eskohitza.com

EskohitzaAipagarriak → 1512-2012 Nafarroaren konkista

RSS 2.0

1512-2012 Nafarroaren konkista

Data: 2008-05-28

Iturria: Pablo Antoñana, Nestor Basterretxea eta Tasio Agerre (Berria)

Gertu dago armada gaztelar eta aragoarrek Nafarroako Erreinua konkistatu zuteneko bostehungarren urtemuga. Espainia zabalkunde garaia bizitzen ari zen lurraldeari zegokiola.

Nafarroa herri askea zen; erregea, gorteak, kontseilua eta armada zituen, baita Europan enbaxadoreak ere. Gainera bere gortea garaiko kulturaren gune garrantzitsua izan zen. Herri txikia, baina Pirinioetako bi aldeetan estrategikoki kokatua bera, Espainia eta Frantzia bizilagunek berau desio zuten (orduko Gaztela eta Aragoi). Bizilagun hauek agramondar eta beaumondarren arteko borrokak sustatu zituzten eta ondorioz, herriak lur joarazi zituzten.

Hain justu nafar erregeek gerra zibil horiei bukaera eman zietenean, Fernando Katolikoak, 1476an jada Nafar Erreinuarekiko bere eskubide-asmo sendoa erakutsia baitzen, inbasioa agindu zuen.

Espainiar armada, Albako Dukearen agintepean, su eta gar sartu zen eta Luis Correak idatzitako konkistaren gaineko historian Villalva koronelaren hitzetan jarria da armada inbaditzaileak erabili zuen basakeria: «herriak erre ziren, ehunka nafarrek alde egin zuten, emakumeak bortxatu zituzten, ondasunak konfiskatu zituzten, erbesteratzeak izan ziren, exekuzioak...».

Gazteluak suntsitu ziren, nafarrentzat bakarrik izan zitezkeen karguetan espainolak sartu ziren. Herriek okupazio-armadaren gastuak ordaintzen zituzten «gerra gastuak» bailiran. Okupazio militarrak 100 urte iraun zuen, eta gaur arte luzatu da.

Hala ere, mende luze hartan gaztelarren kontrako konspirazioak ere izan ziren, eta horiei erregeordeek «euren lurraren aurkako erreboltariak» deitzen zieten; erregeorde haiek espainiar Gorteari txostenak bidaltzen zizkioten «nafarren frantses egiteko nahiaz» eta «hala egiten ez badira armadak galarazten duelako da». Felipe II.ak berak gotorlekuak eraikitzeko agindua eman zuen (Iruñeko harresi eta gotorlekua) «nafarrak eusteko» eta erresistentzia izan zela etaBiltzaileak herriz herri ibili ziren «jende alferra, iheslaria eta estaltzailea».

Horrela, konkista eta ondorengo garaia gogorra izan zen, kezka handikoa, eta ez baketsua. Horrek kontraesanean jartzen du «berdinen arteko hitzarmena» izan zela dioen bertsioa; «bat egite zoriontsua» asmo txarreko interpretazio historikoa da, azken batean, egungo Nafarroaren egoera legezkotzat eman nahi baitu.

Okupazioari erresistentzia etengabekoa izan zen; egitandi gogoangarriak izan zirelarik, Amaiur defendatu zutenena kasu. Horrez gain, geroztik eta egun arte herri honen estatusaren hondaketa-prozesuak aitzina segitu du, probintzia bihurtzeraino eta egun, Autonomia Erkidego, ia-ia Nafarroa izena desagerraraziz.

Gaur, Nafarroa Espainiara libreki bildu zela dioen faltsukeriaren aitzinean, 2012an Espainia Nafarroa konkistatzen hasi zela 500 urte beteko direla gogora ekarri nahi dugu; data hura giltzarri izan zen gure estatua indarrez hondarazteko. Bitartean, XXI. mendeko Europan herri berriek independentzia lortzen dute, batzuek lehenbiziko aldiz beren historian, guk hala, gure mendeetako ibilaldia erakutsi nahi dugu eta kendu ziguten hura berreskuratzeko eskubidea dugula garbi adierazi; burujabetza galdu izana gure herriarentzat galbidea izan da.

Gauzak horrela, 1512ko konkista XVI. mendean oraino askeak ziren nafar lurraldeen inbasio bortitzaren emaitza izan zela, eta, ondorioz, gure herria espainiar eta frantses kolonia dela ezagutzea beharrezko deritzogu.

Historiak independente izan ginela erakusten digu, eta izateari utzi geniola, ez gure arbasoen nahiaz, baizik eta espainiar eta frantses nahikeria dela eta. Eta, hain zuzen ere, gure interes nagusia ez baita iraganean, orainean eta geroan baino, memoria historikoa berreskuratu nahi dugu askatasunerantz pausoa emateko eta gure eskubideak defendatzeko.

Ziur gara nafar gehienek ez dutela orain bost mende gertatua ezagutzen. Ezagutuko balute, egungo errealitatearekiko beste jokaera bat biziko genuke.

1512 hartatik ia bostehun urte joan dira, baina Nafarroa bizirik da, Obanosko Infantzoien aldarria gaurkoa ere bada, indarrean da:

Pro libertate patria, gens libera state.

1512-2012 Nafarroa bizirik!  

 

Ziur gara nafar gehienek ez dutela orain bost mende gertatua ezagutzen. Ezagutuko balute, egungo errealitatearekiko beste jokaera bat biziko genuke

Zabaldu | Bildu