eskohitza.com

EskohitzaBlogake_pistolak → Aretxabaletako alkate jaunari

RSS 2.0

Aretxabaletako alkate jaunari

JJ Arrieta (e_pistolak)

2008-05-27

Etiketak:

Aspalditxo bota nion lagun bati pistolen garaiak pasa direla, epistolen garaia dela… Egungo modari helduz soluzio erraza dirudi, pistolei “e_” aurretik jarri eta kito: e_pistolak. Horra blogaren titulua. Bide batez hastear dagoen blogari honentzat errekurtsoa ere bai: aldiro aldiro epistola bat idatzi eta akabo. Lehena Atxabaltako alkateari. (baaai, epistolak karta edo eskutitzak dira)

Eskoriatzan, 2008ko maiatzaren 28an

Aretxabaletako alkate jaun txit goren hori

 Hitzaurre gisa

Parkatidak, Iñaxio, kartiaren tonu formala, baina gaurkua alkate jaunarendako dok. Helduixok ba makilari eta jarraitxik leiruten.

Hitzaurrea bis

Dana leiru ta gero esangok esan, Iñaxio, “zeaittik niri eta ez bere herriko alkatiari?” ... Baaaaa tira, oso tradizionalistia nazelako. Eta tradiziñuen artien bat gurien errotuta badau hau da: kulpak beti bestiari botatiarena. Hau da, arazo kasuetan edozeren ardura bestiengan jartiarena. Edo beste modu batera esanda, lelen pausua beti bestiari eskatziarena (ikusik bestela “normalizaziño” edo “gatazka” berben ostien datozen kulpak norenak izaten dien: betik bestiarenak).

 Harira

Jakin izan dut azken aldi honetan herrien, hirien, arteko senidetzeari buruzko jardunaldiak izan direla Bilboko Euskalduna Jauregian. Aztertu dira gaiari buruzko hainbat eta hainbat galdegai: zergatik, zertarako, nola, noiz, non... Nik berriz zera uste dut, ganoraz aztertuz gero bakarra nahikoa dela: NOREKIN, alegia.

Aretxabaletaren kasuan balizko aukera dexente ikusi ditut, boteprontoan: 

  • Herriarekin hainbeste lotura (afektibo, sozial, politiko eta tabernero) duen Irlandako edozein herri.

  • Saharako errepublikako herri-kanpamenduren bat. Kasu honetan ere lotura emozional ugari eta lehen urratsak emanak dagoeneko.

  • Txernobil hiri handiaren inguruko edozein herri txiki.

  • Afrika edo Hego Ameriketako edozein herri txiro.

  • Mundu zabalean  misiolari atxabaltarrek zapaldutako edozein herri.

  • ......        

Bistakoa denez zein baino zein aukera hobea. Gehienak, gainera, buenismorik jatorrenean oinarritutakoak.  Misiolariena akaso aukera arriskutsuena, susmoa baita arimak salbatzea ez ezik, kode genetikoa zabaltzea ere lortu dutela.

Dena den aipatutako edozein aukerak, esate baterako Afrikako Auskalonongo herriarekin senidetzeak zer ekar dakioke Aretxabaletari?. Bake espirituala akaso (hain gara onak...) Kultura zinegotziaren, txistularien eta beste fitxajeren baten urtean behineko bidaia. Diario Vascon Joxebiren eskutik horri laurden-lerden-lerdo pare bat... Eta eurei, auskalonongotarrei? 2 auskalonongotarrik finenentzako ikas beka bana (bat Kurtzeberrik, bestea Arizmendik). Urtean behin laguntza karabana: tiritak (ez dituzten zaurientzako), zerrailak (aterik ez daukaten etxeentzako) eta, tan-tata-txaaann, UDAren, hau da Union Deportiva Auskalonongoren, pin mordotxoa (titi puntatan piercinak egiteko, kamisetarik ez baitaukate).

Oso polita, oso erraza… baina atrezzo hutsa. Nire ustez senidetzea zerbait gehiago da. Onerako eta txarrerako egunerokotasuna eskatzen duena. Egunero-egunero bizi izatea eskatzen duena, egunero landu behar dena, egunero sentitu behar dena, egunero sufritu behar dena, egunero gozatu behar dena. Eguneroko bizipenetan eragina izango duena, eguneroko “bizipozetan” eragina izango duena. Hori guztiori baina aldamenekoak besterik ez dizu emango.

Historian zehar bananduta baino urte gehiago egin baditugu elkarren eskutik, zergatik ez horri eutsi? Nork bere bidea eginaz, nork bere aukerak baliatuz. Baina konpainian.

Ideia ausarta dirudi. Irreberentea ere bai. Brotxa lodiarekin bat-batean emandako zertzelada. Baina hau epistola irekia izanik litekeena da beste irakurleren batek zer esana edukitzea, beste hirugarren batek zer emana, laugarren batek… bueno lau askotxo izango dira, baina guztion artean hausnarrean bidea egiten asmatuko dugu (ez dit balio inork esatea zerbitzuak komunean izateko aukera edukiko dugula, txiste zaharra da eta).

Honela bada, alkate jauna, errespetu osoz eskatzen diot, eman beza lehen pausua eta luza beza berorrek Aretxabaletako Udalaren izenean Eskoriatzarekin senidetzeko gonbitea.

Ez dut erantzunik espero, dena den jakin beza berorren esanetara naukala e_pistola honetan aipatutako guztiari buruz luze eta zabal hitz egiteko berorrek hala nahiko balu edo hala portunatuko balitz.

Agintaldi oparo eta emankorra izan dezala.

Begirune osoz

Jotajota Arrieta.

Oharra: Ez litzateke urrats makala “Arabako etorbidea” izena duen kaleari izen iraingarri hori aldatzea. Egia da Arabatik etorriz gero normalean hori dela Aretxabaletan sartzeko bidea, baina baita Madriletik etorriz gero, eta Lisboatik, eta Fregenal de la Sierratik eta… Logikak eta zuzentasunak eman ematen dituzte aukerak, hala nola “Eskoriatzarren etorbidea”, “Eskoriatzarren joanbidea”, “Eskoriatzarren betorbidea”…

 

Zabaldu | Bildu

Erantzunak

nineu 2008-06-03

Buff. Proposamen arriskutsua bota duzu... Hainbeste urtetan zehar bi herriok izandako ikamikak ahaztu? Zaila ikusten dut, baina interesgarria.  

 

Ondo legoke Atxabaltako alkateak erantzutea.

oh! 2008-06-05

Atxabaltako alkatiak bestela be badauko herrixan bertan norekin senidetu, eztozu uste?

doro 2008-06-06

Jota, ze habil, San Pedrotarako eta Andramaixetarako txistularixen elkartrukerako patrozinadore bila?  

Uste dot, hala ta be, alkatez konfundiru zarela, izen be Oñati ei da Gipuzkoan senidetze gehixen dittuen herrixa... ez legoke gaixki, Oñatin be jai mordo bat antolatzen die, eta fan geike harutza be... gainera, Latzenen kontzertuakin, lehen urratsak emunda daz...

Zeuk erantzun

(ez da publikatuko) (zenbakiz idatzi)