barruan zein kanpoan.

Nazio Batuen Erakundeak porrot egin al du Somalian?

Guztiok egin dugu porrot Somalian. Estatu horrek orain hamazazpi-hamazortzi urte egin zuen porrot. Eta ez dirudi bere onera itzultzeko baldintzarik dagoenik. Politologoek aztertu beharreko gaia da hori.

Begirale batzuek diote AEBen hurrengo eraso militar handia, Afganistan eta Irak suntsitu ondoren, Somaliaren aurkakoa izango dela. Onartzekoak al lirateke Somaliaren aurkako erasoa eta okupazioa, bertako egoera aitzakiatzat hartuta?

Esku-hartze armatuak ez ditu Somaliako arazoak konponduko. Arazo horiek oso sakonak dira eta bestelako irtenbideak behar dituzte. Alderantziz, munduko herrialde guztietan, esku-hartze armatuek herritarren arteko zatiketa areagotu besterik ez dute egiten. Armak ekoizten dituztenei eskatuko nieke nori saltzen dizkioten erabakitzerakoan arduratsuak izateko.

Zabaldu | Bildu