eskohitza.com

EskohitzaBlogake_pistolak → Ergelen nombrea fingabea da.

RSS 2.0

Ergelen nombrea fingabea da.

JJ Arrieta (e_pistolak)

2008-07-13

Etiketak:

Pasau die aste pare bat Eurocopa akabau zanetik. Ederto gozau nauen, gustura gozau be, futbolakin. Ikuslien jarrerekin eta periodistenekin, barriz, tripak-jaten egon nintzen. Ondion-be ernegetan nau. Etorkizunerako-be erremeixorik ez dau eukiko kontuorrek, baña nik por-si-akaso, taka, kartatxue.

FIFA, UEFA, Españako Futbol Federazioari eta Euskal Futbol Federazioari

 

Eskoriatzan, 2008ko uztailaren 13an

 

Jaun andreok (ba al dago emakumerik zuen artean?), eskakizun batekin natorkizue. Ez dakit norena izan daitekeen nik plazaratutakoa bideratzeko ardura edo eskumena. Hala bada eskutitza guztioi bidalita asmatzea espero dut. Esan beharra daukat eskakizuna beste barik eginez gero, hotz samarra izateaz gain, nahasketarako bidea izan daitekeela. Beraz saiatuko naiz bere testuinguruan jartzen, besterik ez bada ere ikus dezazuen zerk sortu duen barruen daukadan egonezina, eskakizuna botatzeko bidean jarri nauen arra zein den jakinda, eskakizuna bera hobeto ulertuko duzuen uste osoaz.

 

Futbolzale berria naiz. Izan ere duela urte pare bat “eurokopa” zer den galdetuz gero, nire erantzuna, duda barik, hauxe izango zen: “hitzak berak dioen bezala muxu merkea, txanpon baten trukeko muxua (euroko pa).” Baina semea futbolista egin zait, eta aita arduratsua izan guran edo, halabeharrez futbolaren ezaugarri gutxi batzuk –sikiera- ezagutu behar izan ditut. Euskaldunok ondotxo dakigu (gizonen lana...) ezagutzatik jakintzara bidearen pausuetariko bat aldaketa dela. Eta hemen nauzue bada, aldatuta, eraldatuta, futbolzale. 

 

Honela, ikusi eta ikasi, konturatu naiz, kirolari eta aktibitate fisiko hutsari suposatzen zaizkion abantaila eta onurez gain baduela futbolak, talde-kirola den neurrian, bere alde egiteko hainbat eta hainbat argudio. Besteak beste, gurasook eta eskolak gure seme-alaben heziketarako aho betez darabilzkigun “baloreak” modu natural-naturalean aurki ditzakegula futbolean. Konfiantza, partaidetza, konpromisoa, auto-exijentzia eta exijentzia, leialtasuna, joko garbia, zintzotasuna... eta errespetua: norberarekiko, taldearekiko, taldekideenganako, beste taldearenganako, arbitroarekiko, ikusleenganako... Talde lanaren premia. Talde barruan nork bere rola betetzen jakin beharra. Emaitzak jarraipena izan dezaten ohitura egokien eta lanaren beharra. Partida bukatzean emaitza onartzen jakitea, aurkakoa hobea izan bada hala onartzea, askoz ere hobea izan bada baita txalotzea ere... Labur esanda ez dela ez futbola eskola txarra bizitzarako armak hartzeko. Hori guztiori gutxi balitz, noizean behin partida entretenigarria eta ikusgarria parez pare egokitu izan zait.

 

Hala gertatu da joan den Eurocopan. Ez dut bete betean jarraitu, baina parean tokatu zaizkidan partiduak gustura ikusi ditut. Nire harridurarako partidu baten baino gehiagotan Españaren alde ikusi dut neure burua: futbola ikusten ikasten hasia naiz nonbait. Taldeei eta euren jokoari erreparatu diot eta ez izenari. Ni jolasean jokatu dutenekin egon naiz.

 

Txanpon orok du baina bi alde. Eurocopan zehar entzun behar izan ditudanak futbolaren beste aldea dira. Torres takarradan zihoala: “On Quixote berriro ere arrapaladan oraingoan haize errotak suntsituz”. Finala bukatu ostean: “Mongolia bat – Alemania zero”. Bi perla. Botatako denak paperean jarri behar izanez gero mundu osoko egur dena gutxi litzateke papera egiteko (eta paper dena gutxi egurra emateko). Egia esan, lehengoaren antzekoak gehiago entzun behar izan ditut, ia-ia oka egin arte. Ikusirik, gainera, horrelakoak botatzen dituzten gehientsuek nazionalismoen aurkako jarrera intelektual sutsua erakusten dutela... Nolakoak diren españolak... pentsatu dut.

 

Barka iezadazue lizentzia agintari jaun andreok, baina momentu horretantxe irudikatu dut nire buruan (non bestela) nolakoak izango diren kontuak Euskal Futbol Selekzioak egunen baten Eurocopa irabazten badu. Zaletuak, EiTB, Gara, Berria, Deia... (Eskohitza?)

 

Puffff!!!

 

Hona bada nire eskakizuna: ez iezaiozue inoiz utzi Euskal Futbol Selekzioari txapelketa ofizialetan parte hartzen.

 

Jakinik behingoz bada ere horrelako goi instantzietara eginiko eskakizunak bere bidea egingo duela, jakinik Amets Txurrukarenak  eta bi egingo dituzuela nik eskatutakoa betetzeko, har ezazue nire agurrik beroena.

 

Zabaldu | Bildu

Erantzunak

Estu ta Larri (Peleriñak) 2008-07-16

Adoz esaten dittuan geixenekin(esatebaterako,hartu Gara eta Tourreko Piriniotako etapei eginiko jarraipena irakurri. Eta "eskerrak" etaparik ez "dugula" irabazi), baina egixa esan, kazetari eta tertulistoen tontokixak eta haundikeixak entzutekotan gurako naukek Euskal Selekzioenak balira eta ez Españako Selekzioenak.  

Euskal Selekzioa?? BAI, noski!!

Zeuk erantzun

(ez da publikatuko) (zenbakiz idatzi)