Eskohitza → Aipagarriak → Nelson Mandelaren 90. urtebetetzea
Data: 2008-05-29
Iturria: Aitor Etxebarria (GAUR8)
Nelson Mandela hegoafrikar borrokalariak, 90 urte beteko ditu datorren uztailak 18an. Hori dela eta, Londresen festa handi bat antolatu dute bera omentzeko. Bertatik aterako den dirua, Mandela berak sortutako IHES-aren aurkako fundaziora joango omen da.
Nelson Mandela XX. mendeko pertsona handienetakoa da. Umkhonto we Sizwe erakunde armatuaren sortzailea 60ko hamarkada hasieran, berak onartu duen bezala. Apartheidak suposatu zuen klase mailako eta arrazakeriz beteriko sistema oso baten aurka borrokatu zuen, aipatu erakundean nahiz honen beso politikoa zen ANCren baitan.
Mandela bakearen ikur bihurtua dute 1990ko otsailak 11ean Robben Islandeko espetxea atzean utzi zuenetik. Egun horretan bertan, Ciudad El Cabon milaka eta milaka lagunen aurrean honako hitzak egin zituen: “borroka armatuaren bidea hartzea, erabaki erabat defentsiboa izan zen Apartheidaren aurkako biolentziaren aurrean. Egun ere borroka armatua ezinbestekoa egin zuten faktoreak indarrean daude. Jarraitu beste aukerarik ez dugu”.
Espetxean zegoela, 1989. urtean, Pieter Botha Hegoafrikako presidenteari igorri gutunean, “borroka armatua autodefentsarako tresna zilegia da, bake bidezko aldarrikapenak gauzatzen uzten ez dituen gobernu ez demokratiko bati aurre egiteko” jaso zuen. Zanpatuek, beste tresnik ezean, indarra erabiltzearen aldeko defentsa egin du beti Mandelak.
Era berean, Rivonian 1964. urtean epaitu zutenean, bere buruaren abokatu lanetan honako hitzak egin zituen bere defentsa prestatzerakoan, “bortsarik gabe ezin dugu afrikar herria askatasunera eraman” (…) “biolentzia, biolentziarekin erantzutea erabaki genuen”.
Mandela gudari bat izan da, Afrikako herriek burutu zuten askapen prozesuen buru argienetako bat. Londresen burutuko den kontzertuan, Gordon Brown eta Bill Clinton bezalako zanpatzaileak joango omen dira. Eta nik galdetuko nieke, noiz da borroka armatua terrorismoa eta noiz askapen prozesu zilegien tresna? Edota sinpleagoa, irakurri al dituzte Mandelak idatzitako testuak?