eskohitza.com

EskohitzaBlogakUbuntu Eskoitzan → Ubuntu ikastaroa II: 'Oinarrizko aplikazioak eta Live CDa'

RSS 2.0

Ubuntu ikastaroa II: 'Oinarrizko aplikazioak eta Live CDa'

Ubuntu ikastaroaren lehenengo saioan azaldutakoaren laburpena bukatzeko, Live CD bat zer den azalduko dizuegu eta Ubunturako oinarrizko aplikazio batzuk erakutsiko dizkizuegu.

Zer da Live CDa

Labur esateko, Live CD bat GNU/Linux sistema eragileek daukaten aukera bat da, sistema probatu ahal izateko, baina disko gogorrean instalatu beharrik gabe. CD hau erabiliz gero, sistema osoa erabili ahalko duzue, baina berrabiarazi ostean aldaketa guztiak galduko dira. Horrela, ordenagailua apurtzeko beldurrik gabe probatu dezakezue Ubuntu.
Live CDen beste erabilera bat fitxategiak berreskuratzen laguntzea da. Sistema abiarazten ez bada, Live CDa erabili dezakezue behar dituzuen fitxategiak kanpoko disko gogor batera kopiatzeko.
(Ikastaroan Ubunturen Live CDa banatu genuen bakoitzak sistema zuzenean probatu ahal izateko; gainera, instalazioa ere CD horrekin egiten da; CDaren irudia Ubunturen webgunetik deskargatu dezakezue)

Ubunturen mahaigaina eta menuak

Ubunturen mahaigaina Windowsenarekin alderatuta apur bat desberdina da, baina gauza bakoitzak zertarako balio duen oso erraz ulertzen da, eta hasierako desorientazio sentsazioa berehala ahaztuko duzue, benetan erosoa eta erabilerraza delako.

Goiko panela

Goiko panelean, ezkerrean, hiru menu daude, Windowsen Hasi menuaren ordezkoak:

  1. Aplikazioak: programa edo aplikazio guztiak hemen agertzen dira instalatu ostean, kategoriaka sailkatuta daude (grafikoak, jokoak, soinua eta bideoak,...). Ubunturen software-biltegia ere hemen dago. Aurrerago azalduko da zer den software-biltegi hau.
  2. Lekuak: izenak berak dio: leku guztietara joateko menua da hau, zuen karpetak, diskoak, sarea... Bilatzailera ere hemendik sar zaitezkete.
  3. Sistema: hemen daude konfiguraziorako aukera guztiak. Hobespenak menuaren barruan itxura bezalako ezarpenak aldatzeko aukerak, eta Administrazioa menuaren barruan aukera garrantzitsuagoak. Laguntza ere hemen lortu dezakezue.

[9]ubuntu-goiko-panela.png

Goiko panelaren eskumaldean, berriz, adierazleak daude. Sistemari buruzko informazio ugari ematen dute, adibidez:

  • Konexioak kudeatzeko adierazlea: haririk gabeko sare batera konektatzeko hemen aukeratu behar duzue sarea, eta seinalearen intentsitatearen berri ere ematen du beste gauza batzuen artean.
  • Bolumenaren adierazlea: soinuen bolumena zein mailatan dagoen adierazten du, aldatzeko aukera ematen duelarik. Gainera, bertatik musika erreproduzitzeko aplikazioak zabaldu eta kontrolatu daitezke.
  • Mezularitzaren adierazlea: email berriak iristen direnean, txat mezu berri bat bidaltzen dizuetenean, Twitterreko sarrera berri bat dagoenean,... jakinarazten dizu. Sare sozialen adierazlea da, eta sare sozialetako kontuak kudeatu daitezke bertatik.
  • Erabiltzailearen adierazlea: erabiltzaile-izena erakusten du, eta txat egoera zehazteko aukera eman ere bai.
  • Saioaren adierazlea: ordenagailua itzali, berrabiarazi, saioz aldatu,...

Beheko panela

Beheko panela ere oso sinplea da. Ezkerreko ertzean mahaigaina erakusteko botoia dago, leiho asko zabalik daudenean denak batera ikonotzeko. Honen segidan irekita dauden leihoen zerrenda, Windowsen bezala, baina hobekuntza batekin: leihoak lekuz aldatu daitezke, nahi bezala ordenatuz. Azkenik, zakarrontzia eta mahaigainez aldatzeko applet-a daude. GNU/Linux sistema (ia?) guztietan bezala, Ubuntun mahaigain bat baino gehiago erabili dezakezue, egiten ari zaretena hobeto antolatu ahal izateko. Hasiera batean lau mahaigain daude, eta applet honekin batetik bestera joan zaitezkete.

 

[9]ubuntu-beheko-panela.png

Mahaigaina

Ubunturen mahaigainak ez dauka misteriorik. Aipatzeko gauza bat da disko bat konektatzen duzun bakoitzean, ikono bat gehituko dela mahaigainera, diskora zuzenean bertatik sartzeko aukera emanez. Mahaigaineko atzeko-planoa aldatzeko saguaren eskumako botoiarekin klikatu eta "Aldatu mahaigainaren atzeko planoa" aukeratu besterik ez duzu egin behar.

Oinarrizko aplikazioak

Ubunturen software-biltegia

Izenak dioen bezala, softwarearen (programak, aplikazioak) biltegi bat da. Ubunturako aplikazio ia-ia guztiak bertan daude, eta bertatik instalatu daitezke klik bakarrarekin. GNU/Linuxen (eta bereziki Ubunturen) ezaugarri interesgarrienetako bat da software-biltegiena.

Konpara dezagun softwarea instalatzeko modu hau Windowsekoarekin:

  • Windows:
  1. Lortu nahi duzuna egiteko zein aplikazio erabili daitekeen begiratu, Interneten foroetan eta lagunartean galdetuta.
  2. Aplikazioa dendan erosi edo Interneten bilatu: ordaindu eta ilegalki krakeatu funtziona dezan.
  3. Programa zure ordenagailuan instalatu. Internetetik deskargatu baduzu, ez daukazu inongo ziurtasunik aplikazioa instalatzean gertatuko denaz: deskargatu duzuna birus bat izan daiteke, eta zure ordenagailuan edozer gauza egin.
Ondorioz, denbora mordoa galdu duzu, Interneten begira ibili behar izan zara eta gainera ez duzu inongo segurtasunik...
  • Ubuntu:
  1. Software-biltegia zabaldu, bilatzailean idatzi bilatu nahi duzuna, eta klik egin "Instalatu" botoian.
Aplikazio bakoitzari buruzko informazioa, pantaila-argazki bat eta webgunerako lotura aurkituko duzu gainera, zalantzarik ez izateko instalatzen ari zarenari buruz.

Baina garrantzitsuena da software-biltegiko aplikazio guztiak erabat seguruak direla, banan-banan egiaztatzen direlako.

Gainera, laster aplikazio bakoitzaren alboan izarren bitartez bere puntuazioa azalduko da, eta baita erabiltzaileen iritziak ere.

Totem film-erreproduzitzailea

Edozein bideo, pelikula eta DVD erreproduzitzen du (eta musika ere bai). Ubuntuk hasieratik dakartzan aplikazio guztiek bezala, interfaze sinplea eta erabilerraza dakar.

Ezaugarri nagusiak:

  • Kontrolak ezkutatzeko aukera
  • Erreprodukzio-zerrenda
  • Audio pista desberdinak erabiltzeko aukera (hizkuntza desberdinak pelikuletan)
  • Azpitituluak automatikoki kargatzeko aukera, bideoaren izen bera daukaten fitxategietatik
  • Internetetik azpitituluak deskargatzeko aukera, bideoaren datuak erabilita
  • Youtubeko bideoak ikusteko, eta arrastatuz ordenagailuan gordetzeko aukera
  • Pantaila-argazkiak ateratzeko aukera

Totem film-erreproduzitzailea

Rhythmbox musika-erreproduzitzailea

Musika erreproduzitzeko aplikazioa.

Ezaugarri nagusiak:

  • Musika inportatzeko aukera
  • CD eta MP3etatik musika entzuteko aukera
  • Abestien informazioa (metaetiketak) editatzeko eta abestiak puntuatzeko aukera
  • Musika dendak, liburutegiak, irratiak, erreprodukzio-zerrendak, podcastak,...
  • Ubuntu One musika-dendarekin integrazioa
  • Abestien hitzen deskarga

Rhythmbox musika-erreproduzitzailea

Firefox web nabigatzailea

Interneten nabigatzeko aplikazio ezaguna. Ezaugarri ugari ditu, eta gainera hedagarria da, milaka gehigarri daudelako edozer egin ahal izateko Firefoxekin. Erabilerraza, bizkorra eta segurua da.

Transmission bittorrent bezeroa

P2P deskarga-sareetarako bezeroa.

Pitivi bideo-editorea

Bideoak editatzeko aplikazio sinplea, Movie Makerren estilokoa. Efektuak eta oinarrizko funtzionalitateak ditu.

Brasero disko-grabatzailea

CD eta DVDak modu errazean grabatzeko aplikazioa (Nero bezala). Audio edo datu diskoak grabatu daitezke, eta irudiak (iso, img) ere bai beste aukera batzuen artean.

OpenOffice.org (eta aurrerantzean LibreOffice)

Microsoft Officen baliokidea: testu-editora, aurkezpenak, kalkulu-orriak,... forrmatu ireki eta estandarrak erabiltzen ditu.

Hala ere, Microsoften formatuekin bateragarria da, hau da, MsOfficen sortutako dokumentuak OpenOfficekin zabaldu daitezke, nahiz eta elementu batzuk posizioz/itxuraz aldatuta agertuko diren. MsOfficen bertsioen artean ere bateraezintasunak daudela kontuan hartuta, ez da gutxi!

Open Document formatu estandarraren alde egiten du, hemendik aurrera gero eta administrazio publiko gehiagok eta erakunde ugarik erabiliko duten formatua, eta orain Microsoft Office ere onartzen hasi dena.

Ondoren datozen aplikazioak ez datoz hasieratik instalatuta Ubuntun, baina software-biltegitik oso erraz instalatu daitezke, eta oso interesgarriak dira.

The GIMP

Irudi-editore profesionala. Photoshop ezagunaren estilokoa da, eta efektu ugari dakartza... erabiltzen jakin behar.

Inkscape

Irudi bektorialak editatzeko aplikazio osatua, Adobe Illustratorren estilokoa. Adibidez, Ubuntu ikastaroko kartelak Inkscape erabilita sortu genituen. Emaitza oso ikusgarriak lortu daitezke oso modu errazean.

Wine

Windoserako aplikazio ugari Ubuntun (edo beste edozein GNU/Linux banaketatan) erabili ahal izateko "geruza". Photoshop, Spotify, joku ugari,... Wineri esker Ubuntun ere erabili daitezke!

Ikastaroan mahaigainaren pertsonalizazioari buruz ere hitz egin zen: efektuak, dock-ak,... baina hori beste post batean azalduko da hobeto, ikastaroan erakutsi ez zen informazioarekin batera.

 

Zabaldu | Bildu

Erantzunak

Ez dago erantzunik.

Zeuk erantzun

(ez da publikatuko) (zenbakiz idatzi)