eskohitza.com

EskohitzaBlogakHerri puta hontan → Ondare historikoa: Aitzorrotz

RSS 2.0

Ondare historikoa: Aitzorrotz

Euxe (Herri puta hontan)

2008-10-08

Etiketak:

Eskoriatzarrok gure ondare historikoa pixka bat gehiago ezagutu beharko genuke. Ea nor animatzen den historiako pasarteak, kondairak eta bestelakoak bildu eta EskoHitzan argitaratzen.

Eskoriatzarrok nondik gatozen, gure herria noiz sortu zen, nortzuk izan ziren bertako bizilagunak, Eskoriatzan jaiotako pertsonaia famatu eta xelebreak… Askotan ez gara gure historiaz arduratzen. Eta gure historia horrelakoa izan dalako gara gu ere horrelakoak. Beraz, nik uste denok jakin nahi beharko genukeela gure herriaren historiari buruz pixka bat gehiago. Beraz, aurkitzen duzuena hemen argitaratzen animatzen zaituztet.

 

Nik gaur, adibidez, Aitzorrotzi buruzko datu batzuk aurkitu ditut. Itxuraz ez dago oraindik guztiz argi bertan gaztelua bat izan zen edo ez.

 

Hemendik aurrerakoa, Hiru.com web gunetik kopiatzen dudan Aitzorrotzko historia. Benetakoa zer den eta zer ez, bakoitzak erabaki dezala.

 

«Behin eta berriz esan izan da erromatarrak Aitzorrotzen ibili zirela, eta azken urteetako ikerketei jarraiki, inguruan ere ibili zirela uste da. Bestalde, Aitzorroztik gertu, Eskoriatzatik Leintz-Gatzaga herriaren aldera, ibaiaren ondoan, Maulanda auzoa dago, eta esaten da mairuak haraino iritsi zirela, razzia edo erasoaldi batean.

Antso VI.a Jakitunak (1150-1194), alboetako erregeek sortutako arriskuak ikusita, Nafarroako Erresuma sendotzeko politikari ekin zion. Bere garaian, erresumen arteko mugak finkatu zituzten, lehenik Aragoiko Erresumarekin eta gero Gaztelakoarekin, 1179an Naiaran. Eta esan esaten da, Antso Jakituna gehiago kezkatzen zuela mendebaldetik zetorren arriskua Aragoitik zetorrenak baino, eta hori argi erakusten du erresumaren mendebaldean antolatu zuen defentsa sistemak. Gotortzeko asmo horien ondorio izango zen Aitzorrotz.

Ia etenik gabe hiru belaunaldiz Ladron sendiak Arabako agintea eduki ondoren (1130-1179), Antso Jakituna barruti hori banatzen hasi zen. Horrela, 1181-1182 urteetan Diego Lopez (Diago Lupi, Didagus Lupi…) aipatzen da arduradun gisa “Alauam et Ypuzcoam.”

1184rako badugu arduradun bat Aitzorrotzen (izen horrekin agertzen da, gainera, Aizorroz): Enecone de Oriz. Baina 1185 eta 1188. urteen arteko hainbat agiritan ikusten da Eneko Oritzek bazituela izendapen gehiago ere, Aitzorrotzekoaz gain: “…”,Dominante et in Ypuzcoa “Eneco Oriz in Alava et in Ypuzcoa.” Hori guztia ikusita, gutxienez 1184tik Arabako eta Gipuzkoako tenentzien egoitza Aitzorrotz izan zela uste da.

Bestalde, Aitzorrotz modu askotara idatzia agertzen da; 1187ko agirietan bakarrik, honako aldaerak ageri dira: Aiçorroz, Aitzçorretz, Aitzçorrotz, Aitzçorriz. 1188an, Arcorroz eta Azçorroz. Gazteluburuaren izena, berriz, gehienetan Oriz idatzirik agertzen da, baina baita Oritz, Oritç eta Orriz ere. Latina erabiltzen zuten, eta bistakoa da ez zekitela euskarazko soinuak latin grafiarekin ematen; hortik dator izenen nahasmendu edo anabasa.

Arabako tenentzia horri zegokion lur eremua urrituz joan zen Gasteiz hiria sortzearekin, 1181ean. Garai hartako Araban tenentzia berriak sortu zituen Nafarroako erregeak, eta agirietan agertzen hasi ziren: Zabalate, Zaitegi… gehienak Aitzorrozko gazteluko agintetik bereizirik; hala, XII. mendearen bukaeran, eta hamar urteko epean, Araban, bost barruti administratibo izatetik hamar izatera igaro ziren.

Urte horietan, hiribilduak sortzen eta foruak ematen jarraitu zuen erregeak, besteak beste, honako hiri eta herri hauei, Donostia (1180), Gasteiz (1181), Antoñana (1182), Bernedo (1182), Argantzon (1191). Unitate administratibo horiek eta hiriak sortzea Antso VI.a Jakitunak abiatu zuen antolakuntza aldaketen barnean ikusi behar da. Erresuma kontrolatuago bat eraikitzen ari zen, eta mugak gotorragoak nahi zituen, bereziki mendebaldekoak. Bestalde, tenentzia horietako buru izan zirenen izenak, Aitzorrozkoak barne, askotan agertzen dira erregeak izenpetutako agirietan lekuko gisa, eta horrek esan nahi du erregearen gertukoak zirela, berarekin ibiltzen zirela.

1189tik aurrera ez dakigu nor izan zen Aitzorrozko arduradun. 1194an, Arabako hainbat tenentziatan gazteluburuak aldatu zituzten: Guardia, Zaitegi, Zabalate, Gasteiz… Urte hartako urtarrilean Pedro Ladron agertzen da Aitzorrozko arduradun gisa, Petro Latrone Aitççorrotç (Gebara deitura hartuko duen leinuburua zen).

Hurrengo erregeak, Antso Jakitunaren semeak, Antso VII.a Azkarrak (1194-1234), politika berari heldu zion. Dena dela, Gipuzkoan ere errege izan zen urteetan -hasierako 5 urteetan-, berri eta aipamen gutxi ditugu Gipuzkoako eta Arabako tenentziari buruz. 1195ean, Lope Sanchezek utzi egin zuen Arluzeakoa, eta Pedro Ladron ordezkatu zuen Arabako eta Gipuzkoako tenentzian, Aitzorrotzen.

1999-1200 urteetako gertaeren ondoren, Gaztelako Alfontso VIII.ak eskuratu zituen Arabako eta Gipuzkoako lurraldeak, eta Aitzorrotz gaztelua ere Gaztelaren jabego bihurtu zen; Ximenez Radaren kronikariak halaxe jakinarazten du (Aicorroz izenez aipatzen du).

Gazteluari buruzko beste aipamen bat ere ageri da geroxeago, eta han ere gaztelarren esku dagoela esaten da. Arabako Barria monasterioko abadesak 1217an eginiko erosketa batean, honako adierazpena dago: “Enrike izanik Gaztelako errege, Lope Diaz Arabako dominatzaile eta Aitzorrozko eta Udalako tenente.”

Aitzorrotz ez da berriro Nafarroako Erresuman egongo, nahiz eta historialari batzuek hala uste izan duten; Ozkorrotz gazteluarekin nahastu izan dute Aitzorrotz, eta XIII eta XIV. mendeetan Ozkorrozko gazteluzainak Nafarroako Erresumaren mendeko baitziren, Aitzorrotz Nafarroaren jabego izatera itzuli zela pentsatu izan dute.

Bestalde, Aitzorrotz inguruak Oñatiko konderri barruan zeuden, Gebaratarren menpean, eta Erdi Aroko azken mendeetan leinua Gaztelari atxikita zegoen; garai hartan, Arabako iparraldean eta Gipuzkoako hego-mendebaldean jaurerri zabala zuten. Gaztelako Enrike II.ak Leintz haraneko lurraldeak, gaztelua barne, eman zizkion 1370ean Beltran Gebarari -Gipuzkoako ibar-jaun ere bazen aldi hartan-, egindako zerbitzuak saritzeko. Garai hartako berririk ez dago gazteluaren inguruan, eta ez dago frogatzerik Erdi Aroko azken hiru mendeetan Gebaratarren esku egon zela gaztelua.

Ondorengo zenbait aipamenek erakusten dute, XV. mendean, 1457 eta 1463 urte bitartean gehienbat, gaztelua erregearen esku zegoela, bandoen arteko liskarrek geldiaraztea izan zela gazteluaren zeregina eta. Horrela, Enrike IV.ak zenbait pribilegio eman eta eskubide berretsi zituen, 1461eko maiatzaren 18an, Logroñon zegoela. Leintz haranekoak eta Gipuzkoako Anaidia agurtu, eta saritu egin zituen:

“Ozkorrozen laguntza emateko erakutsi duzuen prestutasunagatik eta zuen gain hartu dituzuen lanengatik, esker onez eta Jaungoikoaren nahia bete dadin, nik ordainduko ditut zuen soldatak.” XVI. mendean, Eskoriatzako herriari emandako Villa izendapena zela-eta izandako auzian lekuko eta frogak aurkeztu zituzten, eta agirien artean egiaztatzen zen Enrike IV.a erregeak zorionak eman zizkiela. Agiri horietan ikusten da Aitzorrotz eta Ozkorrotz gazteluak nahasten zituztela, eta ez da harritzekoa ondorengo interpretazioetan ere hala gertatzea.

Ikusten denez, berri gutxi eta zeharkakoak dira gazteluaren ingurukoak. Ez dago jakiterik noiz eraiki zuten, ezta noiz baztertu zuten ere.

Bestalde, Atxorrotx haitza, gaztelu eta inguruko leize edo zuloak hainbat kondairaren lekuko dira. Mota guztietakoak dira eta sasi historikoak ere badaude, horien artean izen eta abizenak aipatzen dituena.

XVI. mendean Santa Gurutzeko baseliza eraiki zuten gazteluaren tokian, dagoeneko 1556an aipatzen dute, Antxon Agirreren arabera. Gainaldea I. Karlistaldian erabili zuten, eta lubaki bat egin zuten 1936an.»

 

Iturria: Hiru web gunea

 

 

Zabaldu | Bildu

Erantzunak

Leire 2008-10-20

Eskerrik asko! Interesgarria benetan!  

 

Egia da askotan gertuen daukagunari eskaintzen diogula arreta gutxien.  

 

Nere buruan adibidez, ez dakit nolatan eta zergatik, Jose Arana Ameriketan artzain ibili ta aberastutako eskoitzar bat zen. Auskalo nondik sartu zitzaidan hori buruan, baina Nevadako lurretan imajinatzen nuen... Aurten, Ibarraundi museoak berari buruz egindako erakusketa dela eta bere benetako historia ezagutu nuen. Garan irakurri ahal izan nuen artikulu hau:  

 

http://www.gara.net/paperezkoa/20080816/91830/es/Eskoriatza/recuerda/con/una/exposicion/a/Jose/Arana/inventor/de/la/Aste/Nagusia/de/Donostia/  

 

Eta gustatu zitzaidan!  

Zeuk erantzun

(ez da publikatuko) (zenbakiz idatzi)