eskohitza.com

EskohitzaBlogakKarraxkamendiko txondorra → “Historiaren amaieran” gaude beraz

RSS 2.0

“Historiaren amaieran” gaude beraz

Neoliberalismoak sutsuki eta erarik koherenteenean defendatzen duen merkatuaren nagusigoari alternatibak planteatzerako orduan, zailtasun ugari aurkitzen ditugu, bai eztabaida politikoan, bai zientzia sozialen esparruan, bai egunerokotasunean.

Zergatik? Ba lehenengo eta behin, neoliberalismoa, teoria ekonomiko gisa eztabaidatu eta konfrontatzen dugulako eta ez zibilizazio eredu gisa. Hau da, gizarte liberal modernoak, gizakiaren, aberastasunaren, naturaren, garapenaren, historiaren, ezagutzaren eta ongizatearen oinarrizko baloreen  super sintesi bat bezala.

Pentsamendu zientifiko modernoaren eraginkortasunaren adierazpenik potenteena “erlazio sozialen naturalizazioan” eta honen ezinbestekotasunean aurkitzen dugu. Kontzeptu honi esker, “moderno” gisa definitzen diren gizarteak, garapen historikoaren bat-bateko joera naturalen ondorio zuzenak dira. Gizarte liberal industriala horrela, desiragarri eta posible den gizarte eredu bakartzat jotzen delarik.

Egun, helmugan kokatuak gaude: ideologiarik gabeko gizartean, zibilizazio eredu bakar, globalizatzaile eta unibertsalean. Bizimodu horrentzat alternatibarik ez dagoen neurrian politikaren izateak arrazoia galdu duen testuinguruan; Jakintzaren kolonialtasunak, arrazoi neoliberaletik urruntzen den guztia zentzugabe bilakatu duen garaian; Euskal Herriak bizi duen gatazka politiko armatua ilogiko bilakatu nahi duten testuinguruan; Krisiaren munstroaren atzean neoliberalismoaren basakeriaren zabortegia ezkutatzen zaigun/dugun garaian; Munduko herrialde gehienen indarrezko ebaste  edo espoliazioari esker lortutako opulentzia ekonomikoa pikutara doan momentu justuan; Interes partikularren arabera hitzak edukiz hustu eta kakaz bete diren puntuan; Gizabanakoaren zein gizartearen defentsan lan egin beharrean, instituzioen defentsa bultzatzen duten alderdien errekreoa den monarkia parlamentario partidista ez-parte hartzaile pseudo-askearen heldutasun aroan. Dena ahora eta ongi xehatua ematera ohitu garen gizarte gero eta indibidualistago baten zurrunbiloaren punturik algidoenean...

Logika neoliberala jarraituz “Historiaren amaieran” gaude alegia.

Apokaliptikoa irudituko zaizue askori aurreko lerroetan esandakoa, baina  bizilagunak 7 hile eta erdiko haurra parasitoengatik galdu duenean; urtean bi arto uzta jasotzen diren lurraldean, desnutrizio krisiak 4 urtetik beherako haurren %45 astintzen duenean; egunean Iraken baino hildako biolento gehiago dauden herrialdean lan egitean 1 ; tortura salaketek egunsentia astintzen duten herri baten jaio izanak; astero ehunka kilometro egiten dituzten senideak oroitzean edo herri bazkarian faltako diren gure senide eta lagunak present izatean, enpresarioen poltxikoak bero mantetzeko kaleratutako langileengan pentsatzean, aldaketarako arrazoiak etengabe biderkatzen zaizkit eta aldaketak aurrekoaren amaiera esan nahi du. Apokalipsia, ez dut uste. Egoera egun batetik bestera aldatzeko esperantza gordetzen duenik ez dut ezagutzen, baina historiaren noranzkoa aldatuko duten lehen pausoak emateko momentuan gaude dudarik gabe.

Herri antolakuntza inoiz baino beharrezkoagoa da, ez herri bazkaria aurrera ateratzeko soilik, egungo egoera iraultzeko baizik. Konkretutik orokorrerako eta orokorretik konkreturako bidea zabalik mantetzea ezinbestekoa da iparrik ez galtzeko eta hor kokatu nahi dut gaurko parte hartzea.

Beste mundu bat posible eta beharrezkoa da, beste jai egitarau bat posible eta beharrezko den moduan.



1 Guatemalako datuez ari naiz.

 

Zabaldu | Bildu

Erantzunak

begrali 2009-06-04

Zoritxarrez mundua aldatzea diskriminaturiko, eskubiderik ez duten, pobrezian, langabezian, etxe-gabe, kartzelan... dauden pertsonengandik dator. Egia da nik ez dudala ezagutzen egun batetik bestera mundua aldatzea espero duen norbait. Egia galanta, baina ez dut espero boterean dauden politiko, jauntxo, enpresari (MCC-ko langileek eman zuten elkartasuna azkeneko greba deialdian esanguratsua benetan...) eta sistemari esker potolotzen ari direnen artetik inongo aldaketarik.  

 

Nire ustez norberak eman beharra du aldaketa bat, gizabanakoaren iraultza pertsonal bat behar da, bueltarik ez duena eta betirako, non, kontzientziaren aldaketa bat eman ostean gizartearen aurrean ,sistema basati honen aurrean, alternatiba bat eraikitzeko modelua izan. Gizabanakoaren kontzientzia pertsonaletik bakarrik eraiki daiteke gizarte berri bat, imposatu gabe, eta hori, esan bezala, ez da egun batetik bestera egiten.  

 

Jaiei dagokionez, nahiz eta egitarau ezberdina egon eskoriatzar danon eskubidea ez da errespetatuko, gizarteak berekoia izaten jarraituko duelako: batzuk kartzelan, beste batzuk lanean, beste batzuk langabezian eta dirurik ez dute gastatzeko, batzuk gaixorik, beste batzuk oporretan joango dira dirua dutelako eta dirudun "solidario" askok ez dute ezer konpartituko herritarrekin... Exageratzen nabil baina, argi dagoena da nahiz eta aldaketa bat eman guk "txip"a aldatzen ez badugu beti ondokoari begira egongo garela, eta dirua erreferente eukitzen jarraituko dugu baloreak izan beharrean. Sentitzen dut txapadarengatik...!

Leire 2009-06-06

Aupa Larraitz!

Erantzun nahian ibili naz, baina ez nauen aurkitzen esan nahi nauenerako hitz egokirik. Atzo, Joseba Alvarez-en eskutitz hau irakurri nauen Garan eta zuk idatzitakoa etorri jaten burura. Nik hitz egokiagorik ezin dotenez aurkitu, hemen doia bere eskutitza:

 

http://www.gara.net/paperezkoa/20090605/140635/eu/Guk-kartzelan-bozkatuko-dugu-eta-zuk

 

Nik be beste mundu bat posible dana pentsatzen dotelako.

Besarkada bat!

Zeuk erantzun

(ez da publikatuko) (zenbakiz idatzi)