Eskohitza → Blogak → Aitzorrotzen bloga → Inkernu tabernak 6. urteurrena ospatuko du
Inkernu tabernak 6. urteurrena ospatuko du
Eina da aro berri bati ekiteko Inadaptats musika taldea osatzen zutenek hartu duten izena. Dagoeneko urtebete baino gehiago da Penedesko taldeak lehenengo lana kaleratu zuenetik; 2008ko maiatzaren 15ean argitaratu zuen El arte de la guerra.
Lanaren izenburua Zun Tzu militar txinatarraren El arte de la guerra liburutik hartu zuten kataluniarrek. Kristo aurreko VI. mendean egindako eta gaur egun oraindik eraginkorra den estrategia militarraren gaineko tratatua da, hainbat gatazkari irtenbidea bilatzeko oinarri moduan erabili izan dute-eta.
Liburua musika alorrera egokitzeko Einakoek 60 abesti inguru grabatu zituzten eta horietatik, 13 aukeratu zituzten; liburuaren kapitulu bakoitzeko kantu bana. Metala, hip-hopa eta punka uztartu zituzten esandako lanean. CDaz gain, Zun Tzuren jatorrizko testuaren berrargitalpena ere badakar, besteak beste.
El arte de la guerra aurkeztearekin batera, 20 kontzertutik gora eskaini zituen taldeak Katalunian, Euskal Herrian eta baita Castellon ere. Atsedenalditxoaren ostean, joan den hilean Esmolem l'Eina izeneko bira berria hasi zuten kataluniarrek. Datorren urteko martxora arte, 30 musika emanalditik gora egiteko asmoa dauka; tartean, domeka gauean Eskoriatzan egingo duena.
Eina taldekoak pozik daude Inkernu bezalako taberna batean kontzertua emateagatik; izan ere, mota horretako tokietan ikusleekin harreman zuzenagoa dute: "Gezur kapitalistei aurre egin ahal izateko berotasuna bilatzen dugu gure musika emanaldietan".
Bestalde, astelehenean, hilak 7, poker txapelketa egingo dute Inkernun. Izenematea egun bereko 21:00ak baino lehen egin beharko da, pertsonako 25 euro ordainduta. Txapelketa 21:00etan hasiko da.
Ez dago erantzunik.