Harahonaka - Eskohitza.com eu http://www.eskohitza.com/blogak/bloga.php?id=6 Ainara Udaondoren blogeko artikuluak Nora doa arrasatear kooperatibagintza? http://www.eskohitza.com/blogak/artikulua.php?id=96 http://www.eskohitza.com/blogak/artikulua.php?id=96 Sat, 24 Oct 2009 07:00:00 GMT

Gurera etorriz, Arrasateko Kooperatiba Esperientziaren gainean gogoeta egin nahiko nuke gaurko honetan.

Arrasatear kooperatibagintzak mende erdiko ibilbidea egina du jada, eta edozein esperientzia praktikok moduan bere argi-ilunak ditu. Ondoko bokazioari erantzunez jaio ziren kooperatibak: enpresa egiturak eraldatzea, gizartea eraldatzeko. Kooperatibagintza bi ezaugarriren arabera defini liteke. Batetik, barrura begira, logika demokratikoa ardatz lukeen erakundea izatea. Bestetik, kooperatibaren hormetatik haratago, gizarte eraldaketan inplikaturiko agente izatea. Sorrerako iparra, bere lausoan, ondokoa genuen: pertsona kooperatiboago bat amestea gizarte autoeratuago batean. Begiratu integral hori aurki dezakegu esperientzia honen sakoneko inpultsoan, berau sostengatzen dituen ideia eta oinarrietan errigorez arakatuz gero.

Gure kooperatibagintzari lorpen garrantzitsuak egotzi diezazkiokegu: lanari beste estatus politiko eta humano bat eman izana enpresa egituren baitan; enpresaren eremuan logika demokratikoak aplikatu izana; lana sortu eta garai latzetan lanaren alde borrokatzeko erakutsi izan duen determinazioa; interkooperazio mekanismo interesgarriak sortu izana; aberastasuna modu orekatuago batean banatu izana... Noski, baieztapen bakoitzaren aurrean, baina edo matizen bat txertatzeko moduan geundeke, ziur. Argi dago, kooperatibagintza fenomeno praktikoa den aldetik, inperfekzioak eta kontraesanak dituela, kasu batzuetan oso nabarmenak gainera. Esate baterako, zein da demokraziaren kalitatea uneotan gure kooperatibetan? zer gaitasun du gaur egun kooperatibagintzak ilusioak pizteko kooperatibistongan? non geratu da begirada integralago hori, ez ote gara arlo produktibora estu lotu bestelako asmoak bide bazterrean utzita?

Galdera horiek darabiltzagu buruan, besteak beste, kooperatibistekin jarduten dugunean lanean. Eta bai, badirudi gure kooperatibagintzak ilusio eta ikusmira berrien beharra lukeela. Nolabaiteko zentzu krisia bizi dugula. Badago gose bat, gauzak hobetu eta biziberritzeko nahi boteretsu bat. Hasteko, barrura begira barne mekanismoetan zer hobetu badaukagu, logika demokratiko exijenteago bat aplikatzeko bidean. Eta bigarren maila batean sortzen zaigun oinarrizko galdera ondokoa da: ba al dago horizonte ilusionagarririk, gizarte proiekturik, gure kooperatibagintzan?

Garai batean, zergatik eta zertarako jakin batzuk izan zituen arrasatear kooperatibagintzak. Urrutirako amets ederrak marrazteko adorea izan zuten kooperatibistek beste garai historiko batean: langileriaren emantzipazioa, justizia soziala, enpresa egituren eraldaketa eta gizarte proiektu integralago bat. Beren garaiko ametsak ziren horiek. Zeintzuk dira egungo horizonteak? Uneotan bidegurutze baten aurrean egon gaitezkeela dirudi. Zentzu krisiari erantzuteko pistak behar ditugu, XXI. mendera begirako kooperatibagintza marraztu eta pentsatzeko erronkaren aurrean gaude. Ideia hori zirriborratzen hasteko hona hemen zenbait intuizio: beharrezkoa dela berriro ere gizartearen eta belaunaldi berrien amets, behar eta ilusioekin bat egitea. Eta gizarte proiektu integralaren ideia berreskuratuz, autoeraketaren taupadan dabiltzan bailarako indar bizi eta eragileekin elkarlana bultzatzea. Jarraituko dugu honen inguruan hurrengo batean...

 

]]>
GaraiON NaturArtea http://www.eskohitza.com/blogak/artikulua.php?id=61 http://www.eskohitza.com/blogak/artikulua.php?id=61 Fri, 08 May 2009 07:00:00 GMT Sormena, natura, emozioa, ondarea, artea... konbinatu nahi dituen egitasmo ederra dugu GaraiON NaturArtea.

Atzo Otaza etxean izan ginen GAraiON NaturArtea elkartearen lehen batzar orokorrean. Giro onean, paraje ederrean eta konpainia ezin hobean. Eta aitzakia polita iruditu zait gure blogari astindu bat emateko aspaldiko partez. Harahonaka aritzeko une batez. Zergatik? amets eder baten eraikuntzan ari baitira Otaza etxean lanean diharduten neska-mutilak, eta horren inguruko berri zabaldu nahiko nuke gure artean.

Ziurrenik zuetariko askorentzat Otaza etxea ezaguna izango da aurrez. Han Barrundian, Ozaeta eta Maturana artean, ezkutatutako bidezidorretik aurrera dagoen gune berezi hura. Bertan udalekuak-eta antolatu izan dira Txatxilipurdiren eskutik urte luzez. Azken boladan izpiritu berri bat erne da bertan eta proiektu polit baten ernamuin bilakatu da. Asmoa: Otazako inguru berezi hori sormenaz eta naturaz gozatzeko gune bihurtzea. Helburu horrekin lanean dihardu 18 laguneko taldea, etxaldea konpontzen eta proiektuaren arima mimoz elikatzen. Eta zertan gauzatuko da amets hori? asmoak ugariak bezain politak dira: museo etnobotaniko bat, lorategi mitologiko bat, ortu ekologiko bat, bilgune izango den plaza eder bat, bertako parajeaz gozatzeko lo-guneak, guzti hori lotuko duen bide interaktibo bat... Naturaz, emozioez eta gure ondareaz gozatzeko gune izan nahiko luke; garen horri izateko-espazio bat eskaintzeko aitzakia.

Atzoko batzarrean orain arte egindako ibilbidearen berri eman  zuten bultzatzaileek: handik eta hemendik diruak lortzeko saiakerak nondik nora joan diren, taldea prestatzen eta sendotzen egindako ibilbidea, ingurua txukuntzeko burutu dituzten lanak (auzolanak tartean), proiektuak mamitzeko ahaleginak... Eta batez ere, amesten jarraitzeko gogo eta ilusio dosi handiak transmititu zituzten. Badabiltza lanean, lehen pausuak ematen, eta uneotan bi proiektu dituzte eskuartean: bata, nerabeekin lan egiteko eta bestea, jubilatutako taldeekin aritzeko. Ondoren, afari-merienda-kantaldi eder batekin eman genion amaiera atzoko iluntzeari.

Ateak zabalik daude Otaza etxaldean proiektuan interesa izan dezakeen edonorentzat. Merezi du hara hurbiltzeak eta bertatik-bertara ezagutzea egitasmoaren mamia. Ziur bertako "sorginek" gustura hartuko gaituztela eta proiektuarekin liluratuko garela. Bada kondaira bat dioena, bertaratzen den oro sorgindua izaten dela, eta hara itzultzen dela ilargi-bete oro... Eta bestela, atzokoa ikusi besterik ez dago!

Bide batez, aprobetxatu nahi dut jakinarazteko bazkidetza-plan bat jarriko dutela martxan epe laburrean, egitasmoa lagundu eta parte hartu nahi duen ororentzat. Ziur naiz, handik edo hemendik, izango dugula Otazan gorpuzten ari den GaraiON egitasmoaren berri aurrerantzean ere. Animo eta aurrera!

Hemen duzue Otaza etxeko kondairaren berri, egin klik eta gozatu:

]]>
Garabide elkartea http://www.eskohitza.com/blogak/artikulua.php?id=31 http://www.eskohitza.com/blogak/artikulua.php?id=31 Fri, 24 Oct 2008 07:00:00 GMT Herrian dugu Garabide elkartea: Hegoaldeko hizkuntza komunitate gutxituekiko eragileekin lankidetza ildo berri bat jorratzen diharduen erakundea.

Garapenerako lankidetzan jardun nahiko lukeen edozein herrik lehenbizi ondoko galdera egin beharko lioke bere buruari: zer esperientzia interesgarri daukat herri gabetuekin konpartitzeko modukoa? Galdera horretatik abiatu beharko lukete lankidetza proposamen eraldatzaileek, asistentzialismo hutsetik haratagoko helburuak dituzten proposamenek.

 

Badirudi bailaran intuizio horri erantzuten jakin izan dugula. Hor dugu, esaterako, Mundukideren esperientzia: herri ekonomietako kooperatibekin autoeraketaren esperientzia eta intuizioa elkarbanatzea helburu duen erakundea. Azken hamar urteotan, izan dira hamaikatxo bisitari gure esperientzia kooperatiboa ezagutu eta eurena konpartitzera hurbildu direnak. Sakonean trukearen ideia dago: norabide bikoitzean esperientziak partekatzea. Eta ahalegin hori  lankidetza proiektu oso interesgarrietan gorpuztu da. Horien artean aipagarria da Brasilgo Lurrik gabeko mugimenduko nekazariekin egiten diharduten lana; potentzial eraldatzaile itzela duen egitasmoa. Hartuko dugu tarterik agian aurrerago esperientzia horri buruz jarduteko, baina gatozen gure gaurko gaira: Garabide.

 

Garabide elkartea

 

Garabide elkarteak kooperazio ildo berri bati ekin dio. Badirudi Euskal Herriak baduela nortasunaren alorrean zer konpartitu: bere nortasunaren bizi-ahalegina eta eginkizun horretarako garaturiko esperientziak. Une honetan desagertzearen eta garatzearen arteko amildegian dauden herri indigenentzat, ekarpen handiko ispilua da euskararena. Bereziki azken berrogei urteetako garapenean esperientzia baliotsua dario euskal komunitateari. Eta horixe ba Garabideren egitekoa: hegoaldeko hizkuntza komunitate gutxituekiko eragileekin lankidetza proiektuak hitzartu eta aurrera eramatea.

 

Egiteko ederra zalantzarik gabe, nortasun eta hizkuntzaren alorrean jorratutako gure ibilbide propioa konpartitzea. Ez dakit jakinaren gainean zaudeten, baina Garabide elkarteak gure herrian du egoitza, Udalak bere jarduera burutzeko Jose Arana jaio zeneko eraikina jarri baitio eskura. Poztekoa dugu Eskoriatza horrelako ekimen aberasgarrien kokagune izatea.

 

Uneotan 'Hizkuntza eta Herrien arteko II Truke Programa' burutzen dihardute. Urtero egingo den programa honen bidez hegoaldeko hizkuntza komunitateen eta euskalgintzaren arteko zubiak eraiki nahi dira. Hegoaldeko herri indigenek beraien hizkuntza eta identitatearekiko dituzten bizipenak eta esperientzia eta gurean daukaguna trukatzea da asmoa.

 

Urriak 13 hasi eta azaroaren 7a bitarte programa zabala antolatu dute: formazio saioak, hainbat bisita elkarte, erakunde eta abarretara, hitzaldiak, mahainguruak... Lau astez gurean izango ditugu Guatemalako mayen ordezkariak, Ekuadorko kichwuak, Bolibiako kechwa, kayawalla eta aymarak, Txileko Wallmapu herriko maputxeak, Paraguaytik datorren guaranien ordezkaria eta baita Magrebetik datorren amazigh herriaren ordezkaria.

 

Agian dagoeneko zuetariko batzuek ikusiko zenuten indigena taldetxo bat gurean. Jakin gure euskal komunitateari darion esperientziatik edatera etorri direla, gure teoria eta praxitik ikastera, beti ere eurena konpartitzeko bokazioz eta gogoz.

 

 

]]>
Harahonaka http://www.eskohitza.com/blogak/artikulua.php?id=11 http://www.eskohitza.com/blogak/artikulua.php?id=11 Mon, 09 Jun 2008 07:00:00 GMT Harahonaka ibiltzeak ondokoa esan nahi du gure euskal hiztegien arabera: alderrai ibili, bidea galduta ibili, noraezean ibili, hara eta hona ibili, han-hemenka ibili, arloterian ibili...

Harahonaka jarduteko asmoa daukat; handik eta hemendik; unean uneko barrutik sortzen zaidanetik, barruak eskatzen didanetik. Hitzak eta gogoetak noragabean jaurtitzeko bokazioz jantzi nahiko nuke txoko hau. Ipar jakinik gabe, askatasunerako tarte izan dadila, pentsamendu librerako aitzakia. Sarritan ahaztua eta arauen zurruntasunpean estuki loturik izaten dugun gure alderdi 'arloteago' horri hitz egiten uzteko unea. Norberetik darionari bidea emateko aukera.

Norbere kezkak, gogoak, ilusioak, amorruak, minak, zalantzak... sozializatzea gauza ederra izan daiteke. Terapeutikoa ere neurri handi batean!  Aprobetxa dezadan(gun) egiteko horretarako eskura dugun bilgune hau. Klick soil batez herrira (eta mundura!) zabaltzen den eskohitza leiho kolektibo hau.

Bakoitzak bere koordena eta obsesio pertsonaletatik abiatutako bidezidorrak urratuko ditugu ziurrenik, eta denon artean kolore askotariko pintzeladaz marraztuko dugu gune honen nortasuna. Badirudi bakoitzari kolore bat egokitu zaigula, ezta? niri gorria, zuri morea, hari berdea, zuei laranja... Osotara, margo inpresionista ederra osa dezakegu, nahasten jakinez gero, konbinazioak eginez gero, hileroko idazteko konpromisoari eutsi eta tartean behin leihoa zabaltzeko gai bagara. Bihotz taupada ezberdinak entzungo ditugu bilgune honen sakonean, ziur. Baina irakurle, ez ahaztu zure arnasa ere ezinbestekoa zaigula.

 Harahonaka ibilian egingo dugu topo...

]]>