Eskohitza → Blogak → Harahonaka → Garabide elkartea
Garapenerako lankidetzan jardun nahiko lukeen edozein herrik lehenbizi ondoko galdera egin beharko lioke bere buruari: zer esperientzia interesgarri daukat herri gabetuekin konpartitzeko modukoa? Galdera horretatik abiatu beharko lukete lankidetza proposamen eraldatzaileek, asistentzialismo hutsetik haratagoko helburuak dituzten proposamenek.
Badirudi bailaran intuizio horri erantzuten jakin izan dugula. Hor dugu, esaterako, Mundukideren esperientzia: herri ekonomietako kooperatibekin autoeraketaren esperientzia eta intuizioa elkarbanatzea helburu duen erakundea. Azken hamar urteotan, izan dira hamaikatxo bisitari gure esperientzia kooperatiboa ezagutu eta eurena konpartitzera hurbildu direnak. Sakonean trukearen ideia dago: norabide bikoitzean esperientziak partekatzea. Eta ahalegin hori lankidetza proiektu oso interesgarrietan gorpuztu da. Horien artean aipagarria da Brasilgo Lurrik gabeko mugimenduko nekazariekin egiten diharduten lana; potentzial eraldatzaile itzela duen egitasmoa. Hartuko dugu tarterik agian aurrerago esperientzia horri buruz jarduteko, baina gatozen gure gaurko gaira: Garabide.
Garabide elkarteak kooperazio ildo berri bati ekin dio. Badirudi Euskal Herriak baduela nortasunaren alorrean zer konpartitu: bere nortasunaren bizi-ahalegina eta eginkizun horretarako garaturiko esperientziak. Une honetan desagertzearen eta garatzearen arteko amildegian dauden herri indigenentzat, ekarpen handiko ispilua da euskararena. Bereziki azken berrogei urteetako garapenean esperientzia baliotsua dario euskal komunitateari. Eta horixe ba Garabideren egitekoa: hegoaldeko hizkuntza komunitate gutxituekiko eragileekin lankidetza proiektuak hitzartu eta aurrera eramatea.
Egiteko ederra zalantzarik gabe, nortasun eta hizkuntzaren alorrean jorratutako gure ibilbide propioa konpartitzea. Ez dakit jakinaren gainean zaudeten, baina Garabide elkarteak gure herrian du egoitza, Udalak bere jarduera burutzeko Jose Arana jaio zeneko eraikina jarri baitio eskura. Poztekoa dugu Eskoriatza horrelako ekimen aberasgarrien kokagune izatea.
Uneotan 'Hizkuntza eta Herrien arteko II Truke Programa' burutzen dihardute. Urtero egingo den programa honen bidez hegoaldeko hizkuntza komunitateen eta euskalgintzaren arteko zubiak eraiki nahi dira. Hegoaldeko herri indigenek beraien hizkuntza eta identitatearekiko dituzten bizipenak eta esperientzia eta gurean daukaguna trukatzea da asmoa.
Urriak 13 hasi eta azaroaren 7a bitarte programa zabala antolatu dute: formazio saioak, hainbat bisita elkarte, erakunde eta abarretara, hitzaldiak, mahainguruak... Lau astez gurean izango ditugu Guatemalako mayen ordezkariak, Ekuadorko kichwuak, Bolibiako kechwa, kayawalla eta aymarak, Txileko Wallmapu herriko maputxeak, Paraguaytik datorren guaranien ordezkaria eta baita Magrebetik datorren amazigh herriaren ordezkaria.
Agian dagoeneko zuetariko batzuek ikusiko zenuten indigena taldetxo bat gurean. Jakin gure euskal komunitateari darion esperientziatik edatera etorri direla, gure teoria eta praxitik ikastera, beti ere eurena konpartitzeko bokazioz eta gogoz.
Mari Carmen 2008-10-29
Aste honetan, eguakotxean, Garabideren eskutik etorritakoen esperientzia ezagutzeko aukera izango dugu Eskoriatzan. Gaueko 10,30etan Ibarraundi museoa kafe-tertulia egingo dugu eta Maputxeen kantuak entzun, Ekuadorko kichwen dantzak ikusi, Guatemalako Mayen rituala ezagutu eta Bolibiar edo Guaraniekin elkarrizketan egoteko aukera paregabea izango dugu.
Kafea, tea, rona... eta pastak egongo dira.
Urriaren 31n, 22,30etan, Ibarraundin!!!
ibai 2008-10-29
Agendan dago Mari Carmenek aipatu duen ekitaldia: Afaloste multikulturala