eskohitza.com

EskohitzaBlogakEskohitza blog komunitatea → Badaezpada

RSS 2.0

Badaezpada

Aritz Oianguren (Eskohitza blog komunitatea)

2008-09-08

Etiketak: (ez dago etiketarik)

adb. Gerokoaren ziurtasunik ez denean, zer gertatuko ere, aldez aurretik kontuak ateratzen direla adierazten duen aditzondoa (ondoan ere har dezake). "Oskarbi zegoen, baina badaezpada aterkia hartu zuen".

Googlen badaezpada hitza idatzi eta beste hainbat gauzaren artean Harluxet hiztegiko definizioa aurkitu dut. Eta hara hor idaztekotan nenbilenerako adibide perfektua: Oskarbi zegoen baina badaezpada aterkia hartu zuen. Hobe guk ere iazko Kontxako estropaden egun handian aterkia hartu izan bagenu badaezpada. Bai badakit, eguraldi ederra zegoen domeka hartan, ez zuen euri tantarik egin. Ertzainen pelota tanta beltzek zaurituen odol tanta gorriak ekarri zituzten ordea.

Badaramat hilabete inguru zeri buruz idatzi asmatu ezinik. Orain egun batzuk ordea Javier Balza delako batek behartu egin ninduen zerbait esatera. Badirudi aurten euskal preso politikoen senideek urtero antolatu ohi duten manifestaldia debekatu egin duela tipo horrek. Iazkorik pasa ez zedin. Badaezpada.

Kontua da iaz, azken urteetan bezala, estropadak ikustera joan nintzela Donostiara. Ez genuen manifestaldira joateko asmorik, eta Alde Zaharreko tabernetan ibili ginen egun horretan egoten den giro apartaz disfrutatzen. Eta trago batzuk hartzen. 

Horrelako gauza bat gertatzen den aldiko ulertzen ez ditudan jokaera batzuk etortzen zaizkit burura:

  • Jakinik aurreko urteetan ospatu den manifestaldiak ez duela inolako arazorik sortarazten ospakizunean, zertarako debekatzen dituzte? Ez da egia legeak horrela agintzen duelako denik. Izan ere batzuetan manifestaldiak arazorik gabe egin dira, edota Ertzainez eskoltaturik ospatu dira.

  • Horrenbeste jende kalean dagoela merezi al du pelotazoka jai osoa hondatu eta herritarrak izutzea eta zauritzea manifestaldi bat eragoztearren? Ez zegoen aukerarik inon sartzeko, Alde Zahar guztian entzuten ziren pelotazoak, kale batean baino gehiagotan baitzeuden hauek jaurtitzen. Bereziki gogoratzen dut bere etxera zioan andre zahar bati begira sentitu genuen ezintasuna. Kale Nagusian gora zetorren hormaren izkinatik pauso txikika atzean bi Ertzain lerro pelotak jaurtitzen zebiltzan bitartean. Zorionez bere etxeko atarira iristea lortu zuen.

  • PNV-k presoen eskubideen aldeko mozioak onartzen baditu zergatik bidaltzen ditu Ertzainak gauza berdinak aldarrikatzen dituen manifestaldi baten kontra?

  • Nola ausartzen da Javier Balza izeneko inpresentable hori badaezpada aurten ere manifestaldia debekatuko dutela esaten iaz argi eta garbi istilu guztiak eurak hasi zituztenean? Dena ikustea tokatu zitzaidan, eta ez alde batean ez bestean, erdian egonik gainera.

Beraz, badaezpadako neurriren bat hartu behar bada, hori Ertzainak komisarian ondo lotuta uztea dela uste dut nik.

Oskarbi dago, eta ez dago inolako euritako beharrik, ez ezazue gezurrik asmatu.

Zabaldu | Bildu

Erantzunak

David 2008-09-10

Harrittuta "Balzak" hartu dauen erabakixarekin? Lehenengo aldixa balitzok...  

Edozein modutan aurten be fateko asmoik baldin badaukek, guardasola eruen, euririk ezpajok itxen be pelota zaparrada aurreikusten juat eta. (posible bok "baltza", azken egunetan ikusi nahi ez diren gauzak ez ikusteko erabili izan dauiena kostako beste herri batetan. Hori bai alardea!!! Edo artaldea??).  

Beno, etxakixat zeinen alde ingoken, baina hire izenaren eta argazkixaren koloria ikusitta: AUPA LIBIA!! AUPA SAN PEDRO!!  

 

 

Aritz 2008-09-11

Harrittuta bape David. Bañe pentsetan jatak larreiko ohiketan gabitzakela ilegalizazino eta kriminalizazinotara, ta ezin naixuan komentau barik itxi. Bajaukat bai, domekan fateko asmua, guardasola ondo reforzauta eruen biko juat gainera, Pello Zabalak ta Balzak bixek eurixa anunziau juek eta.... A, ta bete betien asmatu dok: Aupa Libia!! Gora San Pedro!!

David 2008-09-12

Azkeneko aurreikuspenak kontutan hartuta, eguraldixa hoberuntz joiek eta emute jok bakarrik Balzak bieldutako beltzen eurixa izangokela Donostian. Babesleku bat proposau kustat alde zaharrien: A FUEGO NEGRO. ("Balza" eta "beltzak", guardasola be baltza, babeslekuape kolore horrekin zer ikusixa eukittiak etxak gaizki, ez?). Ia Baldaren mutilek (moreek) txalo zaparrarie joteko moduko estropada itxen dauien.  

 

Zeuk erantzun

(ez da publikatuko) (zenbakiz idatzi)