e_pistolak - Eskohitza.com eu http://www.eskohitza.com/blogak/bloga.php?id=3 JJ Arrietaren blogeko artikuluak Ergelen nombrea fingabea da. http://www.eskohitza.com/blogak/artikulua.php?id=25 http://www.eskohitza.com/blogak/artikulua.php?id=25 Sun, 13 Jul 2008 07:00:00 GMT Pasau die aste pare bat Eurocopa akabau zanetik. Ederto gozau nauen, gustura gozau be, futbolakin. Ikuslien jarrerekin eta periodistenekin, barriz, tripak-jaten egon nintzen. Ondion-be ernegetan nau. Etorkizunerako-be erremeixorik ez dau eukiko kontuorrek, baña nik por-si-akaso, taka, kartatxue.

FIFA, UEFA, Españako Futbol Federazioari eta Euskal Futbol Federazioari

 

Eskoriatzan, 2008ko uztailaren 13an

 

Jaun andreok (ba al dago emakumerik zuen artean?), eskakizun batekin natorkizue. Ez dakit norena izan daitekeen nik plazaratutakoa bideratzeko ardura edo eskumena. Hala bada eskutitza guztioi bidalita asmatzea espero dut. Esan beharra daukat eskakizuna beste barik eginez gero, hotz samarra izateaz gain, nahasketarako bidea izan daitekeela. Beraz saiatuko naiz bere testuinguruan jartzen, besterik ez bada ere ikus dezazuen zerk sortu duen barruen daukadan egonezina, eskakizuna botatzeko bidean jarri nauen arra zein den jakinda, eskakizuna bera hobeto ulertuko duzuen uste osoaz.

 

Futbolzale berria naiz. Izan ere duela urte pare bat “eurokopa” zer den galdetuz gero, nire erantzuna, duda barik, hauxe izango zen: “hitzak berak dioen bezala muxu merkea, txanpon baten trukeko muxua (euroko pa).” Baina semea futbolista egin zait, eta aita arduratsua izan guran edo, halabeharrez futbolaren ezaugarri gutxi batzuk –sikiera- ezagutu behar izan ditut. Euskaldunok ondotxo dakigu (gizonen lana...) ezagutzatik jakintzara bidearen pausuetariko bat aldaketa dela. Eta hemen nauzue bada, aldatuta, eraldatuta, futbolzale. 

 

Honela, ikusi eta ikasi, konturatu naiz, kirolari eta aktibitate fisiko hutsari suposatzen zaizkion abantaila eta onurez gain baduela futbolak, talde-kirola den neurrian, bere alde egiteko hainbat eta hainbat argudio. Besteak beste, gurasook eta eskolak gure seme-alaben heziketarako aho betez darabilzkigun “baloreak” modu natural-naturalean aurki ditzakegula futbolean. Konfiantza, partaidetza, konpromisoa, auto-exijentzia eta exijentzia, leialtasuna, joko garbia, zintzotasuna... eta errespetua: norberarekiko, taldearekiko, taldekideenganako, beste taldearenganako, arbitroarekiko, ikusleenganako... Talde lanaren premia. Talde barruan nork bere rola betetzen jakin beharra. Emaitzak jarraipena izan dezaten ohitura egokien eta lanaren beharra. Partida bukatzean emaitza onartzen jakitea, aurkakoa hobea izan bada hala onartzea, askoz ere hobea izan bada baita txalotzea ere... Labur esanda ez dela ez futbola eskola txarra bizitzarako armak hartzeko. Hori guztiori gutxi balitz, noizean behin partida entretenigarria eta ikusgarria parez pare egokitu izan zait.

 

Hala gertatu da joan den Eurocopan. Ez dut bete betean jarraitu, baina parean tokatu zaizkidan partiduak gustura ikusi ditut. Nire harridurarako partidu baten baino gehiagotan Españaren alde ikusi dut neure burua: futbola ikusten ikasten hasia naiz nonbait. Taldeei eta euren jokoari erreparatu diot eta ez izenari. Ni jolasean jokatu dutenekin egon naiz.

 

Txanpon orok du baina bi alde. Eurocopan zehar entzun behar izan ditudanak futbolaren beste aldea dira. Torres takarradan zihoala: “On Quixote berriro ere arrapaladan oraingoan haize errotak suntsituz”. Finala bukatu ostean: “Mongolia bat – Alemania zero”. Bi perla. Botatako denak paperean jarri behar izanez gero mundu osoko egur dena gutxi litzateke papera egiteko (eta paper dena gutxi egurra emateko). Egia esan, lehengoaren antzekoak gehiago entzun behar izan ditut, ia-ia oka egin arte. Ikusirik, gainera, horrelakoak botatzen dituzten gehientsuek nazionalismoen aurkako jarrera intelektual sutsua erakusten dutela... Nolakoak diren españolak... pentsatu dut.

 

Barka iezadazue lizentzia agintari jaun andreok, baina momentu horretantxe irudikatu dut nire buruan (non bestela) nolakoak izango diren kontuak Euskal Futbol Selekzioak egunen baten Eurocopa irabazten badu. Zaletuak, EiTB, Gara, Berria, Deia... (Eskohitza?)

 

Puffff!!!

 

Hona bada nire eskakizuna: ez iezaiozue inoiz utzi Euskal Futbol Selekzioari txapelketa ofizialetan parte hartzen.

 

Jakinik behingoz bada ere horrelako goi instantzietara eginiko eskakizunak bere bidea egingo duela, jakinik Amets Txurrukarenak  eta bi egingo dituzuela nik eskatutakoa betetzeko, har ezazue nire agurrik beroena.

 

]]>
Aretxabaletako alkate jaunari http://www.eskohitza.com/blogak/artikulua.php?id=5 http://www.eskohitza.com/blogak/artikulua.php?id=5 Tue, 27 May 2008 07:00:00 GMT Aspalditxo bota nion lagun bati pistolen garaiak pasa direla, epistolen garaia dela… Egungo modari helduz soluzio erraza dirudi, pistolei “e_” aurretik jarri eta kito: e_pistolak. Horra blogaren titulua. Bide batez hastear dagoen blogari honentzat errekurtsoa ere bai: aldiro aldiro epistola bat idatzi eta akabo. Lehena Atxabaltako alkateari. (baaai, epistolak karta edo eskutitzak dira)

Eskoriatzan, 2008ko maiatzaren 28an

Aretxabaletako alkate jaun txit goren hori

 Hitzaurre gisa

Parkatidak, Iñaxio, kartiaren tonu formala, baina gaurkua alkate jaunarendako dok. Helduixok ba makilari eta jarraitxik leiruten.

Hitzaurrea bis

Dana leiru ta gero esangok esan, Iñaxio, “zeaittik niri eta ez bere herriko alkatiari?” ... Baaaaa tira, oso tradizionalistia nazelako. Eta tradiziñuen artien bat gurien errotuta badau hau da: kulpak beti bestiari botatiarena. Hau da, arazo kasuetan edozeren ardura bestiengan jartiarena. Edo beste modu batera esanda, lelen pausua beti bestiari eskatziarena (ikusik bestela “normalizaziño” edo “gatazka” berben ostien datozen kulpak norenak izaten dien: betik bestiarenak).

 Harira

Jakin izan dut azken aldi honetan herrien, hirien, arteko senidetzeari buruzko jardunaldiak izan direla Bilboko Euskalduna Jauregian. Aztertu dira gaiari buruzko hainbat eta hainbat galdegai: zergatik, zertarako, nola, noiz, non... Nik berriz zera uste dut, ganoraz aztertuz gero bakarra nahikoa dela: NOREKIN, alegia.

Aretxabaletaren kasuan balizko aukera dexente ikusi ditut, boteprontoan: 

  • Herriarekin hainbeste lotura (afektibo, sozial, politiko eta tabernero) duen Irlandako edozein herri.

  • Saharako errepublikako herri-kanpamenduren bat. Kasu honetan ere lotura emozional ugari eta lehen urratsak emanak dagoeneko.

  • Txernobil hiri handiaren inguruko edozein herri txiki.

  • Afrika edo Hego Ameriketako edozein herri txiro.

  • Mundu zabalean  misiolari atxabaltarrek zapaldutako edozein herri.

  • ......        

Bistakoa denez zein baino zein aukera hobea. Gehienak, gainera, buenismorik jatorrenean oinarritutakoak.  Misiolariena akaso aukera arriskutsuena, susmoa baita arimak salbatzea ez ezik, kode genetikoa zabaltzea ere lortu dutela.

Dena den aipatutako edozein aukerak, esate baterako Afrikako Auskalonongo herriarekin senidetzeak zer ekar dakioke Aretxabaletari?. Bake espirituala akaso (hain gara onak...) Kultura zinegotziaren, txistularien eta beste fitxajeren baten urtean behineko bidaia. Diario Vascon Joxebiren eskutik horri laurden-lerden-lerdo pare bat... Eta eurei, auskalonongotarrei? 2 auskalonongotarrik finenentzako ikas beka bana (bat Kurtzeberrik, bestea Arizmendik). Urtean behin laguntza karabana: tiritak (ez dituzten zaurientzako), zerrailak (aterik ez daukaten etxeentzako) eta, tan-tata-txaaann, UDAren, hau da Union Deportiva Auskalonongoren, pin mordotxoa (titi puntatan piercinak egiteko, kamisetarik ez baitaukate).

Oso polita, oso erraza… baina atrezzo hutsa. Nire ustez senidetzea zerbait gehiago da. Onerako eta txarrerako egunerokotasuna eskatzen duena. Egunero-egunero bizi izatea eskatzen duena, egunero landu behar dena, egunero sentitu behar dena, egunero sufritu behar dena, egunero gozatu behar dena. Eguneroko bizipenetan eragina izango duena, eguneroko “bizipozetan” eragina izango duena. Hori guztiori baina aldamenekoak besterik ez dizu emango.

Historian zehar bananduta baino urte gehiago egin baditugu elkarren eskutik, zergatik ez horri eutsi? Nork bere bidea eginaz, nork bere aukerak baliatuz. Baina konpainian.

Ideia ausarta dirudi. Irreberentea ere bai. Brotxa lodiarekin bat-batean emandako zertzelada. Baina hau epistola irekia izanik litekeena da beste irakurleren batek zer esana edukitzea, beste hirugarren batek zer emana, laugarren batek… bueno lau askotxo izango dira, baina guztion artean hausnarrean bidea egiten asmatuko dugu (ez dit balio inork esatea zerbitzuak komunean izateko aukera edukiko dugula, txiste zaharra da eta).

Honela bada, alkate jauna, errespetu osoz eskatzen diot, eman beza lehen pausua eta luza beza berorrek Aretxabaletako Udalaren izenean Eskoriatzarekin senidetzeko gonbitea.

Ez dut erantzunik espero, dena den jakin beza berorren esanetara naukala e_pistola honetan aipatutako guztiari buruz luze eta zabal hitz egiteko berorrek hala nahiko balu edo hala portunatuko balitz.

Agintaldi oparo eta emankorra izan dezala.

Begirune osoz

Jotajota Arrieta.

Oharra: Ez litzateke urrats makala “Arabako etorbidea” izena duen kaleari izen iraingarri hori aldatzea. Egia da Arabatik etorriz gero normalean hori dela Aretxabaletan sartzeko bidea, baina baita Madriletik etorriz gero, eta Lisboatik, eta Fregenal de la Sierratik eta… Logikak eta zuzentasunak eman ematen dituzte aukerak, hala nola “Eskoriatzarren etorbidea”, “Eskoriatzarren joanbidea”, “Eskoriatzarren betorbidea”…

 

]]>