eskohitza.com

EskohitzaBlogakKarraxkamendiko txondorra → Inopiatik memoriara

RSS 2.0

Inopiatik memoriara

Inori ez dagokio instante batean oroitzapenen osotasuna eskuratzea, baina hortik inopian bizitzera badago aldea!!

Borgesen “La Memoria de Shakespeare” (Buenos Aires 1980) ipuineko protagonista den Hermann Soergeli, Londreseko taberna batetik irtetear dagoela, Daniel Thorpe izeneko lagunak eskaintza bitxia egiten dio bapatean: “Nahi al duzu Shakespeareren memoria osoaren jabe izatea? Txikitatik hasi eta bere heriotza momentu arteko memoria guztia zureganatzea?” Eskaintzak zur eta lur uzten du. Baliteke laguna gezurti hutsa izatea edo erotua egotea, baina ezezaguna zaion zerbaitek baiezkoa ematera bultzatzen du.

 

Daniel Thorpek memoriaren eskualdaketarako ezinbesteko pausoen berri ematen dio zehaztasunez: memoriaren jabeak ozen ofrendatu behar du eta hartzaileak era berean onartu behar du. Ofrendatzen duenak betirako galtzen du eta jasotzen duenak hirugarren bati eskaini eta hark onartu artean izanen du berea. Onartzean emeki sartuko da memoria bere baitan; hasieran era ohartezinean, baina laster hasiko da antzematen, ametseko elementu isolatu batean, egunkariko orrialde bati buelta ematean, kale amaieran ezkerreko bideari heltzean... Ofrendatu duenak ahazten duen heinean oroitzen du onartu duenak, guzti hau mugarik gabeko epean.. Honela, batak, besteak oroitu dezan ahazten du.

 

Astiro Shakespeareren memoria Hermannen baitan agertzen da. Bereak ez diren oroitzapenak ditu; hasieran entzumenari lotutakoak dira gehienak; goiz batez, inoiz entzun gabeko melodia soil bat murmuratzen aurkitu du bere burua.

 

Oharkabean XVII. mendeko idazle ingelesaren memoriak okupatu du bere ametsen espazioa. Ezezagunak zaizkion aurpegi eta zokoek bete dituzte ametsak.

 

Hermann, Shakespeareren hasierako testuak irakurtzen hasten da eta honela idazlearen oroitzapen ezkutuak bereganatzen ditu, deskarga elektrikoak balira.

 

Izan ere inori ez dagokio instante batean oroitzapenen osotasuna eskuratzea, ezta Shakespeareri berari ere. Gizakiaren memoria ez baita batuketa soil bat, aukera infinituez gainezka dagoen kaos bat baizik. Gizaki ororen memoria lez, Shakespearerena ere, era kontziente edo inkontzientean baztertutako oroitzapenek osatutako mortuz josia dago. Hermannek edozein memoriari dagokion desordenean jasotzen du idazlearen memoria ere. Baina ez du haren memoria bakarrik jaso, haren memorian inprimatutako kulpen jabe ere egin da oharkabean.

 

Abenturaren lehenengo etapan – dio Hermannek - Shakespeare izatearen zoriona jaso nuen; ondoren zapalkuntza, ikara. Hasieran, bi memoriek ez zituzten haien urak nahastu. Denborak aurrera egin ahala, Shakespeareren ibai zabalak nire errekastoa arriskuan jarri zuen. Beldur ikaraz ohartu nintzen ene gurasoen hizkuntza ahazten ari nintzela. Nortasuna memorian oinarritzen dela kontuan hartuz, arrazoia galtzear nengoela ohartu nintzen..

 

“Gizaki orok, urteek aurrera egin ahala – jarraitzen du Hermannek -, gero eta pisutsuagoa den bere memoria jasan behar du. Bik agobiatzen ninduten ni: nireak eta komunikaezina zen bestearenak”. Hermannek alde batetik ez du bestearen memoria galdu nahi. Harekin liburu pila idatziko duelako ustea baitu. Baina beste alde batetik, poetaren espektroak sekula ez duela utziko pentsatzeak ikaratzen du, izan ere Hermannek, Hermann Soergel izaten jarraitu nahi du.

 

Azkenean beldurrak abenturaren zirrara menderatu eta bestearen memoriaz libratzea erabaki du Hermannek, eta horretarako modurik errazenari ekiten dio: telefono gida hartu eta edozein zenbakitara deitzen hasi da. Bat-batean, aurikularraren beste aldean, barrenak astindu dizkion gizon baten ahotsa entzun eta halabeharrezko ofrenda egin dio: “Shakespeareren memoria nahi al duzu?” Beste aldekoak baiezkoa eman dio gogoeta isilune labur baten ondoren.

 

Danielek esan bezala, poliki-poliki, egunak joan ahala, Shakespeareren memoria galtzen hasten da eta bere memoriak hartzen du hark utzitako lekua. Badirudi askatu dela, hustu dela, abentura hasi aurreko Hermann Soergel berbera dela, baina gau askotan, Hermannek amets egiten duenean,  badaki berea ez den amets bat amesten ari dela, bestea dela amesten ari dena.

 

Izan ere, memoria “palimpsesto” 1 baten pareko da, idatzi berri bakoitzak aurreko idatzia estaltzen du, baina guztiahalduna den memoriak, inpresiorik deusezena ere azaleratu dezake behar duen estimulazioa eman ezkero. Nork daki ordea, detonagailu funtzioa duen estimulazio hori zein den? Noiz egingo duen eztanda? Zein indar konfluentzia den  beharrezkoa, egunero entzuten dugun hitz batek, bat-batean detonagailu funtzioa egin eta memoria kapa infinituen azpian zegoen oroitzapen galdu hori atzo goizekoa bezain garbi eta fresko azaleratzeko? Irudi, usai, keinu, testura, hitz edo soinu arruntenak, momentu jakin batean, ahantzia den, beraz ustez existitzen ez den oroitzapen batekin konektatzen gaitu, aurrez indarrean zegoen oroitzapen hierarkia hankaz gora botaz. 

 

Denok dauzkagu gure baitan gureak ez diren memoriak, inork ofrendatu gabeak, guk onartzeko aukerarik izan ez ditugun memoriak, geureari oharkabean atxikiak, bata bestearengandik banandu ezinak. Gure memoria osatzen duten kapa infinituen baitan arrotzak diren idatziak dauzkagu, hala, gutxien espero dugunean, inoiz aditu gabeko doinu baten erritmoan garbitzen dugu dutxa ondorengoko ispilu lausotua; badela gugan doinu hori kantatzen duen arrotz bat; badela sekula usaindu ez dugun lurrin bat gogorarazten digun beste perfume bat; baditugula ez dagozkigun kulpak, egonezinak; nekez ezberdintzen ditugula gure memoriako kapa infinitu horien artean gureak diren oroitzapenak arrotzaren oroitzapenetik.

 

Ene memoriako zati den oroitzapen hau beraz neurea da, edo zu zeu ahazten hasi zaren oroitzapen hori hasi nahiz oroitzen?



1 Grekoko balin (berriz) eta paso (ezabatu) terminoetatik eratorritako hitza. Aurrez idatzitako testua era artifizialean ezabatu eta gainean testu berri bat idatzita ageri den antzinako eskuizkribuari deritzo.

Zabaldu | Bildu

Erantzunak

ibai 2009-02-25

Ongi etorri Eskohitzara Larraitz!  

Istorio ederra, gehiagoren zain gelditzen naiz.

oh! 2009-02-27

"Nortasuna memorian oinarritzen dela kontutan hartuz..."  

 

Neurona gehiegi ez ote dudan tabako eta bestelako harritxoekin nahastuta erre...  

 

Denborak eta memoriak jartzen omen du bakoitza bere lekuan.  

Ez dezagun ahaztu nor garen!

Begrali 2009-02-28

Ilusioak, ametsak... memorian barnean dauden faktoreen bidez eraikitzen dira; bizipenak, usaiak, zaporeak, pertsonak, sentimenduak...  

 

Tristea litzateke hauetaz ezin oroitzea. Argi ibili gure izatea deuseztuz Alzheimer kroniko batera kondenatu nahi gaituztenekin.

aladin 2009-03-30

Nahiko penagarrixa pentzetan jat eskohitza.com honetako partehartzia... Hilabetian behin (asko jota) idazten dau norbaitxek, ta gero partehartzia bultzatu nahiko da... Blogari asko baina mensaje gutxi. Erdixak baino gehixauk ez dau ondio ezebe idatzi... Zetako agertzen da herritar batzuen argazkixa, adornetako? Batzuk "popularrak" dielako bakarrik o?  

 

Oso baliotsua pentzetan jat holako leku bat eukitxia eskoitzarrendako, aprobetxa dezagun!!! Bestela...

Eskohitza 2009-04-01

Arrazoia duzu bai, pena da horrelako tresna batek horrelako erantzun txikia izatea. Dena dela, datozen hilabeteetarako pentsatuta ditugun aldaketekin, espero deigun eskohitza.com aktiboago bihurtzea.  

Dana dala, gauzatxo bat argitzea gustatuko litzaidake. Bloga duten pertsonak ez daude hor popularrak direlako, orri hau sortzeko ideia izan genuenok gertuko jendearen artean blog batean idazteko prest egongo zirela uste genuenekin hitz egin eta horietatik baiezkoa eman zigutenei blog bana sortu genien. Hortik aurrera bakoitzaren eskutan dago norberaren blogean idaztea; nahiz eta hasieran epe batzuk pentsatu genituen, norberaren egoera edota aukerek baldintzatzen dute dena.  

Bestalde, konturatu behar gara eskohitza.com-en aurreneko urte hau probarako balio izan digun urte bat izan dela. Horregatik, datozen hilabeteetarako aldaketa asko prestatu ditugu: webaren diseinuan aldaketak, nahi duen herritar orok bere bloga sortzeko aukera, idatzizko blogez gain argazki eta bideotan oinarritutako bloga sortzeko aukera,...  

Beraz, ez dadila inor desanimatu, oraindik ere proiektu honi indarra ematea lortuko dugu eta.  

Azkenik, iradolizunik izanez gero, proiektu honetan lagundu nahi izanez gero edota blog bat sortzeko interesa izanez gero idatzi mezu bat admin@eskohitza.com helbidera, benetan eskertuko dizuegu.

Zeuk erantzun

(ez da publikatuko) (zenbakiz idatzi)